Gaia(k):

Patxi Perez

Patxi Perez

Zatiak

Dantza Piko (1990 hamarkadatik goiti)

1994ko Basusarriko bestetan ezagutu zuen bordales bikote bati esker da Patxi Perez folk munduan sartu. Bi pertsona hauek fandangoa ematen zuten ederki eta 1968ko iraultza ondoko beste hanbat bezala, saiatzen ziren beren eskualdeko eta auzoetako ohizko dantzen berrikasten (scottish, mazurka, polka barne). Patxiri eskatu zioten fandangoa erakastea ondoko abendoan Bordalen. Folk mundu horretan sartuz bezala, Patxi ohartu zen Joseba Tapia eta Xabier Leturia jadanik frango ezagutuak zeudela. Konturatu zen ere folk dantza batzu, bereziki kolektiboak, errexki erakats zitzaizkela Euskal Herriko plazetan eta dantzen errepertorioa (jauziak, fandangoa, Lantzeko ihauteria, Axuri beltza, Larrain dantza) aberats zezaketela. Tapia eta Leturiarekin hasi zen hegoaldean ibiltzen. Bestalde, Batbiru folk taldea sortu zuen Basusarrin (1997). Patxik dio gaur egun dantzaldiak kontzertu bilakatu direla eta DJ-ek, emeki emeki, orkestren tokia hartzen dutela.

Patxi Perez. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1572, 1573

"Dantzarekiko sentsazioak jendekin eta plazan partekatzeko egina naiz"

Patxi Perez-ek parte hartu du dantza garaikide sorkuntza batean, 8 asteburuz, Frantziaren erdian. 6 dantzari ziren, Bretainia, Poitou, Kataluña, Okzitania eta Euskal Herritik etorriak, koreografo garaikide baten zuzendaritzapean. Egonaldi horren karietara, paper bat emana izan zitzaien Béjart-en esaldi honekin "dantzak ahal bezain anekdota eta oroitzapen gutti behar du baina sentsazio asko". Memento berean alta, Patxik alderantzizkoa senditzen zuen: anekdota eta oroitzapen askoz betea zegoela. Gaur, nahiz eta onartu Maurice Béjart-ek errotik arrazoin zuela, Patxi konturatzen da ez dela taula gainetako ikusgarri eta sorkuntzetarako egina baina bai dantzari buruzko bere sentsazio, oroitzapen eta anekdotak jendearekin herriko plazan partekatzeko. Bere iritziaren arabera, kabalkadek edo maskaradek hari bat badute, historia bat kondatzen dute, oroitzapen eta anekdotaz josiak dira. Taula gaineko sorkuntza garaikideen (Maritzuli, Leinua, Etorkizuna) parrez par ematen ditu, hauen lehentasuna ez dela sentsu bilaketa erranez.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2015 - 19AV1578

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Patxi Perez 1966an sortua da, Baionan. Aita espainol jatorrikoa izanik (aitatxi Valentziakoa), nahiz eta ama itsasuarra izan, ez da sekula etxean euskaraz ari izan. Patxi Polo Beyris auzoaldean hazi zen, 7 urte arte. Euskal dantzak Polo Beyriseko Gazte eta Kultur Etxean (MJC) ikasi zituen, Koldo eta Maite Zabalarekin, bai eta txistua, Iñaki Urtizberearekin. 1974an, Basusarrira joan zen, haren burasoek etxea han eraiki baitzuten, eta Jean Nespriasen laguntzarekin sortu berria zen Biez Bat dantza taldean sartu zen.

Haren irakasleen artean, Peio Irachabal, Claude Iruretagoyena, Pantxika Zubiria eta Pierre Betelu badira. Azken honen bidez, Donibane Lohizuneko Begiraleak taldean sartu zen, 1983an eta Lapurdiko jauzien, mutxikoen, berriz pizten azkarki parte hartu zuen.

Garai berean, 1982ko irailetik 1984ko ekaina arte, Dassault eskolako ikasle izan zen. Formakuntza horren ondotik, soldadugotik dispentsaturik, euskara ikasi zuen, 1985-1986 urteetan, eta euskal dantzaren eta musikaren alorrean engaiatu zen.

1986an, Dassault lantegian hasi zen, baina ohartu zen ez zela hortan lan egiteko egina. 1992an, enpresatik borondatez joateko plan batez baliatu zen handik ateratzeko eta, urte berean, dantza irakasle gisa plantatu zen, eskolako publikoari, dantza taldeei eta helduei zuzendurik. Hamahiru urtez horretan lan egin zuen, denbora berean, 1997tik goiti, Agnès bere emaztearekin, folk dantzaldiak animatuz, Patxi Eta Batbiru taldearen bidez.

2005ean, irakaskuntza utzi zuen eta gehienik folk dantzaldietan ari izan zen, Patxi eta Konpania talde berriarekin.

Patxi Perez hiru haurren aita da.