"SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa Donibane Lohizunen
Urriaren 1etik 30era, Euskal kultur erakundeak ekoizturiko "Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa ibiltaria Donibane Lohizuneko Ducontenia gelan ikusgai izanen da. Lau hizkuntzatan euskal dantzaren inguruko eduki aberats anitz eskaintzen ditu multimedian oinarritutako erakusketa honek. Sartzea urririk izanen da.
SOKA, Euskal kultur erakundeak ekoiztua du, Gipuzkoako diputazioarekin eta Donostia 2016 Fundazioaren partaidetzarekin. Euskal dantza hobeki ezagutaraztea du helburu, publiko zabalari batez ere.
Lau hizkuntzatan (euskara, frantsesa, gaztelera, inglesa), 130 m²-ko eremuan, gaiaren inguruko 400 ilustrazio baino gehiago daude kontsultagarri (argazki eta irudi bildumak, lekukotasun zatiak, soinu zatiak e.a.). Artxibo horiei gehitu behar zaizkie euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialaz eginak izan diren bideo sorkuntzak.
Azpimarratzekoa da bestalde, EKE-k eraman "Eleketa" ahozko memoriaren bilketaren karietara euskal dantzaren inguruko anitz lekukotasun grabatuak izan direla eta horien zati frango ikusgai izanen direla erakusketan.
Bestalde, edukien aberastasun guzia jendeen esku uzteko, ukipen-pantailak, formatu handiko telebistak, kuadro numerikoak, ordenagailuak eta bideoproiekzio eremuak baliatuak izan dira ere.
Halaber, erakusketaren partaide den Euskadiko Filmategiko altxor batzu erakutsiak dira bertan bai eta bertze artxibo arraro frango ere.
Adibidez argazki-kazetaritzaren sortzaileetarik bat izan den Robert Capa-k (Endre Friedmann, 1913-1954) 1951ko abuztuan Saran egin argazkien bost erreprodukzio ikusten ahal dira erakusketan. Balio handiko dokumentu eder hauek International Center of Photography de New-York zentroarenak dira.
Animazioak ere
Bestalde, animazio batzu antolatuak dira erakusketa honen inguruan, hala nola, Soka-ren bisita gidatu bat urriaren 6an Sustrai Colina bertsulariarekin, beste bisita bat frantsesez urriaren 13an eta Begiraleak dantza taldearen ikusgarri bat urriaren 2an.
Horrez gain, Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko lehendakaria den Roger Goyheneche-k euskal dantzari buruzko mintzaldi bat eskainiko du urriaren 29an, eta haren ondotik dantza ikusgarri bat izanen da Kukai konpainiarekin.
Denbora berean, oroitarazten dizuegu Lehen urratsa izeneko euskal dantzaren transmisioari buruzko web-dokumentala sarean dela eta Soka erakusketari buruzko aplikazio ludikoa telekargatzen ahal duzuela.
Ordutegia
- Asteazkenetik igandera, 14:30etatik 19:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 12.30etara eta 14:30etatik 19:00etara.
Xehetasunak
- SOKA Donibane Lohizunen - Animazioen eskuorria (PDF)
- Euskal kultur erakundea - 05 59 93 25 25
- Donibane Lohizuneko Kultur Zerbitzua : 05 59 51 61 65
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)