Jean-Baptiste Bidart
Zatia
Arrola dantza taldearen sortzea Baigorrin (1942)
Jean-Baptiste Bidart gerla denboran hasi zen dantzan. Bospasei mutiko hasi ziren, elkarretaratu eta dantzan behar zutela ikasi. Bazuten lagun bat Hazparnen zena, eskola ematen, Domingo Martirena, Baigorri Artzainxuriko seme bat, eta harekin hasi ziren. Eta denbora joan, denbora jin, gertatu zen gerlako presoendako sosaren biltzeko eta paketeen igortzeko, kermeza bat egin behar zela, antzerkiarekin, kantariekin eta dantzariekin. Domingo Hazparnen zen eta Olaetako dantzari bat hara jiten zen. Dantzari hura, Koldo Robles zen, Koldobika, ondotik izigarriko dantzaria atera zena. Orduan Baigorrin dantza taldea sortu zen. Arrola eman zioten izena. Arrola parropiako taldea zen, hark hartzen zituen, klika, antzerkia, dena, eta dantzariekin emendatu zen.
Jean-Baptiste Bidart. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV86
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Jean-Baptiste Bidart, Jamattitt Kuxkurrio gisa ere ezagutua, Baigorrin sortua da, Potroxoenean, 1926an. Familiako sei haurretarik gazteena zen. 14 urteetan, herriko eskola publikoan zertifikata erdietsi ondoan, bere aitaren aprendiz bilakatu zen, hura zurgina baitzen, eta zurgintzan ari izan zen erretreta hartu arte. 1942an (16 urte zituen), euskal dantzen ikasten hasi zen, herriko kermeza baten karietara. 8-10 mutikoko taldea, neska kopuru beraz fite osaturik, 1946 arte ari izan zen. Urte hartan, dantzarietarik batzuk soldadugora deituak izanez, Arrola taldea gelditu zen. Hala ere, Jean Nespriasek eskola pribatuan eman dantza eta txistu kurtsoek lekukoa hartu zuten. Ikasle hoberenak, gero, Donibane Garaziko Garaztarrak taldean sartu ziren. 1966an, Jamattittek Arrola dantza taldea berriz osatu zuen. Urte luzeetan, kanpoko irakasleak Baigorrira jinarazi zituen (Koldo Zabala, Biarritzeko Ospital, Donibane Lohizuneko Betelu). Gazteak Hego Euskal Herrira ere eraman zituen, dantzen ikasteko eta ikusgarrietan aritzeko.
Nahiz eta zurgintza enpresa eta familiako betebeharrak izan (lau seme), Jamattittek, hamar bat urtez, sutsuki eta sinestearekin, taldearen bizia sustatu zuen. Denbora hortan, Euskal Dantzarien Biltzarreko bilkurak ere segitu zituen. Gaur egun, belaunaldi berriek (bere semeak eta ilobasoak barne), herrikoia izateko xedea duen dantza taldearen segida segurtatzen dute. Nahiz eta ez duen aitortzen (euskal onestasuna), Jamattitt Bidart urteetan erreferentziazko pertsona bat izan da Ipar Euskal Herriko koreografoendako, hala nola Koldo Zabalarendako (ikus haren lekukotasuna, 19 AV/174-175). Koldok zinez miresten zuen.