Gaia(k):

Henri Uhaldeborde eta Peio Jaury

Henri Uhaldeborde eta Peio Jaury

Zatiak

Musikariaren fama

Lehenago, musikaria doi bat gaizki ikusia izan da ainitzetan, deabruaren laguna erraiten zioten eta, berantago, "Enbata". Henri Uhaldeborde oroit da bere haur denboran, musika gelditu behar zen anjelusean. Urte batez, pixka bat segitu baitzuten, apeza jin zen musika geldiarazteko. "Musikariak deabruaren lagunak", lehen hola erraten zuten apezek. Ez haatik berantago, ez baitu Henrik behin ere hori entzun, musikan ari zelarik. Bertze gauza batez ere oroitzen da: Beñat Galtxetaburu-rekin hasi ziren dantza guziak ematen. Baziren bertze talde anitz, baina ez zituen bertze nehork dantza guziak ematen. Bestalde anitzek erraten zuten Beñaten taldekoak "enbatak" zirela. Hori anitzetan aditu du. Gero pasatu zen, baina hatsarrean hala zen.

Peio Jaury - Henri Uhaldeborde. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV199

"La Lyre Jazz Band"

Donibane Garaziko "La Lyre municipale" musika taldea eskola publikotik heldu ziren irakaslez eta langilez osatua zen. 1920ko hamarkadan sortua, 1965eko urteetaraino iraun zuen. Peio Jauryk erraten digu, lehen, Donibane Garazin gorriak eta zuriak bazeudela. Zuriak klerikalak ziren eta gorriak laikoak. 1910 inguruan, alderdi bakoitzak bere musika taldea bazuen. La Lyre gorrien alderdiak sortu zuen, hola erraten ahal baldin bada, 1922-1923 urteetan. "La Lyre" lanbide guziak musikaren inguruan biltzeko arragoa izan zen. Zaldi-tresnakinak baziren, arotzak, irakasleak, zapataginak, zurratzaileak... alabaina, "La Lyre", denboran, eskola publikoaren segida bezala zen. Orduan, "La Lyre" taldeari esker, musika iturri eta musikari harrobi ikaragarria izan da Donibane Garazin. Denbora hartan, denetan baziren harmoniak, Donapaleun ere, adibidez. Baina Donapaleukoa lehenago desagertu zen. Aldiz, Donibane Garaziko "La Lyre" taldeak 1966-1967ko urteak arte iraun zuen, Jazz Band bilakatu arte.

Peio Jaury - Henri Uhaldeborde. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV213

Mutxikoen berpiztea, Baxe Nabarren Beñat Galtxetaburuk dantza jauziak dantzaldietan sarrarazi zituen. Peio Jaury eta Henri Uhaldeborde oroitzen dira jauziak galduak zirela, garai batez. Mezatik ateratzean, aperitifa denboran, ez zen jende handirik. Gero ohitura berriz piztu zen. Beñat hasi zen dantzaldietan dantza jauzien ematen. Lehenago kabalkadak egiten zituzten, baina gero dantzaldietan ez zen dantza jauzirik. Beñatek zituen abiarazi. Dantzaldiaren bukaerako fandangoa klasikoa zen eta mutxikoak edo lapurtar motxak doi bat, baina ez zen gauza handirik, Beñat aitzin. Mutxikoak 1975-1980ko urteetatik landa zabaldu ziren. Beñat aitzindari izan zen horretan. Jauziak Baxe Nabarretik Lapurdi aldera hedatu ziren, Baionara, Angelura.

Peio Jaury - Henri Uhaldeborde. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV208

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Peio Jaury Ezterenzubin sortua da, Manex Goyenetche historialaria (2004an zendua) sortu zen etxe berean. Haren lehengusua da. Peioren ama Bordelen lanean ari izan zen. Han ezkondu zen, urdiñarbetar batekin, baina, senarra 1940an gerlara joan zitzaiolarik, Intzaia sortetxera jin zen, haur ukaitera. Zenbait hilabete berantago, Donibane Garazira bizitzera joan zen. Liberazioan, Aita berriz jin zitzaien. Peio Donibanen hazi zen. 14 urteetan, solfeoaren eta baritonoaren ikasten hasi zen, herriko La Lyre harmoniari esker. Eskola Normalean ikasi eta armadako zerbitzua egin artean, musika doi bat bazter utzi zuen. 1970ean berriz hasi zen, Donibane Garaziko jazzband taldean (La Lyre taldearen segida hartu zuena), eta gero hainbat musika taldetan: Ramuntxo orkestra (1971-1973), Primadera orkestra (1973-1975), Galtxetaburu taldea (1977-1990) eta Adartza taldea (1991-2004). 1964tik 1995era Ahatsan eta Lekunberrin errient izanik, Peiok ikasleak euskal dantzen ikastera ere anitz lagundu ditu. Peio ezkondua da, aita eta aitatxi.

Henri Uhaldeborde ere baxenabartarra da, baina Oztibarrekoa. 1942an Hoztan sorturik, formakuntzaz elektrikari zen. Soinu tresneriak zuen musikaren munduan sarrarazi. 1964tik goiti, Beñat Galtxetabururen Beniroberto multzoaren soinu langilea izan zen. Beñatekin jotzen hasi zen, bateria joile gisa, 1970ean, (Camblor-ekin hartu 24 oren kurtsoren ondotik), eta gero, harekin, Peio Jauryrekin eta beste batzuekin, Ramuntxo orkestra muntatu zuten, 1971n. Peio Jauryrekin, Ramuntxo taldea utzi zuten, 1973an, eta Primadera muntatu (1973-1977). 1977tik goiti (Ramuntxo eta Primadera orkestrak gelditu ziren urtea), Beñat Galtxetabururekin ari izan zen, berriz, Beñat 1990ean zendu arte. Beñaten lana omenduz, 1991n, Adartza taldea sortu zuen. Talde hori plazaz plaza ari da oraino, baxenabartar dantza jauzi anitz emanez. 1967an ezkondurik, Henri aita eta aitatxi da.

Bi gizon horiek denbora jakin baten lekukoak dira (1970eko urteak). Garai hartan, Baxenabarreko dantzak, bereziki mutxikoak, berritu ziren.