Luixa Etchepare
Zatia
Gerezieta eta Lekorne arteko guduka
Gerla ondoan, Gerezietako behereko plazara joaiten zen Luixa baina ilun zeinean etxeratu behar zen. Gerezietak bere bi plaza, eliza eta eskolarekin Lekorneko biztanleen jelosia sortzen zuen. Garai batez « ez zuten elkarren amodio handirik ». Luixa oroit da, Lafitte bere nausi zenak kondaturik, nola Lekornekoek harrikatzen zituzten gerezietarrak hauen herrira hurbiltzen zirelarik besta egiteko. Geroztik egoera onera egin du: bi herrietako gazteak elgarrekin ari dira, izan bestetako, Besta-Berrin, ala eskolan edo elizan.
Luixa Etchepare. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1467
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Luixa Etchepare 1922ko azaroaren 16an sortua da, Heleta Gaineko Etxean. Zortzi haurreko etxetiar familia bateko bigarrena da. Heletako eskola pribatuan ibili zen, 10 urte arte (hiruretan hogei haur inguruko gela bakarra). Gero, bere ahizpa nagusiaren osagarri arazoek, asmatikoa baitzen, Zuharritze auzoaldeko etxe batean lan egitera obligatu zuten (haurren artatzea, abereen deiztea, etab.), haren ordezkatzeko.
Etxe hartan lau urtez ari izan ondoan, azkenean, herriko dendari kurtsoak segitu zituen, satisfos (dendaria izan nahi zuen). Baina 1938ko otsailean, Lafitte familiaren zerbitzuan sartu behar izan zuen, Iparragerrian (Lekorneko Gerezietan). Han, urteetan parte hartu zuen Germain Lafittek 1930an sortu Lafitte enpresaren garapenean (mintegiak, baratzeak), etxaldeko lana denbora berean gelditzen ikusiz.
Luixak Germain eta Yvonne Lafitteren hiru alabak artatzen zituen (Germain Lekorneko auzapez ere zen eta Yvonne errientsa). Haietarik bi, Marie-Andrée eta Emilie, enpresan sartu ziren, 1960an.
Luixak etxeko intendentzia ere kudeatzen zuen, beharrez langileei jatera emanez. 1986an, erretretan sartu zen baina Germain et Yvonne Lafitte artatzen segitu zuen, zendu ziren arte (1993ko maiatzean eta martxoan).
Beti Iparragerrian bizi da, nahi ala ez hartu baina orain arrunt laket duen etxean.
Heletan eta Lekorne Gerezietan iragan biziaren oroitzapen zenbait aipatzen dizkigu.