Claude eta Jon Iruretagoyena
Zatiak
"Dantzak salbatu nau"
Claude Iruretagoyenak segitu duen formakuntza profesionala ez du gustukoa izan. Familiaren ingurugirotik - lana zen balore nagusia - ateratzeko parada eman dio dantzak. Dantzak salbatu du eta den bezala izaiten lagundu. "Batz Alai" dantza taldearen ondotik, "Orai Bat" taldean sartu da. Jean Nespriasen ezagutza egin du : dantza erakasle, musikari, talde zuzendari, eragile garrantzitsu bat, taldearentzat asko egin duena. Hor Claudek bere haur ametsa obratu du: helduak dantzan ikustea, bere burua dantzari irudikatzea. Bakoitzak bere modeloak baditu eta modelo hauek aldatuz joaiten dira. Berdin, kostaldeko euskal dantzari batek Malandain Balletan edo Pariseko Operan sartzeko nahikeria ukan dezake.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1323-1324
Lotura Italiako Errenazimenduko dantzekin
2000an, Claude Iruretagoyenak Christine Grimaldi koregrafoaren ezagutza egiten du Maritzuli konpainiaren ikusgarri batean. Honek Italiako Errenazimenduaren kutsua atxemaiten dio Claude-n dantza errepertorioari. Lehen sorpresa pasa ondoan, "gauza bitxiak" deskubritzen ditu. Ulertzen duorduan "enbor amankomun bat badagola, unibertsala", eta unibertsaltasun honek adarrak edo aldaxkak badituela, bakoitzak bere berezitasuna eta espezialitatearekin.
Claude Iruretagoyena. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1327
Betti Bettelu eta jauzien berpiztea
1980. hamarkadan Claude Iruretagoyena, Betti (Pierre) Bettelu, bere dantza maisuaz mintzo da. Thierry Truffaut-ren bidez ezagutua, aitatxi bat bezala kontsideratzen zuen. Betteluk dantzatzeko manera desberdin bat ekarri dio, bai eta zorroztasuna transmititu. Betti Betteluk dantza jauziak berpiztu ditu 1980. hamarkadan. Lapurtarrak elkartea sortu zuten Claude eta Thierry Truffaut-k, eta Bettelu elkartearen langile izan zen (jauziak erakasten zituen eskoletan baita ere helduen gau kurtsoetan). Bettelurekin dituen oroitzapen batzu aipatzen ditu. Profesionaltasunaren saiakeraren garaia zen.
Claude Iruretagoyena. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1323, 1325
"Urrats tradizionalekin gauza berriak sor daitezke"
Claude-k ez du euskal dantza gaurkotzearen beharrik sentitzen. Horrek ez du erran nahi sorkuntzari uko egiten dionik. Urrats tradizionalekin gauza berriak egin daitezke. Jon-en arabera, dantzari bakoitza paregabea da. Gehiago denaz, dantzari on batek ez du sekula dantza bat bi aldiz berdin ematen. Hori da ere dantzaren aberastasuna.
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1330, 1333
Armadako dantza maisuen eragina ohiko errepertorioan
Jon Iruretagoyenak dio gauza batzuk desagertu direla frantses armadako dantza maisuen eraginez. Gauza berri bat ekartzen denean, gehienetan, zerbait desagertzen da. Badakigu Xiberoko maskaradetan aldaketa bat izan dela, dantza maisuak armadatik itzuli diren garaian, XIX. mendearen bukaeran. Dantza ikusgarri bilakatu da. Dantzari talde bat sortu da, "aitzindariak", bost dantzariez osatua. Haiei tokia uzteko, hainbat pertsonaia baztertu dira, hala nola hartza eta bildotsa, apezak, notarioak, medikua eta... ikatza saltzailea, lore saltzailea. Maskaradaren kontzeptuan edo ideian, ihauteriaren ideian, garrantzia duten pertsonaiak desagertu dira.
Jon Iruretagoyena. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - 19AV318
Harremanak beste dantzekin
Jon Iruretagoyenak dio Frantzian bi herrialde badirela, non Xiberoko dantzen gisakoak baitira. Lehenik, Proventzaren inguruan, eta bigarrenik Sarthe eskualdean, nahiz eta ohitura hori hilik edo lo den. Badakigu harremanak badirela armadarekin eta dantza klasikoarekin. Eta hortik, Xiberoko dantza ez da bakarrik loturan Frantziako historiarekin, baina Europako dantzaren historiarekin ere. Beraz, beste nonbaitetik jin dantza batzuekin eta beste garai batzuetatik jin direnekin ere. J. Iruretagoyenak erraten digu harremana bazela Xiberoko dantzen eta armadako dantzen artean eta hori Guilcher ikerlariaren liburuan aipatua dela. Xiberoko gizon gazte horiek joan dira armadaren egitera eta itzuli dira dantza maisu titulu horrekin, jakitate horrekin eta dantzatzeko molde berezi eta konplikatu horrekin.
