Anttonie Sein
Zatia
"Gure etxea", parropiako gunea
Donibane Lohizunen, "Gure etxea", gazteriarena zen parropiako etxe bat zen. Antzerki eta dantza klaseak baita ere futbola egiten ziren han. Dantza eta antzerki errepikak etxe beherean egiten ziren eta bikarioak lehen solairuan bizi ziren. Gazteen bizi leku eta topagune garrantzitsua zen.
Anttonie Sein & Hélène Legarto. "Eleketa" programa. 2011-2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV665, 691
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Anttonie Basurco, ezkontza izenaz, Sein, 1926ko abenduaren 16an sortua da, Pasaian (Gipuzkoa). 1927ko otsailean Donibane Lohizunera Diharce ontzijabearentzat lan egitera jin zen Mutrikuko (Bizkaia) arrantza ontziko mekanikari baten alaba da. Bi hilabete zituen, orduan. Sei haurreko (Koxe Basurco barne) familia batean hazi zen. 1954an, Manuel Sein "Xanpun" bertsolari ezagunarekin ezkondu zen. Bikotea Anttonieren burasoen etxean plantatu zen (Usotegia etxean, Courtade eta Xanpun karriken izkinan), aitak, 50 urteetan, bista osoki galdu baitzuen. Manuel Sein "Xanpun" hargin izan zen lehenik (ikasi zuen ofizioa), gero arrantzale, eta ondotik, Viviers Basques enpresa kudeantzan hartu zuen, bere emaztearen laguntzarekin. Anttoniek eta Xanpunek 4 haur ukan zituzten. Anttonie, 2002ko urtarrilaren 15az geroz alargun izanik, Donibane Lohizunen bizi da, ttipi-ttipitik, eta kai muturraren ondoko auzoalde horretan, 1934az geroz (zortzi urte zituen). Haren burasoak Mutrikukoak izanik, beren etxean gerla zibileko errefuxiatu anitz aterpetu zituzten ("Hemen, kontsulatua zen", dio). Ondotik, Anttoniek bizi kulturalean parte hartu zuen (Begiraleak dantza taldean, hogei urte arte, parrokian, bertsolarien munduan). Haren oroitzapenek balio handia dute XX. mendeko lehen erdiko Donibane Lohizuneren ezagutzeko.
Hélène Jaureguiberry, ezkontza izenaz, Legarto, 1925eko irailaren 25ean sortua da, Xantakoenia etxaldean (Xantako auzoaldean). Mattin eta Marie-Jeanne Jaureguiberryren alaba da. Etxetiarrak ziren eta familia Telleria etxaldera joan zen, Hélènek 4 urte zituelarik. Sei anai-arrebetarik zaharrena da. Bost urteetan, Saint-Joseph eskolan sartu zen, eguneko eskolan (eskolak barnetegi bat ere bazuen). Eskola horri "pobreen eskola" ere erraten zitzaion, ikasle gehienak laborari seme-alabak baitziren. Hamabi urteetan, zertifikata eskuraturik, bere aitak galdegin zion etxaldean laguntzen hastea, eskola utziz. Gogoz kontra onartu zuen (nahiago izanen zuen ikasten segitu errientsa bilakatzeko). Donibane Lohizuneko hiri erdian esne eta barazki saltzen ari izan zen, nagusiki. Jean Legartorekin ezkondu zen (Armendariztarra sortzez, Etxeparekoa). Bikoteak bi alaba ukan zituen, eta erretreta hartu arte, ostatu-soto bat atxiki zuten, Fargeot auzoaldean. Hélènek aktiboki parte hartu du Donibane Lohizuneko bizi soziokulturalean. 13 urteetan Begiraleak dantza taldean sarturik, han biziki parte hartu zuen, eta zaletasun handi hori bere haurrei eta ilobasoei helarazi die.