Jean-Mixel Bedaxagar
Zatiak
1923ko maskarada Urdiñarben
Urte hartan iragan zenaren maskaradaren argazki bat erakusten digu Jean-Mixel Bedaxagarrek. Aitzindariak deitu pertsonaietan batzuek 1914-1918ko gerla egina zuten.
Jean-Mixel Bedaxagar. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - 19AV1159
Lexarduart: Xiberoak ezagutu duen txirulari eta ttunttun jole onena
Bere garaieko soinujoileek, Xotal, Etxahun Liginaga, Agerret, Etxahun Iruri edo Copen-ek hori erraiten zuten. Jean-Mixelek badaki Lexarduart-ren grabaketak badirela, Baionako katedralaren estrenaldian eginak. Baina ez ditu eskuratu. Musikari izugarria eta errepertorio osoaren jakilea izanez gain, Lexarduart txirulari egilea zen. Bere garaiko txirula joile guziek bere tresnak erabiltzen zituzten eta iduriz saltzen zituen ere Atharratzeko merkatuan eta bestetan.
Jean-Mixel Bedaxagar. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1171
Branlea, sedukzio eta topaketa gunea
Branlearen lehen funtzioa dantzarien arteko sedukzioa eta harremanak ziren: dantzariak ez ziren ari ikuslegoarentzat baizik eta haiekin ari ziren neska gazteentzat. Giza kate horrek erotismoari leku ederra uzten zion. Ondotik gehitua izan dena: dantzarien arteko mokanesa, mutil eta neska gazteen artean kontaktu fisikorik ez izaiteko (auzapezak zituen neska gazteak hautatzen). Txerreroak salto handi bat egin behar zuen branlean sartzeko eta ondotik sedukzioan, hortik heldu da "branletik jaustea" dantza.
Jean-Mixel Bedaxagar. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1169
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Jean-Michel Bedaxagar 1953ko uztailaren 14an sortua da, arotz familia batean. Hiru haurretarik zaharrena da. Familiaren aroztegiko giroan hazi zen eta, naturalki, segida hartzeko prestatu zen. Urdiñarbeko eskolaren ondotik, Mauleko kolegiora joan zen eta gero, Ariège eskualdean, laborantza mekanikaren alorrean berezitu zen, bi urtez. 18 urte betez geroz, arotza da, Urdiñarben.
Dantzari familia batetik heldu da. Xiberotar dantzak 17-18 urteetan ikasi zituen, herriko zaharrek irakatsirik. Jean-Michelek beti maite izan du haiekin biltzea, haien jakintzaren biltzeko. Dantza, kantua, musika (txülüla eta ttun-ttuna), maskaradak, pastoralak: kultur ondare horren zale handia da.
Xiberoko kantu herrikoia landu duen kantari gisa ezaguna da, gehienik, Jean-Michel Bedaxagar, baina txülüla eta ttun-ttun jole ezagunenetarik ere da.
Haur denboran, herriko plazan eman zen maskaradan, Copen jotzen entzun zuen egunaz geroz txülülak liluraturik, bakarrik ikasten hasi zen. Jean-Michelek orduko txülülari zaharren kontseiluak bildu zituen eta frankotan Pierre Aguer Garat-Arhane atabalariarekin jo zuen.
Jean-Michel Bedaxagarrek bederatzi maskaradatan parte hartu zuen. Lau aldiz, Süjet izan zen (aktore nagusi). Agosti Xaho (1989) pastoralaren egilea da. Ondotik, beste pastoral bat ere idatzi zuen, Aliénor (2014), "lehengo moldean" emanen dena, aspaldiko pastoralen ezaugarriekin: aktore (17) eta musikari (3) guti, emazteen (aktore) eta gizonen (dantzari eta musikari) arteko bereizkuntza zorrotza eta taula joko soilak. Heldu den ikusgarri hori gaur egungo pastoralaren bilakaerari buruz eraman duen gogoetaren fruitua da. Gogoeta hori aipatzen digu. Estilo soil eta apaindurarik gabekoa eta interprete hoberenen artean hautatu aktore kopuru ttipia gomendatzen du.
Jean-Michel Bedaxagar Xiberoko kultur ondarearen transmisio zuzenaren katebegi garrantzitsuetarik da.