Gaia(k):

Arantza Goikoetxea, Karmele eta Maria Rosa Lopategi

Arantza Goikoetxea, Karmele eta Maria Rosa Lopategi

Zatia

Bizkaitar haurrak Jatsun errefuxiatuak

Arantza Goikoetxeak, Karmele eta Maria Rosa Lopategik, aterpetuak zirenak Jatsuko Lurdes Euzko Aur-Etxean, ikasi zuten dantza andereñoekin, hots Koro eta Maritxu Barriola, bai eta Urkiola ahizpekin. Eresoinkako mutilekin joaten ziren dantzatzera, Haltsura, Kanbora, Azkainera, Donibane Lohizunera, Senperera, Donibane Garazira, Sarara... Frontoietan dantzatzen zuten. Euskal dantza guziak, Hegoaldekoak zirenak, ikasi zituzten: sagar dantza, ezpata dantza, Eguberri dantza... Eguberriz, dantza batzuk egiten zituzten abesti batzuekin. Mutikoek ezpata dantza, makil dantza, mutil dantza, zahagi dantza, mikeleten dantza egiten zuten, hau mikeletez jantzita. Kantuak ere ematen zituzten, hiru bozetan.

Arantza Goikoetxea, Karmele et Maria Rosa Lopategi. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV971

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Arantza Goikoetxea 1928an sortua da, Zeanurin (Bizkaia), zortzi haurreko familia batean. Gerla zibilaren denboran, haren aita Bilboko Larrinaga presondegian sartu zuten, heriotzara kondenatu, eta gero kargugabetu. Gernikako bonbardamenduaren ondotik familiak Miraballesera ihes egin zuen, ondotik Arrigorriagara eta azkenik Arrankudiagara. Handik, Arantza, bere bi anai-arrebekin eta lehengusuarekin (Gontzal Mendibil kantariaren aita), Santurtzira joan zen, handik, itsasoz, La Rochelle-raino eta handik, Lapurdiko Jatsura. Bi urte berantago, Bizkaira itzuli zen, amarekin bizitzera. Ama penaturik bizi zen, hiru haur gehiagori bizibidea ezin segurtatuz.

Karmele eta Maria Rosa Lopategi ere bizkaitarrak dira, 1928an eta 1924an sortuak, Muxikan (Gernikatik hurbil) laborari familia batean. Gernikako eta inguruetako bonbardamenduaren ondotik, ihesi, familia Mungiara joan zen, gero Deriora, Barrakaldora eta azkenik Bilbora. Handik, Lopategi hiru ahizpek, Arantzak bezala, Habana itsasontzia hartu zuten, La Rochelle-raino, gero autobusa Jatsuraino, non, diotenaz, denbora goxoa iragan baitzuten eta hezkuntza ona ukan.

Bi urte berantago Bizkaira itzultzeak, haientzat, ez du Arantzarentzat bezain gogorra iduri: ongietorri beroa ingurumen triste eta suntsituan. Karmelek dio bere lagunekin luzaz eta ardura aipatu dituztela Jatsuko Lurdes Eusko Aur-Etxean iragan bi urteetako oroitzapenak, hau baitzen Espainiako Gerla Zibileko haur errefuxiatuak hartzen eta uda lekuak antolatzen zituen etxearen izena.