Gaia(k):

Michel Aurnague

Michel Aurnague

Zatiak

Dantza jauzien estetika

Michel Aurnaguek dio Faustin Bentaberryk entrexatak sartu zituela jauzietan. Entrexaten eraginez, jauziak pixka bat zaluago ematen hasi ziren. Lehenago, jauziak biziki erreposki ematen zituzten. Guilcher ikerlariak bere liburuan hori erraiten du, neurria ere ematen du metronomoaren bidez. Gaur beren lehengo estetika galdu dute, abiaduraren eta erritmoaren aldetik. Dantza jauziek bazituzten erritmo eta pultsazio bereziak. Beñat Galtxetaburuk akordeoiz lortzen zuen erritmo hori pasaraztea. Nola ematen ziren ulertzeko, Beñaten edo Maurizio Elizalderen grabaketak entzun behar dira, edo Xiberora jo behar da, Jean-Mixel Bedaxagar edo Mixel Etchecopar-en entzutera. Erritmoa biziki inportantea da dantza horietan, bihotzaren taupadak bezala. Orain, abiadura anitzez zaluagoa da eta, gainera, pultsazio horiek galdu dira. Jauziak ez ziren dibertitzeko dantzak baina dantza solemneak, erritual bat. Seriotasun bat galdegiten zuten. Denek ez zituzten jauziak ematen ahal. Eta ematen zituzten artean, bazen ordena bat, etxe bakotxak leku bat bazuen. Eta horregatik ziren emeki eta serioski ematen. Jauziak XVI.-XVII. mendetik goiti garatu dira. XVII. eta XVIII. mendeetan, garapen aldia izan da. XIX. mendean garatuak ziren eta gero beheiti joan dira. Atabalariaren erritmo hori biziki inportantea da. Musikak behar ditu isiluneak, bere baitan. Hatsa behar du. Orain itoa bezala da, ez zaio gehiago hatsik ematen, ez da denborarik hartzen. Baztango mutil dantzetan badira beti pultsasio horiek. Mutil dantzariek badute oraino taupada hori, itzultzen direlarik.

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1494

Dantza jauzien zeregin soziala

Michel Aurnaguek dio Guilcherren liburuko 700 orrialdeetarik 250 jauziei buruzkoak direla. Galdera bat agertzen da: "Nolaz dantza hain konplexuak, hain ongi egituratuak, landuak izan ahal dira laborari edo baserri giro batean?". Guilcherrek ez omen zuen hori nehon ikusia. Alta, Europako dantza tradizio guziak ezagutzen zituen. Hori normalki errege gorte baten inguruan gertatzen zen. Han, bazituzten erritoak, musikari eta dantzari profesionalak... Michel Aurnaguek, Julio Caro Barojak bezala, pentsatzen du Euskal Herriko dantza kolektiboak eginak izan direla gizartearen egituren eta ordenaren agertzeko, gizartearen mailak eta sailkapenak... Dantzen ulertzeko, euskal gizarte zaharrari lotu behar zaizkio. Denek ez zuten dantzatzen, etxe guziak ez ziren ordezkatuak. Ez ziren dibertitzeko dantzak, baizik eta dantza solemneak. XVI.-XVII. mendetik hara, genero hori garatu zen Euskal Herrian. Arrazoia euskal gizartearen egituretan aurkitzen da. Dantza kolektibo horiek euskal gizartean betetzen zuten zereginean. Biziki inportanteak ziren gizartearentzat, eta horregatik landu dira, beren bidea segitu dute.

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1497

Lapurdikotzat emandako jauziak

Nahiz jauziek herri izena ukan, Milafrangarrak edo Azkaindarrak bezala, ez du erran nahi hor sortuak izan direnik, dio Michel Aurnaguek Jean-Michel Guilcherren erranen haritik. XIX. mendean kasik desagertuak zirelarik Lapurdin, Milafrangarrakjauziak biziki errotuak ziren Baxe Nabarren, bereziki Garazi-Baigorrin eta Oztibarreraino, "jauzien gotorlekua ».

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1496

Faustin Bentaberry, musikari profesionala

Faustin Bentaberry sortu zen 1869an Izpuran. Arotz baten semea, soinulari familia batekoa. Klarineta ikasten du, Donibane Garaziko Lyre “gorrien” musika eskolan, eta profesionala bilakatzen da. Faustin Bentaberry lehenetarikoa izan da musikaz eta dantzaz bizi izan dena: klarineta jotzen zuen eta solfeoa menperatzen zuen. Haren osaba eta aitatxi, musikariak zirenak, musika gogoz ikasten zuten, solfeoa ez zakitelako.

