"Dantza Izpiak" erakusketa Cenon herrian

2015/10/18

Udazken honetan Biarritzen estreinatua izan den SOKA erakusketaren karietara, Euskal kultur erakundeak Gabrielle Duplantier argazkilariari lan berezia manatu zion. Euskal Herria zeharkatu du euskal dantzaren eta bereziki ihauteriak, maskaradak eta Besta Berri bezalako ekitaldien inguruko argazki ezberdinen hartzeko. Lan horren emaitza Biarritzeko mediatekan aurkeztu ondoan, zuri-beltzezko hogeitamar bat argazki erakutsiak izanen dira Bordele ondoko Cenon herrian 2015eko azaroaren 3tik 25era. Erakusketa Etxepare Institutuaren partaidetzarekin antolatua da.

"Dantza Izpiak" erakusketa Cenon herrian
Inauteriak Bardozen (argazkia: Gabrielle Duplantier)

Gabrielle Duplantier 1978an sortua da. Margolaritza eta artearen historia ikasi ditu Bordeleko Arte Plastikoen fakultatean. Garai hartan, argazkigintza beste afizio bat baino ez da beretzat. Diploma ukan eta, erabakitzen du argazkilaritza bakarrik lantzea eta Parisera joaten da argazkilari laguntzaile edo filmalekuetako argazkilari bezala aritzeko. 2002an, Euskal Herrira itzultzen da. Herri aberats eta enigmatiko honek inspiraturik, argazki sail bat abiatzen du, paisaiak, pertsonaiak edo animaliak, ezagunak izan ala ez, ikuspegi inpresionista batetik hartuz. Maiz ustegabekoak diren argazkiak, ganbara ilunetako esperimentazioak, denbora behar izan du bere estilo pertsonala aurkitzeko : unibertso intimista bat, bereziki emazte argazkiz osatua, margolariek inspiratua eta eszena bereziak egunerokotasunetik aterazi nahi dituena, zuria eta beltzaren tratamendu ilun batekin.

Prentsarekin, argitaletxeekin edo musikariekin egin elkarlanaz aparte, Gabrielle-k emazte erretratuak lantzen segitzen du, hau bere gai gogoenetarik bat izanik. Halaber, Portugal-i buruzko argazkiak lantzen ditu, sustrai portugaldarrak izanik, hara maiz bidaiatzen baitu. Nahitara, Gabrielle-ren argazki unibertsoa ez da garai edo gizarte errealitate jakin bati lotua. 2009an, Cairn argitaletxeak lehen argazki liburu bat manatzen dio, Euskal Herriko kaperak izenekoa. Liburu horretan, kolorez, Euskal Herri mistiko eta isil bat ikertzen du. Argitaletxe berak manaturik, Marie Darrieussecq-ekin lan egin du 2012ko ekainean atera La mer console de toutes les laideurs argazki eta testu liburuarentzat. 2011n, Factory 64 gunearen artista egonaldi baten karietara, sail berri bat abiatzen du Baionako ZUP auzoko haurren inguruan. Lan horren ondotik, Les enfants d’ici liburua argitaratu du 2012an. Beti 2012an, Gabrielle Duplantier-en lana Gomma books-ek argitaratu Mono liburuan agertzen da. Monografia honek zuri-beltza lantzen duten nazioarteko argazkilari hoberenak biltzen ditu, hala nola Anders Petersen, Mikael Ackerman, Trent Parke edo Roger Ballen. 2014ko irailan, Volta izeneko liburu berria atera du Lamaindonne argitaletxearekin.

Dantza Izpiak erakusketa Cenon herriko Rocher de Palmer aretoko ostuan izanen da ikusgai 2015eko azaroaren 3tik 25era.

Estreinaldia : azaroaren 3an, 18:30etan Mikel Azpiroz piano-joilearen kontzertu batekin.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)