Gaia(k):

Erramun eta Aña Mari Mougica

Erramun eta Aña Mari Mougica

Zatiak

Makilari: transmisio bat bere gisara moldatua

Erramun Mougica makilari izan da hogei bat urtez Lekorne Gerezietako Besta-berrin. Josep Pochelu, haren aitzinekoaren ganik ikasia zuena, bere gisara moldatu du. Honen makila tindatua eta jantziak baliatu zituen, gaur egun Pocheluren ilobari transmititu dizkionak.

Erramun Mougica. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1449

Makilaria Besta-Berriz

Erramun Mougicak erraiten digun bezala, meza denboran, makilaria erdian egoiten da, mahai sainduaren aitzinean, aldareari so. Eukariztia otoitzaren garaian, itzultzen da musikariei buruz jotzen hasteko manatuz. Makila itzultzen du musikaren erritmoa segituz. Halaber, elizara sartu aitzin egiten den desfilean.

Erramun Mougica. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1450

Besta-Berri: neska-mutilen artean dantzatzeko okasionea

Aña Mari Mougicak Gerezieta Etxemendiko Pierre Labistekin ikasi du jauzien emaiten (Hegi, Ainhoarrak, etab.). Honek mutxikoak markatzen zituen herriko bestetan eta bereziki Besta-Berriz. Besta-Berriz gazteria anitz jostatzen zen. Mutxikoak,fandangoak emaiten zituzten eliza ondoan, bai eta ere kaskarot martxak Otabaz. Neskentzat mutilekin aritzeko okasione bakarrenetakoa izaiten zen. Jantzien josteko hamar bat emazte biltzen ziren Belokeneko Mayirekin. Otabaren ondoko igandean, Mayik krakada eskaintzen zieten.

Aña Mari Mougica. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1456

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Raymond edo Erramun Mougica eta Aña Mari Lekorneko Gerezieta auzoaldean sortu ziren, biak, lehena 1942ko urtarrilaren 23an eta bigarrena 1944an. Erramun Garroko gazteluaren ondoko Largateikoa da, “Behereko Plaza” auzoaldean. Aña Mari gaztelua baino gorago den Garrogain auzoaldekoa da, Bidegain etxekoa. Erramunen burasoak etxetiarrak ziren eta Aña Mari laborari familia bateko alaba bakarra da. Eskola publikoan zuten elkar ezagutu eta 1965ean ezkondu ziren. Lau seme badituzte, 1966an, 1968an, 1971n eta 1972an sortuak.

Germain Lafittek, mintegien jabe eta herriko auzapezak, Erramun, bere burasoak eta bere bi anaiak bizi ziren etxea erosi zuelarik, hitz eman zien hiru anaiak mintegietan langile hartuko zituela. Erramunek luzaz han lan egin zuen, soldadugoaren ondotik hargintzan ari izan zen hamar urteez gain. Pilotari famatua ere izan zen. Aña Marik laborantzako, etxeko eta familiako lanak eramaten zituen.

Lekornen, Gerezietan eta inguruetako herrietan, Makean, Heletan, Donoztirin, Donamartirin, Besta Berri ospetsuak egiten dira. Erramun Gerezietako Besta Berriko atabal nagusia izan zen, 20 urtez. Etxemendiko Josep Pocheluk zion eginkizun hori erakutsi, eta makila erabiltzen ere irakatsi zion. Aña Marik Belokenea ostatuko Maddi jostuna lagundu zuen, dantzako jantzien arranjatzen eta batzuetan egiten ere. Gerezietako Besta Berri 1980ko hamarkadan itzali zen. Lekornen egiten da eta Gerezietako bizilagunak hara joaten dira orain, ospakizunendako (herriko bestak, kabalkada, Besta Berri).