Johañe Etchebest
Zatiak
"Ez gaituzu dantzan ari puntuen lerrokatzeko baizik, baina bai harremanen ukaiteko"
Dantza ez da urratsa edo estetika baizik, kultura bati lotua da. Monzon pastorala Bergaran ematean, izigarriko indarra senditu zuen Johañek publikoaren ganik. Emozio harrigarria. Euskal dantza euskal kulturari lotua da. Xiberotar dantzek beren egiazko zentzua maskaradetan hartzen dute, beste probintzietakoek ihauterietan. Dantza idekidura bat da, taldeen artean harreman sortzaile. Beste dantza moten ezagutzeko eta preziatzeko parada ematen du , hala nola Hip-Hop dantzariekin "Barbau Hamalau" ikusgarria kari. "Nahiz kultura oso desberdina izan, dantzatzeko maneran eta filosofian oso berdinak gintuzun!" dio Johañe Etchebestek.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1406, 1411-1412
Dantzariaren eta musikariaren arteko lotura
Johañe Etchebest-ek dantza errepikak musika grabatuarekin ezagutu ditu. Beranduago ohartu da dantzariaren eta musikariaren arteko harreman hertsi hortaz. Txistulariak dantzaria begiratzen du jotzen duelarik eta dantzaria musikariak ematen duen doinuari eta erritmoari lotzen da. Bien arteko harremana ezinbestekoa da.
Johañe Etchebest. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1405
Katti Larrandaburu eta Jean-Pierre Recalt dantza maisuak
Johañe Etchebest-ek dantza maisu ezberdinekin ikasi du. Katti Larrandaburuk gorpuztasunean estetika bat erakatsi dio, gorputza nola atxikitzen den, zehaztasuna. Dantza klasikoaren eragina bere erakaskuntzan azpimarratzen du. Zorroztasun bat transmititu dio, adibidez pausuak hesteko maneran. Jean-Pierre Recalt-ek aldiz pausuen zentzua eta logika erakutsi dio: pausu bat zergatik eta noiz sartzen den (entrexanta bat nun eginen den adibidez). Lurrarekiko harremana ere aipatzen du. Erritmo ezberdinekin jostatzea ere transmititu dio eta pausuetan erritmo ezberdinak nola sartu. Ondotik, Johañek pausuak interpretatzeko manera ezberdinak erakusten ditu: pausu bat hesteko manera ezberdinak, pausu bat erritmo ezberdinakin egitea.
Johañe Etchebest. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1405
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Johañe Etchebest, 1980an Oloroen sortua, Xiberoan hazi zen, Ligin, denbora anitz iraganez ere Larrainen, bere amaren herrian.
Alozeko ikastolan ikasi zuen (lehen maila), eta gero Mauleko kolegio eta lizeo publikoetan. Euskal Ikasketak segitu zituen, Baionako unibertsitatean, eta lizentzia erdietsi, 2001ean. 2003tik 2012ra lehen mailako euskara irakasle ibilkari bilakatu zen.
2012ko abenduaz geroz aita oporretan izanik (bi alaba baditu), euskal dantzaren alorrean profesional bilakatzera entseatzen da (arte eta kultur hezkuntza). Johañe Ligiko taldean hasi zen euskal dantza ikasten, 6 urteetan, Bozon andereak irakatsirik, eta gero Larrainekoan segitu zuen, zortzi urteetarik aitzina. Alabaina, 1980ko hamarkadaren hondarrean, hogei bat urtez lo egon ondoan, euskal dantzaren eta kantuaren irakaskuntza berriz piztu zen Larrainen, Katti eta Robert Larrandabururen eta Maialen Etxetoren eskutik; hortik zen Errege Txopitak taldea sortu.
Johañe Etchebest Katti Larrandabururen lehen ikasleetarik da, baina beste dantza-maisu batek ere, Altzaiko Jean-Pierre Recaltek, markatu zuen. Alabaina, 1997ko maskaradaren karietara, Larraineko dantzariek laguntza eskatu zioten eta, Johañek dioenez, Jean-Pierre Recaltek taldearen dantzatzeko manera betiko markatu zuen.
Gaur egun arte, Johañe Etchebestek dantzari gisa edo xirulari gisa hamar bat maskarada, pastoral edo ikusgarritan parte hartu du (Michel Etchecoparren Mustraka, 1999an, Pier Paul Berzaitzen Euskal Spiritu eta Zamaltzain, 2000n eta 2003an, Aintzindariak federazioaren Aitzina Pika, 2006an, Hebentik kolektiboaren Barbau Hamalau eta Baküna show, 2014an).
Dantzari interprete izateaz gain, bere talentu artistikoak agertu dira, urtez urte:
- irakasle, - antolatzaile (Larraineko haurren maskarada, 2004an)
- taula zuzendari (Larraineko maskaradako errejent, 2010ean)
- dantza sortzaile (gorago aipatu ikusgarriak, Larraineko Telesforo de Monzon pastorala, 2011n),
- Baküna show ikusgarriko koproduktore, Kompany Beritzarekin, 2014an.
2013an, Kautere Balet taldearen sortzaileetarik izan zen. Talde hau xiberotar dantza molde berrien sorkuntzan ari da (Kauteren dantza, Ederxuri eta zazpi jauziak, Baküna show, 2014an).