Jose Cazaubon
Zatiak
"Dantzak bakarrik ez du interes handirik"
Jose-rentzat dantzak bakarrik ez du funts handirik. Bere benetako balioa bertze arte motei lotzean hartzen du. Beretzat, dantza ez da bakarrik neskentzat egina. Aitzitik, Ezpata dantza edo Makil dantzak mutilenak iduritzen zaizkio. Dantzari esker, bidaiatzeko aukera frango izan ditu. Lagun giroa bilatzeaz gain, militantziaz ere dantzatzen du. Musika, kantua edo bertsua hauta zezakeen, taula gainera igotzeko parada eskaintzen dutelako eta lagun giro bat ere bai. Dantzatzean sentipen desberdinak baditu : plazerra, harrotasuna, urduritasuna. Bere ustetan, aberastasun emozional hori posible da ate guziak irekiak direlako. Dantza soilik dantzarentzat delarik, teknika hutsean mugatzen den performantza saio batean lerratzeko arriskua bada, giza harremanak kontutan hartu gabe.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1377-1378, 1385-1387
Dantza, plaza eta gazteak
Euskal dantzak funkzio sozial bat badaukala dudarik ez du Jose Cazaubonek, Zpeiz-Mukaki taldearekin bizi izan duen esperientzia berme. Azkainen berriki, Elirale konpainiak ihauteriak antolatu ditu Kilika gaztetxearekin eta Kornelio musika eskolarekin, baina gazteak ez dira plazan agertu. "Plaza ez da gehiago gazteena, ez dakit nun elkartzen diren", dio Josek.
Jose Cazaubon. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1386
Lanaren ondoan, dantza balbula gisa
Jose Cazaubonek bere ibilbidea aipatzen du. "Intermitantea nintzelarik, Zpeiz-Mukaki segitzen nuen ondoan eta Primadera dantza taldea ere", beharrezkoak dituen aktibitateak, lagunekin partikatzeko, jende berrien edo toki batzuen ezagutzeko, besta egiteko, kantuz aritzeko.
Jose Cazaubon. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1384
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Jose Cazaubon, 1982ko maiatzean Baionan sortua, lehen bi urteetan Biarritzen bizi izan zen eta gero Arrangoitzen, bere aitaren sorterrian, anaia ttipia sortu eta. Seaskan ikasi zuen, Arrangoitzeko ikastolan, gero Kanboko Xalbador Ikastegian eta azkenik Baionako Bernat Etxepare lizeoan.
Arrangoitzeko ikastolak, Betti Betelu dantza jauzien biziberritzailearen omentzeko, 1979tik goiti antolatu Mutxikoaren Egunean izan zuen dantzako lehen esperientzia. Nahi ala ez, 1994an, 12 urteetan kolegioan sartzean, Arbonako Primadera dantza taldean sartu zen eta azkenik Basusarriko Biez Bat taldean (1990eko hamarkadaren bukaera-lizeoko denboraren hastapena). Biez Bateko beste zortzi dantzari gazterekin, Zpeiz Banako taldea sortu zuten. Haien sorkuntza bakarrak mutikoen dantza bat berritzen zuen (banakoa). 2007an, Zpeiz Banakok Zpeiz Mukakiri lekua utzi zion. Mutiko taldeak, kilt arropa eta boneta jantzirik, gitarra elektrikoaren soinuan eta rock erritmoan, hamar bat dantza herrikoi berritzen zuen. Josek hainbat biratan parte hartu zuen, atzerrian ere (ikus 19 AV 1378). 2003tik goiti, Jose dantza irakasle izan zen, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrean (2003-2006), eta gero dantza talde desberdinetan eta lehen mailako eskoletan. 2003az geroz ere, Claude Iruretagoyenaren Maritzuli konpainiaren sorkuntzetan (Ingura Mingura, Côté cour Côté Jardin, Kutx ala Pil) eta Christian Larralderen Anaigazteak konpainiaren sorkuntzetan (Bidean Zehar, Bodarin) parte hartu zuen. Kutx ala Pil sorkuntzak Benoît de la Vignerekin xiberotar dantzen ikasteko parada eman zion. 2009an, ikuskizunetako intermitente estatua hartu zuen eta Pantxika Telleriaren EliralE konpainian sartu zen. Gaur egun, koreografia lantzen du, bai eta ohiko dantza irakasten (dantza eskola desberdinetan).
Jose Cazaubonek hiru hitz nagusi ditu dantzaren aipatzeko: plazerra (Zpeiz Mukaki, lagunen arteko dantza, emulazioa), transmisioa (Primadera taldean 7 irakasle boluntario dira) eta, azkenik, alderdi estetiko eta teknikoa. Lehen bi nozioak, dantzaren eginkizun sozialari loturik, garrantzitsuenak dira, haren iduriko, “dantzatzeagatik dantzatzeak” ez baitu zentzurik.