Ferdinand Morot Monomi
Zatiak
Dantza eskolen estilo desberdinak: zanko punttak behera edo gora
Ferdinand Morot Monomi-k deskribatzen ditu estilo desberdintasunak Xiberoko Basaburu eta Pettara artean. Altzain, Basaburuan, dantzariek oin puntak behera dantzatzen zuten. Sohütan eta Barkoxen aldiz, zaharrek, Heguiaphal bezala, zioten, puntak goiti behar zirela. Ferdinand-entzat, huts bat zen eta ederrago atxemaiten zituen puntak behera. Eta ohartzen da azkenean, denak hortara jin direla denborarekin. Halere bere garaian, dantzariak biltzen zirelarik, Basaburutarrek kritikatzen zituztelarik haien oin puntak goiti, Sohütakoek, eta Ferdinand barne, kontrarioa defendatzen zuten.
Ferdinand Morot Monomi. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - 19AV798
Monomi etxea: gazteen bilgunea maskaradaren prestatzeko, dantzen ikasteko Sohütan
Ferdinand Morot Monomi-k kondatzen du ikasi zituela lehen dantzak 10 urtetan bere aitarekin, honek dantza erakusten zuelarik herriko gazteei larunbat arratsetan. Ondotik Ferdinand-ek lagundu zuen bere aita lan honetan. Neguan erakusten zuten, denbora gehiago zelarik, bereziki maskaradak prestatu behar zirelarik. Halako urtea zelarik, gazte ainitz etortzen zen Ferdinand-en etxera, 10-15 bat jarriak ziren eskaleretan, jauzien (mutxikoen) ikasteko eta maskaraden prestatzeko igurikatzen.
Ferdinand Morot Monomi. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV787
Predikuak gaizki ikusiak
Monomi-k maskaradetako kautere eta buhameen predikuetaz bere iritzia ematen du. Bere ustez, berriki hasi dira horren egiten eta ez du baikorki ikusten. Bere garaian, esplikatzen du Kauterek beren jokoa bakarrik egiten zutela bertza konponduz eta buhameek aldiz ezkontza bat antzezten zutela, emazte ebaste joko batekin. Berriki entzun dituen prediku zonbait gaizki atxeman ditu. Maskaradakariak errezebituak izan dira, edatea eta jatea ukan dute, dirua bildu dute eta azkenean zernahi erran dute herritarrei.
Ferdinand Morot Monomi. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV805
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Ferdinand Morot 1922ko maiatzaren 30ean sortua da Sohütan (Xiberoa), Ospitaleperen eta Mitikileren mugan, Monomi izeneko etxalde ttipi batean. Anaia bat bazuen, aspaldian zendua.
Hamar urteetan, euskal dantza ikasi zuen, aitarekin, honek auzoaldeko gazteei irakasten baitzien. Bi urte berantago, aitaren ordezkatzen hasi zen. Bere aita txülülaria ere zen eta Mauleko Copeni irakatsi zion, hau Sohütako etxalde batean lanean ari zelarik. Denbora hartan, musikari guti bazen.
Ferdinand Bearnoren mugan den Mitikileko eskolan ibili zen, 12 urte arte, aroak ez zuelarik etxaldeko lanetan aritzera behartzen.
12 urte zituelarik, 1934an, maskaradan parte hartu zuen, lehen aldiz, ardi larru bat jantzirik, Axuri rolaren hartzeko: Sohütan gazte anitz izanez, artaldeen taldea osatzen zuten, artzainarekin eta hartzarekin. Gaur egun, artzaintza kutsu hori desagertua da.
Ondotik, Küküllero izan zen, Txerrero, eta gero Kherestu, 24 urteetan, bearnes doi bat ikasi baitzuen eskolan, bearnes familietarik heldu ziren lagun batzuenganik.
Sohütako gazte belaunaldiei maskaradako pertsonaia desberdinak erakutsi zizkien, herriko haurrekin ere maskaradak antolatuz (1960 inguruan). Ferdinand Morot Monomik Xiberoko pastoraletan ere parte hartu zuen. 1932an, Jeanne d'Arc pastoralean parte hartu zuen, bai eta Berterretx pastoralean (1958), biak Mauleko langileekin muntatuak. Azkenean, 1984an, Sohütan eman zen Aimunen lau semeak pastoraleko errejent laguntzailea izan zen.
25 urteetan ezkondu ondoan, familiaren etxaldea utzi zuen, Maulen lan egiteko, lehenik Bomba lantegian, eta gero eiherazain gisa Etchegoyen eihera handian, 31 urtez.
Ferdinandek luzaz segitu zuen xiberotar dantzen irakasten.