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1486

Musikariaren soldata

Musikaria ordaindua zen. Faustin Bentaberry-ren orkestraren denboran (1910 eta 1936 urteen artean), 100 libera irabazten zuen, egun osoko. Michel Aurnaguek pentsatzen du Faustin ez zela sekula jotzera ateratzen soldatarik gabe. Horretaz bizi behar zuen. Musikariek lehenago ere beti zerbait pagarazten zuketen. XIX. mendean jadanik, tobera-mustretan eta, baziren gastu frango, ez bakarrik jauntzienak, musikariak ekarrarazi behar ziren eta pagatu. Michel-ek pentsatzen du aspaldikoa dela musikarien pagatzeko ohitura, menturaz ez beti diruz, baina bederen janariz edo beste molde batez. Aldiz, Faustinek gazteei jauziak irakasten zizkielarik, ez zukeen dirurik hartzen. Kontsideratzen zukeen bere betebeharra zela jakintza hori beste belaunaldiei pasaraztea. Bestenaz, ezteietara edo bestetara joaten zelarik, gauez, zenbait aldiz hiru egunez, urrun, Isturitzera, Lekornera... pagatzen zuten. Gainera, orkestrarekin, errepertorio berriak erregularki lantzen zituzten, partizioak kanpotik ekarraraziz. Harpidetzak ordaintzen zituzten. Orduan, musikariek ere bazituzten gastuak. Egun batez, Donibane Garazin ari zirelarik, norbait gelditu zitzaien eta ehun libera eman zien, erranez biziki ongi jo zutela. Denbora hartan, anitz zen, zeren bakotxak hori irabazten baitzuen egunean. Baltsa bat jotzen ari ziren. Geroztik baltsa hori izendatu zuten "100 liberatako baltsa".

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1489

Faustin Bentaberry dantza maisua

Faustin Bentaberryk Baxe Nabarreko jauzietan entrexatak sartu zituen, euskaldunak sorginak dantza sortu zuen, bai eta kontradantzak. Michel Aurnaguek dioenez, Faustin Bentaberryk zuen entrexaten teknika Garazin sartu, dudarik gabe Xiberoaren eraginez. Faustinek moldatu zituen Baxe Nabarren emateko eta sistematizatu zituen. Orain, kasik urrats guziak entrexatez ematen dira, salbuespenak salbuespen. Dantza batzuk ere sortu zituen, adibidez, kabalkada guzietan orain ematen den martxa. Ordu arte bolant dantza bakarrik egiten zen kabalkadetan edo kaskarot martxa, Lapurdin. Biziki emeki aitzinatzen da dantza horrekin. Beraz, ibilaldian fiteago joateko, kadrilleak erabili zituen, urratsak asmatuz. Bada paraleloa Xiberoarekin: pastoraletan, giristinoak sartzen direlarik beti biziki pausatuak dira, solemneak. Aldiz, Turkoen musikak beti biziak dira eta gehienetan XIX. mendeko kadrilleak dira. Gero nola ez aipa euskaldunak eta sorginak! Hori, Londresera joateko sortu zuen, ohartu baitzen taulagain batean emateko eta kanpotiarrendako agian jauziak pixka bat aspergarriak zirela. Garaziko lau kontradantzak ere Faustinek sortu zituen. Modan jarri ziren eta dantzaldietan jendeak beti galdegiten zituen.

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1487

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Michel Aurnague 1963ko martxoaren 18an sortua da, Baigorrin. 3 urte zituelarik, familia Uharte-Garazira bizitzera joan zen. Gazte denbora han iragan zuen. Eskola publikoan ikasi zuen, gero Donibane Garaziko Zitadela kolegioan, eta Baionako René Cassin lizeoan baxoa erdietsi. Goi mailako ikasketak egin zituen Bordelen eta Tolosa Okzitanian, non, informatika linguistika tesia aurkeztu baitzuen, 1991n. Urte berean, Ikerketa Zientifikoaren Nazio Zentroan (CNRS) sartu zen. Geroztik, frantsesari eta euskarari buruzko semantika lanak eramaten ditu: CLLE-ERSS (Kognizioa, Hizkuntza, Mintzairak, Ergonomia), Toulouse-Le Mirail - Jean Jaurès Unibertsitatean.

Michel Aurnague 10 urteetan hasi zen dantza eta txistua ikasten. 12 urteetan, bere herriko kabalkadan eta Garaztarrak taldean sartu zen (Donibane Garazi). Han parte hartu zuen, 1975etik 1995era (1982 eta 1987 artean, Etorki eta gero Oldarra Euskal Balleta eta Koruetako kide ere izan zen).

Bere familiak soinulari familia batzuekin (Bentaberry, Bourdette, etab.) zituen loturez baliaturik, 1978 eta 1983 urteen artean, lekuan lekuko inkesta bat eraman zuen, Garaziko musikari eta dantza-maisuei, kabalkadei, galarrotsei eta dantza jauziei buruz zuzendua.

Hainbat koreografia egokitze eta sorkuntza abiarazi ere zituen (Garaztarrak taldearentzat: 1981-1991; Etorki: 1984; Kontrapasak: 2001). Hainbat egitasmotan parte hartu du, bai taula gainekoak, bai diskoak (Enrike Zelaia Baxe Nabarra: 1995; Eüskal Spiritü: 1999; Xut Zahar Berri Fanfarrea: 1999, Leinua txaranga Anaban: 2001).

Michel Aurnaguek, Jean Aurnague bere lehengusu organo jolearekin, Philippe Oyhamburuk (Etorki) 1984an sortu Euskal Urrats balletaren musika asmatu eta jo zuen. Gainera, 1987an, Baionako kontserbatorioko urrezko medaila erdietsi zuen (txistu).

Azkenik, Dantzaz ele erakusketaren asmatzaileetarik izan zen (1995), bai eta Donibane Garazin 1982an eta 1995ean iragan ziren Baxenabarreko kabalkada eta Besta Berri elkarretaratzeetako antolatzaileetarik.