Azken egunak "SOKA" erakusketa bisitatzeko Donapaleun

2016/06/01

Bakarrik egun batzu gelditzen dira Euskal kultur erakundeak ekoiztu "Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa  Donapaleuko Mediatekan ikusteko. Erakusketa maiatzaren 14an zabaldu zen bertan eta ekainaren 11a izanen da bisitatzeko azken eguna. Ondotik Bilbon izanen da ikusgai.

Azken egunak "SOKA" erakusketa bisitatzeko Donapaleun
Argazkia: Jakes Larre - EKE

SOKA, Euskal kultur erakundeak ekoiztua du, Gipuzkoako diputazioarekin eta Donostia 2016 Fundazioaren partaidetzarekin. Euskal dantza hobeki ezagutaraztea du helburu, publiko zabalari batez ere.

Lau hizkuntzatan (euskara, frantsesa, gaztelera, inglesa), 130 m²-ko eremuan, gaiaren inguruko 400 ilustrazio baino gehiago daude kontsultagarri (argazki eta irudi bildumak, lekukotasun zatiak, soinu zatiak e.a.). Artxibo horiei gehitu behar zaizkie euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialaz eginak izan diren bideo sorkuntzak.
Azpimarratzekoa da bestalde, EKE-k eraman "Eleketa" ahozko memoriaren bilketaren karietara euskal dantzaren inguruko anitz lekukotasun grabatuak izan direla eta horien zati frango ikusgai izanen direla erakusketan. 

Bestalde, edukien aberastasun guzia jendeen esku uzteko, ukipen-pantailak, formatu handiko telebistak, kuadro numerikoak, ordenagailuak eta bideoproiekzio eremuak baliatuak izan dira ere.

Halaber, erakusketaren partaide den Euskadiko Filmategiko altxor batzu erakutsiak dira bertan bai eta bertze artxibo arraro frango ere. 

Adibidez argazki-kazetaritzaren sortzaileetarik bat izan den Robert Capa-k (Endre Friedmann, 1913-1954) 1951ko abuztuan Saran egin argazkien bost erreprodukzio ikusten ahal dira erakusketan. Balio handiko dokumentu eder hauek International Center of Photography de New-York zentroarenak dira.

Xehetasunak

  • Euskal kultur erakundea - 05 59 93 25 25
  • Amikuzeko mediateka : 05.59.70.16.83
  • Ordutegia :  Ostiralean, 14:00-19:00 – Larunbatean, 9:00-13:00 

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)