Philippe Oyhamburu
Zatiak
"Euskal dantza ikusgarri bat da ere"
Philippe Oyhamburu-rentzat euskal dantza ikusgarri izan daiteke. Fandangoak edo mutxikoak denek emateko gisan dira baina Euskal Herrian bada bertze dantza klase bat ikusgarriari pareka daitekena. Xiberotarrek maskaradak ematen dituztelarik, aitzinetik prestatzen dituzte jendeen aitzinean emateko. Gauza bera gertatzen da Gipuzkoako edo Bizkaiko dantzarientzat eta, nola ez, pastoraletako dantzarien kasuan ere. Bertze galdera bat pausatzen da hor : antzokietan nola aurkeztu dantza herrikoiak, diren bezala ala bertze pausu bat emanez? Hortatik sortu zen baletak egiteko asmoa. Eresoinkak ez zuen urrats hori eman. Oldarra eta Etorki aldiz, baletak sortzen hasi ziren. Ez zen gauza erraza izan, ordu arte ez baitzen horrelakorik.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2012 - 19AV31
"Emazteek beti dantzatu dute!"
P. Oyhamburuk emazteak sartu ditu bere balletetan, bainan ez edozein dantzatan. Ez Bizkaiko dantzetan, basak baitira. Basak, ez erran-nahi txarrean, bainan erran-nahi ederrean. Bainan ballet batzuetan egiten dute artaxia. Artaxia zangoaren altxatzea da. Bertzenaz, gure herriko sailetan, dantza herrikoietan, Gipuzkoako dantzetan, neskak sarrarazi ditu. Fandangoetan... Nafarroan ere, neskak ari ziren eta ari dira dantzan, beti aritu dira dantzan. Gauza bera da batzuek erraten dutelarik "Eskual Herrian gizonen abesbatzak dira". Gezur haundia da! Hegoaldeko abesbatzak gehienetan mistoak dira.
Philippe Oyhamburu. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - 19AV31-32
Oldarra: euskal Baletaren sortzea (1945)
Felipe Oyhamburuk kondatzen digu nola eta zendako Oldarrak sortu zuen euskal baleta, Eresoinka dantza talde eta koru miresgarriaren haritik. Baleta – "ixtorio bat kondatzea dantzari esker" - sortzeko beharra ukan zuen, sendimendu guziak ohizko dantzen bidez soilik ez baitzezazketen adierazi. Baxenabarreko mutxikoak eta jantzi ederrak erakutsi zituen baletetan. Biarritz American Unibertsity, Biarritzen zagon soldado amerikanoen unibertsitatean ezagutu James Gonzalez-en laguntza eta ekarpena baliosa izan zitzaion, bereziki ikusgarriari erritmoa emaiteko.
Philippe Oyhamburu. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV20-21
Nortasun handiko dantza maisua
Don Segundo Olaeta nortasun handiko pertsona zen. Ez zuen frantsesa ikasi, beti euskaraz ari zen bere seme-alabekin, bizkaieraz. Bazekien jendea manatzen. Harekin, ongi ikasi behar zen, lanean aritu behar zen. Hortan biziki ona zen. Konplimendu guti baina maisu ona. Ez zen dantzari familia batekoa. Musika ikasia zuen, eta ondotik dantza.
Philippe Oyhamburu. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV12
Olaeta dantza taldeko kideak 1942an
Olaeta taldeak bi talde bazituen, helduena eta gazteagoena. Handien taldea aski ttipia zela: sei mutiko eta zortzi neska. Olaetako dantzari gehienak Biarritzeko langileak ziren, Urricarriet bikarioak bilduak. Baina horien artean bazagon ere Michel d'Arcangues, markes semea eta ere burges neska batzuk. Jontxu Hillau eta Piarres Landaburu baigorriarrak ziren. Kideen artean, Hegoaldeko iheslariak baziren: Olaetaren seme-alabak, Amilibia, Arriztizibal, Barrenetxea ahizpak…
Philippe Oyhamburu. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV14
"Besteen gana garamatzan sormena"
Etorkik bere bigarren garai profesionala bizi izan du 1966an. Pariseko eguneroko biziaz asperturik, erabaki zuten 9 lagunen artean bira bat egitea ikusgarri berri bat emanez, Loire eskualdean egonaldi batean moldatua. Ibili ziren Italian, Yougoslavian, Grezian, Turkian gaindi eta azkenik Libanen. Sei hilabete horiek bitxi izanik ere, urosak izan zirela, dio Felipe Oyhamburuk. Adixkide onak egin zituzten, bereziki Grezian. Ez zuten dirurik irabazi baina pobreagoak ziren eskualde horietan, tokiko jendeen barneko aberastasunaz anitz ikasi zuten.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2012 - 19AV27
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Philippe Oyhamburu 1921ean sortua da, Argelès-Gazosten. Hiru hilabete zituelarik, familia Montevideora joan zen (Uruguai). Biziko lehen zortzi urteak han iragan zituen. 1930ean familia Parisera joan zen. Philippe han bizi izan zen 1939 arte, oporrak Hendaian iraganez, aitaren familian. 1939an hasirik, 1976 arte, Euskal Herriaren, Pariseren eta dantza taldeekin egin zituen biren artean bizi izan zen, Oldarra (1945-1953) eta batez ere Etorki balletekin (1953-1984). Ezagutu zuen lehen taldea, 1942an, Biarritzen, Don Segundo de Olaeta bizkaitar dantza-maisuarena izan zen. Olaeta jauna 1936ko Gerla Zibileko errefuxiatua zen. 1945ean, Olaeta taldea Oldarra bilakatu zen, Philippe haren zuzendari artistikoa bilakaturik. Oldarra balletak 1953an utzi zituen, Etorki balleten sortzeko. Philippe Oyhamburu euskal balleta sortu dutenetarik da, dantza herrikoiaz eta ikusgarrietako dantzaz haratago joanez. Beti konbentzitua da euskal dantza profesionalizatu behar dela eta Euskal Herriak ballet nazional bat behar duela, munduan barna enbaxadore gisa ibiltzeko. Alabaina, Etorki balletak hainbat aldiz profesionalak izan dira (1953-1956; 1966, 1967-1969; 1972, 1976). Etorkiz geroz, Ipar Euskal Herrian ez da gehiago ballet erdi profesionalik. Horrek erakusten du abentura artistiko hori, bere denboran, zein berezia eta ausarta izan zen.
Philippe Oyhamburuk dantzari koreografo gisa izan zuen ibilbidea aipatzen du, gehienik, baina koru zuzendaria, idazlea, politikan engaiatua ere izan da (lehenik komunista eta gero abertzalea). Hiru aldiz ezkondurik, hiru alabaren aita da.