Jon Iruretagoyena. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1318
"Point de principe"
Bada Xiberoan urratsak egitean hitz berezi bat erabilia dena: "Point de principe". Jon Iruretagoyena-ek nundik zetorren xekatu nahian, Iztuetak erraiten zuenarekin lotura egin du. Armadan erakasteko metodologia da, "la danse par principe" deitua : urrats segida motz batzuk gogoz ikasiak dira, ondotik dantzetan baliatuak direnak. Oinarrizko pausuak gero manera ezberdin batez lotzen ahal dira, konbinaketa ezberdinak eginez, partidura batean bezala.
Jon Iruretagoyena. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1319
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Claude Iruretagoyena 1960an sortua da, Baionan. 6 urteetan, dantzaren munduari hurbildu zitzaion, Batz Alai taldean sartu zelarik. Koldo Zabala haren lehen dantza irakaslea izan zen. Gero, Orai Bat taldean sartu zen (Jean Nespriasen gidaritzapean) eta gero Aurrera taldean, horiek ere Baionako dantza taldeak izanik. 1970eko hamarkadaren bukaeran, Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldean sartu zen eta Betti Betteluren (Pierre Betelu) ikasle jarraiki bilakatu zen. Horrek, 1981etik goiti, euskal dantzaren irakastera sustatu zuen, Lapurtarrak taldean, 1985 arte, eta gero Euskal dantzaren institutuan, 2000 arte. Aldi berean, Claudek irakaskuntza, agertokiratze eta koreografia teknikak sakondu zituen, Juan Antonio Urbeltzekin (Donostiako Argia konpainia). 1992an ezagun egin zen, Xirula Mirula bere lehen sorkuntzari esker. Haren bigarren sorkuntzak, Ixtorio Mixtoriok, 1996an, Maritzuli konpainiaren sortzea ekarri zuen. Gaur egun, haren zuzendari artistikoa, koreografoa, dantzaria eta jantzi egilea da. 1996an beti, "Gauargi, munduko haurrak eta dantzak" haurren folklore festibalaren sortzea sustatu zuen. 1990eko hamarkadaren bukaeran, ezagutza garrantzitsuak egin zituen (Thierry Malandain, Christine Grimaldi). Horiek haren koreografo ibilbidea markatu zuten eta dantza tradizionalari eta haren jatorriei buruzko ikerketak egitera sustatu zuten. 2005az geroz, Jon bere semearekin elkarlanean, sorkuntzak burutzen dituzte.
Jon Iruretagoyena 1985ean sortua da, Baionan. Dantzaren munduan murgildurik bizi izan da, ttipi-ttipitik. Bere aitari segi, errepetizio anitzetara joan zen eta Juan Antonio Urbeltzen lehen ikusgarriaz, Zortziko izenekoaz, oroitzapen paregabea atxikitzen du. Oinak Arin (Beskoitze), eta gero Ortzadar (Ahurti) taldeetan hasi zen dantza ikasten. Xirula Mirula sorkuntzan parte hartu zuen (7 urte zituelarik) eta, ordutik, bere dantza teknika Maritzuli eta Argia taldeetan lantzen du. Haren aita eta Juan Antonio Urbeltz haren dantzari ibilbideko bi erreferentzia nagusiak dira. Haren hirugarren dantza-maisua, Maritzuli konpainiari esker, Bruno Delavigne da. Xiberotar dantzak xeheki irakatsi zizkion. Horrek dantza horien historiari buruz eta Frantziako eta Europako dantzekin dituzten harremanei buruz ikerketa sakonak egitera bultzatu zuen. Gaur egun, Jonek gai horri buruzko konferentzia dantzatuak proposatzen ditu.
Elkarrekin burutzen dituzten sorkuntzetan, Iruretagoyena aita-semeek pedagogiaren axola bera partekatzen dute: dantza irakatsi (eta ez dantzak), pertsona bakoitza bere gorputz adierazpenaren aurkitzera lagundu, oinarrizko urratsak zehaztu, haien konbinazio anitzek mugarik gabe sortzeko ahala ematen baitute.