Gaia(k):

Adrien Iratzoquy

Adrien Iratzoquy

Zatia

Ihauteri eta Urtats gaua Azkainen

Ihauteri kari, astearte ihautez, azkaindar gazteak etxez etxe ibiltzen ziren janariketa. Auzo ezberdinetan pasatzen ziren dantzariekin eta musikariekin. Jatekoaren eta edatekoaren truke dantza eta bertsu batzu ematen zituzten. Urtats gauez, dirua biltzen zuten.

Adrien Irazoquy. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1477

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Adrien Iratzoquy 1931n sortua da, Sara Andoitzian. Hiru anaia ziren. Bi urte berantago, familia Azkainen plantatu zen. Beste hiru anaia Tipulen Borda etxean sortu ziren. Sei mutikoen aitak gidari gisa lan egin zuen, lehenik Azkaingo Harrobiaren kontu eta gero Blanchisserie de la Nivelle enpresaren kontu.

Adrienek bigarren mundu gerla bizi izan zuen, bai eta kontrabandoko eta merkatu beltzeko gorabeherak. 13 urte eta erdi zituelarik, herriko eskola publikoa utzi zuen zurgin aprendizgoaren egiteko, Donibane Lohizunen (1944-1948).

Soldadugo denboraz eta arrain salmentan egin sei hilabeteko lanaldi batez kanpo, beti zurgintzan ari izan da, lehenik langile gisa, 1961 arte (Lapitz eta gero Lasconateguy enpresetan), gero bere kontu 1961etik 1989 arte. 58 urteetan ukan zuen bihotzekoak enpresa bere semeari uztera sustatu zuen.

Adrienek beti biziki parte hartu izan du herriko bizian. Oroitzen da, gazte denboran (1946-1955), etxe kurrida eginik, abenduaren 31ko arratsean (Dios te salve) eta Inauterietan, bai eta Jondoni Joane suaren gainetik jauzika ari izanik. 14 urteetan, Larrundarrak klikan sartu zen. 1946an, Tunanteak dantza taldearen sortzean parte hartu zuen. Hastapenean, zortzi mutiko baizik ez ziren.

Adrien pilota eta kantu zale sutsua ere da. 1964an, Hendaiako Gaztelu Zahar abesbatzan kantari hasi zen. 15 urtez segitu zuen eta gero Donibane Lohizuneko Goraki abesbatzan, 12 urtez. Gaur egun, herriko parrokiako abesbatzan ari da.