Laurent Urruty eta Graxi Maya
Zatiak
Besta-Berriko dantzariak Gerezietan (Lekorne, Lapurdi)
Laurent eta Graxi, Battitta Urruty dantza maisuaren seme-alabek, Gerezietako Besta-Berriren lehen edizioak kondatzen dizkigute. Desfilearen ibilbidea zehaztu ondoan, dantzarien izenak eman dizkigute, bi oilarrenak eta lau zapurrenak, azpimarratuz azkenik Joset Pochelu makilariaren talendu handia.
Laurent Urruty - Graxi Maya. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1502
Ferdinand eta Battitta Urruty, Gerezietako (Lekorne, Lapurdi) dantza maisuak
Laurent eta Graxik beren aitatxi Ferdinand Urruty eta Battitta aitaz oroit dira. Besta-Berri baino hilabete bat edo hilabete eta erdi lehenago, dantzak erakusten zizkien dotzena bat mutilei Agerria sortetxean. Battittak lehen urratsak erakusten zituen kantatuz: "Bat eta biga eta hiru, Tomasek hola egiten du", gero markatuz ahoko soinua joz.
Laurent Urruty - Graxi Maya. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1501
Mutxikoak emanak Urruty familiako elkarretaratzetan Gerezietan (Lekorne, Lapurdi)
Agerria sortetxean, Laurent Urruty eta Graxi Mayaren amak urtero familiako bazkaria egiten zuen. Aitaren hamabi haurrideak elkarretaratzen ziren, berrogeita zenbait jende, orotarat. Egun hortan, mutxikoak ematen zituzten, aldi oro. Edo bazkal aitzin edo bazkal ondoan, edo ezkaratzean edo ate aitzinean, denak mutxikoetan aritzen ziren. Domingo Agerrek zuen musika jotzen. Ohitura horrek aitaren lehenbiziko haurridea 1972an hil arte iraun zuen. Graxiren ezteietan ere, denak joan ziren, bide gainean, dantzatzera. Mutxikoak eman zituzten.
Laurent Urruty - Graxi Maya. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1503
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Graxi Urruty, ezkontzaz Maya, 1941ean sortua da, Bildarritz auzoaldeko Agerrean. Bildarritz herriko etxearen aldetik Aiherrari lotua zaio, eta elizaren aldetik (eliza, hilerria) Gerezietako parrokiari (Lekorneko herria). Etxetiar familia bateko bosgarrena da. Lau anaia baditu. Haren aita, Battitta Urruty, haur anitzeko familia batekoa zen (15 haur, horietarik 12 bizirik), familia horretako seme gehienek, jauzi (mutxiko) dantzari trebeak izateko fama dute. Aitaren aldeko aitatxi Ferdinandek (1872- 1948), bera ere biziki dantzari trebea izanik, herriko gazteei mutxikoak irakasten zizkien eta maite zuen bere semeekin Gerezietako plazan dantzatzea.
Graxi, Ferdinanden alabatxia, Atezaineko (Lekorneko herria) eskola publikoan ibili zen, 14 urteetan zertifikata erdietsi arte. Gero, bi urtez menaiu atxikitzaile irakaskuntza segitu zuen. 1956 eta 1964 urteen artean, etxean eta kanpoan lanean ari izan zen (sasoiak, Luhuson eta Biarritzen, gero Hazparneko Mongour-Amespil zapata lantegian, 1963ko martxotik 1964ko urri arte). 1963ko agorrilaren 10ean ezkondurik, lehen haurdunaldian lantegiko lana utzi zuen, 1976an lau haurrak hazi eta, berriz hasteko. Lafitte landaretegian lan egin zuen, 1979tik 1999 arte, eta erretretatara joan zen, 58 urteetan.
Haren anaia ere, 1937an sortu Laurent Urruty, Atezaineko eskola publikoan ibili zen, 13 urte arte. 11 urteetarik goiti, oporren denboran, bere haurride batzuk lagundu zituen, Makean. Gero, mutil gisa ari izan zen, hainbat lekutan: ttantta baten etxean, Luhusoko Agerrian, herri bereko bertze etxe batean, Etxeberrian, 15 eta 19 urte artean (1952-1956), Ezpeletan (1956-1958) eta azkenik, Zalgizen, Boncolac enpresako jabearen etxalde batean (1958-1964). 1964an, tindu langile zertifikata (CAP) gainditu zuen Baionan. Langile gisa lau urtez ari izan eta 1971ko uztailaren 1.ean bere kontu jarri zen, Jean-Baptiste bere anaiarekin, 1997ko urte hondarrean erretreta hartu arte. Jean-Baptistez gain, Laurentek beste bi anaia bazituen (Joseph eta Ferdinand), biak zenduak, eta arreba bat (Graxi).
Graxi eta Laurent aitatxiz, aitaz eta Lekornen dantzak zuen lekuaz oroitzen dira.