Gaia(k):

Dominique Nicibar Bürgübürü

Dominique Nicibar Bürgübürü

Zatiak

Xiberoko urratsen izenak eta "le point de principe"

Dominique Nicibar Bürgübürü-k emaiten du Xiberoko dantzako urratsen zerrenda. Izenak frantsesez dira, frantses armadatik etorriak baitira, nahiz zonbait euskaldunduak izan diren: "pas français", "tombé", "moucheté", "glissé", "pirouette", "tire-bouchon", "brisé simple", "brisé double" deituak ere "ciseau simple et double" (horiek direlarik frisat bakuna eta frisat doblea), "entrechat" (entrexat), "aile de pigeon" (entrexat gora)… Eta urrats konbinatuak: "pas de T", "pas bourré" eta beste ainitz. Izendatzen du Georges Hérelle-n liburua, XX. mende hastapenekoa, non aipatuak diren "pas de principe" delakoak (prinzipiozko urratsak), "danses savantes" (dantza adituak) azpitituluarekin. Deskribatzen ditu "pas de principe" delakoa: 4 denbora aitzinateko eta 4 gibeltzeko, hots 8 denbora errepikatzen direnak. Ondotik 16 denbora saihetsera joaiteko. Orotara 32 denbora.

Dominique Nicibar Bürgübürü. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - 19AV766

Elgoyhen dantza eskola

Dominique Nicibar Bürgübürü-k aipatzen du Beñat Elgoyhen, Xiberoko dantzaren pertsonai handi bat. Elgoyenek dantzaren erakusteko metodo berezi bat asmatu zuen. Bere soldadutzan Okzitaniako Tolosan, gradudunek igorri zuten "Capitole"-era dantza klasikoa kurtsoen segitzea. Hor ikasi zuen dantza klasikoa bai eta dantzaren erakusteko metodo barnatu bat. Xiberora itzultzearekin, dantza eskola bat eraiki zuen Atharratzen, Basabürüko dantzari gazte guziak hezi zituena 1970a arte.

Dominique Nicibar Bürgübürü. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV764

Bralearen tensioak: entseinariaren kanporatzea borobiletik

Dominika Nicibar-ek esplikatzen du Bralean tensioak zirelarik, herritarrek entseinaria borobiletik kanporatzen zutela, dantzaren gelditzeko. Ez badu berak ikusi, Elgoyenek kondatu dio gerla aitzin, makila kaska eta zaurituak izan zirela ondorioz. Kondatzen du aldiz 1947an egin zituelarik maskaradak Liginagako herrian, Liginagako gazte zonbaitek, oihankariak, entseinariaren atzemaiteko alegia egin zutela. Beltzeriakoak orduan haien artean eman ziren eta hortan gelditu zen.

Dominique Nicibar Bürgübürü. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV781

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Dominique Nicibar Bürgübürü 1930eko abenduaren 24an sortua da, Atharratzen. Dantzari famatuz osatu familia batetik heldu da. Xiberotar dantzak 10-12 urteetan ikasi zituen, haren otto Johane Bürgübürük irakatsirik. 1946ko maskaradaren karietara, dantzazale handi bilakatu zen, dantzari biziki trebe bati so egonez. Atharratzeko Beñat Elgoyhenen kurtsoetara joan zen, non haren otto Batista ere irakasle baitzen. Dantzari dohainak izanik, fite hobetu zen, "Küküllero", 1947an, gero Aintzindari, maskaradako bost dantzari trebeenetarik bat. Bira batzuen egiteko parada izan zuen, besteak beste, Donostiara (1951), eta Iruñera (Biarritz-Iruñea Nazioarteko folklore festibala, 1953an).

Hamabi urte arte eskolan ibili eta, Dominique Bordelera joan zen, 1955ean, eta han ezkondu zen. Lanbidez sukaldaria da. Xiberoko dantzak ematen eta irakasten segitu zuen, Eskualdunen Biltzarra elkartean.

Gaur egun, Villenave d'Ornonen bizi da, baina ahal bezain usu jiten da Xiberora, bereziki maskaraden eta beste ohitura dantzatuen karietara.