Gaia(k):

Joset Jaureguiberry

Joset Jaureguiberry

Zatia

"Aurreskua ematea ohore bat da"

Joset Jaureguiberryk ez du maite mintzatzea, herabea da, aldiz nornahiren aitzinean dantza dezake. Dantzaturik izan du Amerikako kontsularen aitzinean, kardinal baten aitzinean ere, berdin zitzaion. Aurreskua ematen zuen bereziki : ohore bat da Joset-entzat, ohore dantza bat baita. Etxean entrenatzen zen, sukaldean. Hanka altxatzen zuen dilindan zauden urdaiazpikoak hunkitu arte. Haren ustez, dantza ikasteko barnetik maite izan behar da. Dantzak anitz lagundu du bere herabetasunaren menderatzen.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1372

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Joseph Jaureguiberry 1930eko irailaren 29an sortua da, Teilaria etxaldean, Donibane Lohizuneko Xantako auzoaldean (oraingo Xantako kolegioaren lekuan). Haren burasoak etxetiarrak ziren. Lehenago, Xantakoenian bizi izan ziren (oraingo golfaren lekuan). Joseph sei haurreko familia batean hazi zen. Haien arteko zaharrena ere, Hélène, Eleketa programaren karietara filmatua izan da. San Josepe eskolan ikasi zuen. Soldadugoa bururatu eta, 1952an, Telesforo eta Maria Josefa Monzonen Portu Etxeberria etxaldean lan egin zuen (martxuka gorrigintzan, besteak beste). 1955ean ezkondurik, hango etxezain bilakatu zen. 1970ean, 18 urtez De Monzon familiaren zerbitzuan egon ondoan, laneko bizitegia utzi zuen, Urdazuri auzoaldean apartamentu bat erosi eta Donibane Lohizuneko herriarentzat lanean hasi zen. Erretreta 20 urte berantago hartu zuen, 1990ean. Joseph Jaureguiberry Donibane Lohizuneko bizi soziokulturalean ari izan da, bereziki dantzaren bidez. Gerlatik landa, 14 urte zituelarik eta amak sustaturik, Begiraleak dantza taldean sartu zen. Philippe Oyhamburu dantza-maisuak dantzaren maitasuna eman zion eta, urte bat berantago, Biarritzeko Oldarra taldean sartzea proposatu zion. Josephek han dantzatu zuen, 23 urte arte, denbora berean Begiraleak taldean ere dantzatzen segituz.

1960ko urteetan Begiraleak taldea berriz pizten lagundu zuen. Lehenik, dantzari trebea izan zen eta, gero, gazteei irakatsi zien. Alabaina, 27 urteetan Donibane Lohizuneko taldea utzi zuen eta 38 urteetan berriz sartu zen, irakasle gisa. Gero, lekukoa Betti Beteluri utzi zion. Hau Lapurdiko jauzien eta inauterien sustatzailea izan zen. 

Joseph Jaureguiberryk Donibane Lohizuneko parrokiaren bizian parte hartzen du. Don Txomin Onaindia bikarioak sustaturik, Besta Berriko pabiloia eraman zuen, berrogei urtez, 72 urte arte. Joseph Jaureguiberry bi haurren aita da. Biek familia sortu dute.