Patrick Queheille Kanpo
Zatiak
Barkoxeko dantza maisuen erakusteko manera: Jean-Pierre Üthürry "Artaguiet"en adibidea
Patrick Quéheillek aipatzen ditu bere dantza ikasketetan ukan dituen aholkuak. Erraiten du beti entzun duela Barkoxeko erakasleek nahiago zutela urrats sinple bat ongi emanik, urrats zaila baten gaizki emaiteko ordez. Jean-Pierre Üthürry "Artaguiet"-ek, 1984ko maskaraden prestatzeko ukan zuen erakasleak,frisat gaizki hetsiak edo gaizki kurutzatuak ez zituen pasatzera uzten. Nahiago zituen frisatak ttiki emanik baina ongi kurutzatuak eta hetsiak. Patrick-ek kondatzen du Artegieten sukaldean ikasia. Gazteak dantzan ari zirelarik, erakaslea jarria zegoen supazterrean, so. Baina xutitzen zelarik urratsen erakusteko eta xuxentzeko, bere 40-45 urtekin, Patrick-ek dio, 20 urtetako gazte guziak, ttikiak senditzen zirela bere parean. Haiek kiroleko jantziekin etortzen ziren, Artegiet aldiz laneko galtzak zituen. Baina harrituak eta isilik egoten ziren, entrexatak egiten zituelarik, galtzek egiten zuten azantz motzaren entzutean.
Patrick Queheille Kanpo. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1081
Moneinak dantzaren ikasteko manera berezia
Patrick Quéheillek emaiten du Alexis "Larranda" dantza erakasleak zuen metodo berezia Moneinak jauziaren ikasteko. Bere sukaldean gazteak bildu eta, dantza hasi gabe, jauziaren urratsak kopiarazten zituen bakoitzari, haiek ez zakitelarik ere zer idazten zuten. Patrick-ek dio luzaz atxiki zuela paper hori, gorriz idatzia.
Patrick Queheille Kanpo. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1078
Sorkuntzaren bidea Xiberoan azken 30 urteetan
Xiberotarrek ikusgarrien ikusteko duten gosea azpimarratzen du Patrick Quéheillek. Gose honek gogoa emaiten die gazteei, maskaradetan eta pastoraletan parte hartzeko edo jai berrien sortzeko. Oroitzen da nola sortu zen tirria hori duela 30 urte Xiberoan: Uhaitza elkartearen "Gaüaldia" eta Pier Pol Berzaitzen obrak lehenetarik izan ziren. Ondotik ainitz izan dira bakoitzaren ahalekin. Xiberotar publikoaren sustenguari esker, sorkuntza artistikoaren geroa Xiberoan baikorki ikusten du Patrick-ek.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2013 - 19AV1092
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Patrick Queheillek, 1964ko azaroaren 6an Oloroen sortua, Kanpo etxean bizitzen segitzen du. Barkoxeko herriko eskolan ibili zen, gero Oloroeko kolegioan, eta baxoa Pauen erdietsi zuen. Hainbat urtez industriako mekanikan lan egin zuen, eta gero Barkoxeko herriko langile bilakatu zen, 1990eko urteetan.
Hamar urteetan xiberotar dantza ikasten hasi zen. Ondotik, utzi zituen, kirolean aritzeko (errugbia, pilota). Gero, dantzan berriz hasi zen, Jean-Fabien Lechardoyk eta beste batzuek osatu taldean. Alexis Üthürry "Larranda" eta Jean-Pierre Üthürry "Artaguiet" irakasleen irakaskuntza zorrotza segitu zuen. 1979tik goiti, maskaradetan parte hartu zuen, eta 1986an Etxahun pastoralean, Satan dantzari gisa.
Patrick Barkoxeko Etxahun elkarteko oraingo lehendakaria da. Hainbat sorkuntza muntatu dituzte, kultur biziaren aberasteko eta formatzen dituzten dantzari gazte anitzen sustatzeko xedez (Lauburu, Haurren maskarada, Gaialdia, Nahas-Mahas, Kuku Gordeka), bereziki Uhaitza kultur zentroak lagundurik. 1998an, Alexis Etchecopar "Attulik" sustaturik, pastoral idazten hasi zen. Herriko semeak pastorala izan zen.
Memoriaren biltzeko egiten duen lanaren fruitu, 2010ean, Xahakoa obra idatzi zuen, Attuli musikagilearen omenez.
Geroan sinesten du. Dantza irakasten segitzen du, kultur ohitura horiek iraun dezaten, nahiz eta kirolaren lehia pairatu.