Pantxika Telleria
Zatiak
"Dantzak eta kantuak biziarekiko lasaitasun bat ematen dute"
Pantxikak betidanik mugimendua maitatu izan du. Ttikitan, lotsarik gabe hasiko zen fandango bat ematen, jakin ala ez. Familian musikariak bazituen. Euskal dantza, dantza klasikoa edo garaikidea : etiketak ez ditu gustoko. Beti bizi izan du dantza, dantza bezala. Garrantzitsuenak transizioak direla dio. Euskal dantzan, dantza klasikoan ikasi transizioak baliatzen ditu. Dantza herrikoia preziatzen du adineko jendeek ere parte har dezaketelako. Espazioak markatzea ere biziki garrantzitsua zaio. Norbaitekin zerbait bizitzen delarik, nonbait betirako markatua egoten da. Dantzak eta kantuak biziarekiko lasaitasun bat ematen diotela dio, "gerta zer gerta, onda hori ezin dela sekulan gelditu"." Bere amatasunak biziki markatu du bere dantzari bizia ere, dantza materien bitartez bizi baitu. Euskal dantza den ala ez? Materiaren eta mugimenduaren arteko lotura da interesatzen zaiona.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1351, 1353-1354, 1359
"Denek dugu dantzatzeko ahalmena"
Pantxika Telleriak dio bakoitzak gure dantzatzeko bidea atzeman behar dugula. Feldenkrais metodoa aurkezten digu. Denok badugu dantzaren ahalmena. Onartzea, erakustea, besterik da. Norbere gorputzean zentratu behar da, sentsazio batzuk berriz aseguratu... bada eguneroko lanaren beharra. Moshé Feldenkrais zientifiko eta kirolariak plantan ezarri zuen metodoa baliatzen du Pantxikak. Gizon hori zauritu zen. Bere zangoa berreskuratzeko, metodo bat eraiki zuen. Metodo hori etzanez bideratzen da. Etzanik, nerbio sistemak deskonektatzen du grabitateari buru egiteko behar duen indarra. Orduan, klasearen eramaileak mugimenduarekiko bide bat proposatzen du, soilik hitzen bitartez. Denok desberdinki interpretatuko dugu mugimendu hau. Mugimendu sinpleak dira, baina itxi ditugu, handitzean. Batzuetan patologiko bihurtu arte. Hor, gorputzari berriz bere bideak atzematea proposatzen zaio. Pantxika beti saiatzen da interpreteak konfiantza giro batean ezartzera. Interpreteak ulertu duelarik konfiantza egiten zaiola, gai da edozein eskaera gainditzeko eta interpretazio maila eramanen du behar den punturaino.
Pantxika Telleria. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1356
"Tradiziorik ez da"
Pantxika-rentzat tradiziorik ez da. Dantzak bizirik izan behar du transmititua izateko. Dantzan, mugimenduaren kalitatea eta arnasa bilatu behar dira.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1357
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Pantxika Telleria 1972an sortua da, Donibane Lohizunen. Hiru haurreko familia bateko zaharrena da eta gazte-gazterik, dantza gustatu zitzaion. Lehenik, Begiraleak dantza talde herrikoian sartu zen, eta 13 urteetan, burasoei erran zien dantzaren munduan lan egin nahi zuela.
1987an, Pariseko Nazio Kontserbatorio Nagusian sartu zen baina 1989ko maiatzean, belaunean zauriturik, hango ibilbidea utzi behar izan zuen. Herrira itzuli zen, ikasketak berriz hasi eta Begiraleak taldean berriz sartu zen. Ez zuen dantza lanbide bilakatzeko ideia utzi eta 1996an, Bordeleko CEFEDEM eskolan, dantza irakasle diploma erdietsi zuen.
Oharturik sorkuntza plantan ezartzea nahiago duela, interpretatzea baino gehiago, EliralE konpainia sortu zuen, 2001ean, eta geroztik, urte guziz koreografia berria ateratzen du. EliralEk publiko gazteari zuzendu sorkuntzak egiten ditu, batez ere, eta beste diziplina batzuetako artistekin (antzerkia, musika, dantza) elkarlanean ari da.
Konpainiak euskaraz egiten diren dantza klaseak ireki ditu, haurrei zuzendurik. Pantxikaren bi haurrek han parte hartzen dute. 50 urteko emazteei zuzendu klaseak ere ireki ditu.
Emozioa eta mugimendua Pantxika Telleriaren praktika gidatzen duten bi gako hitz dira. Dantza eta euskal nortasuna lotzen dituzte.