Gaia(k):

Jean-Pierre eta Laurent Harignordoquy

Jean-Pierre eta Laurent Harignordoquy

Zatiak

"Euskaldunak beti izan dira dantzariak, kantariak edo musikariak"

Jean-Pierre-rentzat euskaldunak beti dantzariak, kantariak edo musikariak izan dira. Beren pentsatzeko manera badute ere. Laurent-ek ez du batere begi onez ikusten euskal dantza bakarrik frantsesez erakastea. Haren ustez euskal dantzak erakastean euskarazko hitzak ere erabili behar dira. Biek uste dute euskal dantzaren bidez jendea euskal kulturari hurbilarazten ahal dela.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2013 - 19AV959

Haurtzaroko oroitzapenak Luhuson

Herriko bestetan denak ari ziren dantzan, zahar eta gazte. Jean-Pierre Harignordoquy oroitzen da adineko bikote batek fandangoa dantzatzen zuela kriskitinekin. Jende guzia gelditzen zen, haiei so. Biziki ederki ari ziren. Luhusokoak ziren eta Errekarte zuten izena. Ez daki non ikasia zuten dantzatzen. Bertze gisan, jendeak baltsa, java, paso doble eta holako dantzak ematen zituen. Luhuson, dantza-jauziak ez ziren ematen. Alta, Besta-Berriz, dantzari ederrak baziren, beztituak zirenen artean. Batez ere oilarrak eta zapurrak. Baina talderik ez zen, orduan, herrian. Makean eta Lekornen jauziak ematen ziren. Pilota partida finitu orduko, mutxikoak ematen zituzten, eta beste dantza batzuk ere bai.

Jean-Pierre eta Laurent Harignordoquy. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV953

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Jean-Pierre Harignordoquy 1948ko urtarrilaren 21ean sortua da, Makea Xurrupean. Bost haurretarik gazteena da, eta mutiko bakarra. Xurrupea Makeako lurretan izanik ere, familiak bere burua betidanik luhusoar gisa ikusten du. Jean-Pierren aita eiherazaina zen, baina familiaren eihera 1978an gelditu zen. Jean-Pierrek dantza Jean Nespriasi esker ikasi zuen, 7 urteetan (1955). Errepetizioak Luhusoko trinketean egiten ziren, astearteetan, eskolatik landa. 1959an, lehen aldikotz, publikoaren aitzinean dantzan ari izan zen, herriko besten karietara. Horrela, mutiko eta neska talde bat osatu zen. 1959 eta 1965 urteen artean, Luhuson, Bidarrain, Kanbon, Itsasun, Baionan ari izan ziren. Musikariek laguntzen zituzten: Zuraideko akordeoilari bat, Joseph Teillerie txistularia, eta Josetxo Fadon atabalaria. Josetxok Lapurdiko inauterien berriz piztera sustatu zituen.
1968tik 1977ra, Jean-Pierrek Ezpeletako Ezpela taldean parte hartu zuen, dantzari eta makilari gisa. Alabaina, makila erabiltzen eta denbora berean dantzatzen ikasi zuen, mimetismoz: arte hori 1968tik 2005era praktikatu zuen, Besta Berriz, eta gazte anitzi erakutsi zien. Jean Pierrek, dantzari gisa, Laurent bere semeak 2002an muntatu zuen Luhusoko kabalkadan parte hartu zuen.

Laurent Harignordoquy, 1980an sortua, Jean-Pierreren hiru semeetarik bat da. Ostalaritza eta sukaldaritza lanbide heziketa du. 8-9 urteetan, Itsasuko Ataitze taldean dantzatzen hasi zen. Donibane Lohizuneko Begiraleak taldean segitu zuen eta, 2000n, Luhusoko Polliki taldea sortu zuen. Laurent euskal dantza konpainia batzuetan dantzan ari da, hala nola Christian Larralderenean eta Claude Iruretagoyenarenean. 2004an, hiru urteko formakuntza segitu zuen, Baionako Kontserbatorioan, Koldo Zabala irakasle zuela (barraren teknika eta karaktere dantzen aurkezpena), horri esker, bere teknikaren hobetzeko parada ukan zuen. Gaur egun, euskal koreografia garaikide batzuen sorkuntzan parte hartzen du, non batzuetan, bera ere dantzan ari baita. Laurentek dantzaz bizi nahi du eta erraten du, arte horretaz bizitzeko, herritik joateko prest dela.