Allandu Bordaçarre "Etxahun"
Zatiak
Bralea tensione mementua maskaradetan
Allandu Etxahun-ek kondatzen du maskaradetako Brale denboran usaia edo ohitura bat: herritarrek entseinaria dantzatik kendu nahi zuten. Lortzen bazuten afruntu handia zegoen.
Allandu Bordaçarre "Etxahun". "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1139
Léon Salaber musikaria, dantza erakaslea, pastoral errejenta
Allandu Bordaçarrek dio Léon Salaber, dantzari ohia, musikaria eta pastoral errejentak 12 jauzi desberdin ezagutzen zituela. Allandu bera bere etxera joan zen jauzi zenbaiten ikastera: Xibandrillak, Baztandarrak, Mutxikoak… Allanduren arabera, egiazko musikaria zen, jendearen dantzarazten maite zuena.
Arnaud Allandu Bordaçarre Etxahun. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1146
Basabürüko musikarien estiloa, dantzari lotua
Allandu Bordaçarrek ematen ditu Basabürüko txirula eta atabala joile handien izenak. Etxahun Liginaga, beretzat txirulari hoberena zen dantzarientzat Lechardoiten heinean: Basabürüko estiloan, gelditze bat markatzen zuen Elgoyhen eskolan pasatu ziren dantzariek ere egiten zutena hestearekin. Barnetx Zibozekoa, dantzaria izana baitzen, soinua ongi jotzen zuen ere. Eta bere aitak ere, Etxahun Iruri, hala ikasi zuen, gelditze hori markatuz. Dantza eta soinu oso lotuak direla berriz erraiten du Allanduk.
Arnaud Allandu Bordaçarre Etxahun. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1131
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Arnaud edo Allandu Bordaçarre 1936ko apirilaren 25ean sortua da, Irurin, Etxahunea etxaldean, bere aitak, Pierre Bordaçarre Etxahun-Iruri laborari olerkari autodidaktak famatu bilakatu zuen etxean. Hamabi urte arte, herriko eskolan ikasi eta, Allanduk nahitaezko eskolako azken bi urteak Atharratzen egin zituen, auzo herrietako gazte batzuekin batean, bereziki Aloze-Ziboze-Onizegainekoak eta Liginaga-Astüekoak. Han, bearnes irakasle batek, Darrière jaunak, dantzaren lehen irakaspenak eman zizkion. Nahiz eta eskolan euskararen erabiltzea debekatua izan, ikasleek euskal kantua ikasi zuten, bereziki Etxahun-Iruriren kantuak.
Hamasei urteetan, Léon Salaber jaunaren errejent laguntzaile bilakatu zen, Abraham pastoralarentzat, eta berehala xiberotar dantzarentzat zaletasun handia piztu zitzaion. Batista Bürgübürü dantza-maisua ohartu zitzaion eta, 1952an, Atharratzeko Beñat Elgoyen irakaslearen dantza eskolan sartu zen. Denbora hartako dantzari, kantari eta musikari hoberenak ezagutu zituen.
Dantzak xiberotarrei aukera ematen die hainbat aldiz aritzeko, bai Euskal Herrian, bai urrunago. Gisa hortan, Allandu eta Dominique Laxagueborde "Etchandyber" kantariek Etxahun-Iruriren kantuak bikotean ematen zituzten. Azken hau, kantagile, kantari, koblakari, bederatzi pastoralen egile eta antzerki mota horren berritzearen ikur, Xiberoan izan den pertsona ezagunenetarik da. Alde hortarik, Allanduk bere aitaz ematen duen lekukotasuna balio handikoa da. Jean-Michel Guilcher ikerlariak Xiberoan izan duen argibide iturrietarik izan da Allandu Bordaçarre. Kontalari oso ona da, bere esperientziak, ezagutzaz eta trukaketaz beterik, partekatzea gustuko duena.
Bere lekukotasunaren bukaeran, xiberotar urrats eta puntuak erakusten ditu, bereziki gaur egun guti dantzatuak diren antrexatak, dantzaren laguntzeko musikan izan daitezkeen ñabarduren garrantzia azpimarratuz.