Punk-hardcore euskaraz Kuma No Motor taldearekin
2024.01.09
Badu hamar bat urte Baionako hirukoteak tokiko punk-hardcore eszenan azkarki parte hartzen duela. Ehun bat kontzertu eman ditu orain arte, Euskal Herrian bereziki, baina baita Frantzian, Portugalen eta Espainian ere. Hala, OFF!, Terror edo Hatebreed bezalako taldeekin jotzeko parada izan du. Joan den abenduan Baiona zikina diskoaren aurkezpenean izan ginen Durangoko Azokan.
Lehenengo bi diskoetan punk-hardcorearen indarra modu gordinean adierazi ondoren, Baiona zikina grabaketa berrian, Kuma No Motor taldeak soinu eta giro aberats eta ilunagoak bilatu ditu. Orain arteko osagaiek hor diraute; kantuak bizi-biziak, indartsuak eta trinkoak dira. Baina taldeak pasarte astunagoak ere landu ditu crust-metalaren eraginez, eta orduan bateria erritmo sendoek gitarra riff lodi eta ilunak nabarmentzen dituzte. Beste kantu zati batzuetan aldiz, post hardcoretik edan du, eta orduan ahotsa lehertu egiten da, aspalditik eutsitako sumindura libratzeko!
Durangoko Azokan aurkeztua izan zen hirugarren disko hau osoki euskaraz da. Hitz politikoak eta sozialak idatzi ditu Ibanek, geldikeria eta etsipena gogorki kritikatuz, baina baita beldurrak eta gogo iluntasuna aipatuz ere.
Baiona zikina, lan berri honi izenburua ematen dion diskoko zazpigarren kantuak, mezu hau sinbolizatzen du: taldekideen barne hersturak azaleratzen dituen hiri iluna da hau, baina beharrezkoa dute, asko estimatzen dute.
Gehiago jakin
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Testua: Kuma No Motor. Argazkiak: Lorentxa Saragueta