Soka erakusketaren ondoko hitzorduak
2015eko udazkenean Biarritzeko lehen ezarpenean arrakasta handia bildu ondoan, 2016an SOKA erakusketak bere ibiltaritza segituko du. Lehenik Donostian izanen da ikusgai otsailaren 4tik apirilaren 3a arte, eta ondotik Hazparnen apirilaren 9tik maiatzaren 8a arte. Bestalde, uda partean Bilbo aldera joanen da eta udazkenean Donibane Lohizunera. Xehetasun guziak www.soka.eus webgunean aurkituko dituzue.
Euskal kultur erakundeak ekoizturiko Soka, euskal dantzaren urratsetan multimedia erakusketa ibiltariak euskal dantzaren inguruko eduki aberats anitz eskaintzen ditu.
SOKA, Euskal kultur erakundeak ekoiztua du, Gipuzkoako diputazioarekin eta Donostia 2016 Fundazioaren partaidetzarekin. Euskal dantza hobeki ezagutaraztea du helburu, publiko zabalari batez ere.
Lau hizkuntzatan (euskara, frantsesa, gaztelera, inglesa), 150 m²-ko eremuan, gaiaren inguruko 400 ilustrazio baino gehiago daude kontsultagarri (argazki eta irudi bildumak, lekukotasun zatiak, soinu zatiak e.a.). Artxibo horiei gehitu behar zaizkie euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialaz eginak izan diren bideo sorkuntzak.
Azpimarratzekoa da bestalde, EKE-k eraman "Eleketa" ahozko memoriaren bilketaren karietara euskal dantzaren inguruko anitz lekukotasun grabatuak izan direla eta horien zati frango ikusgai izanen direla erakusketan.
Bestalde, edukien aberastasun guzia jendeen esku uzteko, ukipen-pantailak, formatu handiko telebistak, kuadro numerikoak, ordenagailuak eta bideoproiekzio eremuak baliatuak izanen dira ere.
Halaber, erakusketaren partaide den Euskadiko Filmategiko altxor batzu erakutsiak izanen dira bai eta bertze artxibo arraro frango ere.
Adibidez argazki-kazetaritzaren sortzaileetarik bat izan den Robert Capa-k (Endre Friedmann, 1913-1954) 1951ko abuztuan Saran egin argazkien bost erreprodukzio ikusten ahal dira erakusketan. Balio handiko dokumentu eder hauek International Center of Photography de New-York zentroarenak dira.
Soka erakusketaren agenda :
- 2016ko otsailaren 4tik apirilaren 2a arte : Donostia (Koldo Mitxelena kulturunea)
- 2016ko apirilaren 9tik maiatzaren 8a arte : Hazparne (Mediateka)
- 2016ko ekainaren 18tik abuztuaren 28a arte : Bilbo (Euskararen Etxea)
- 2016ko urriaren 1etik 30era : Donibane Lohizune (Ducontenia)
Xehetasunak
- Euskal kultur erakundea - 05 59 93 25 25
- www.soka.eus
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)