Idoia Rodriguez Mondragon "Euritan" nerabeentzako eleberriaren idazlea
2024.02.11
Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak "EKE-Elkar literatura" izeneko beka bultzatu zuten 2021ean. EKE-Elkar literatura Beka 2023: Idoia Rodriguez Mondragon donibandarra hautatua izan zen. Nerabeei zuzendutako "Euritan" egunkari-eleberria aurkeztu digu. Ezagutu dezagun Idoiaren mundua.

Nor zara Idoia?
Idoia Rodriguez Mondragon naiz… eta ingeniaritza pedagogikoan aholkularia, hezkuntza zientzietako doktorea eta idazle sutsua naiz. Nire helburua hezkuntza zinez inklusiboa izatea eta ikasle bakoitzaren beharrei egokitutako sistema bat sortzea da. Nire ibilbidea irakasle gisa hasi nuen. Hor, ohartu nintzen genero estereotipoek eragin sendoa zutela pedagogia baliabideetan eta ikasleak kaltetzen genituela. Hezkuntzan barneratutako estereotipoek eta aurreiritziek ikasleak kaltetzen dituzte. Beraz, ikasle guztiek aukera berdinak ukan ditzaten, aldaketa sakonak lortzeko beharra sentitu nuen.
Orduan, nire irakaskuntza esperientzia oinarritzat hartuz, gazte literaturako estereotipoak aztertu nituen euskara eta hezkuntza zientzietako tesi baten bidez. Nire esperientzia eta ikerketa horiek baliatuz, ikastetxeei, argitaletxeei, elkarteei eta eragile ezberdinei nire laguntza proposatzen dut pedagogia berritzaileak integratzeko. Helburua, ikasle bakoitza baloratuta eta ulertuta sentitzeko ingurune bat sortzea da.
Zein dira zure indarguneak eta zure misioa?
Nire indarguneetako bat sormena da eta partaideekin lan egiterakoan, saiatzen naiz ideiak modu berritzailean aurkezten. Nirekin proiektuetan parte hartzen duten pertsonekin konfiantzazko eta seguritate harreman bat sortu nahi dut. Lankidetza gogoetaren oinarri bat da eta egitura bakoitzarekin elkarlanean arituz, finkatutako erronkei irtenbide argi eta praktikoak eskaintzen ditut. Nire jakitateei eta formakuntzari garrantzi asko ematen diedanez, Pariseko Sorbonne unibertsitatean Osasun Sexuala denentzat diploma prestatzen ari naiz. Horrela, generoen inguruko gogoetari, sexualitatearen ikuspuntua txertatzen ahalko diot.
Nire misioa? Gazte bakoitzari baloratuta eta ulertuta sentitzen den hezkuntza-ingurune bat eskaintzea da. Elkarrekin, aniztasuna islatzen duen jendarte bat eraiki dezakegu, haur eta nerabeek etorkizun berdintzaile ukan dezaten.
2023an EKE-ELKAR literatura Beka irabazi izan zinuen. Aurten "Euritan" liburua kaleratu duzu. Zer kontatzen du?
Nire helburua neska bat zentrora eramatea zen, badakigulako ikerketen eta salmenten arabera, nerabeei zuzentzen direnak direla mutikoak dituztenak protagonista. Nik erabaki dut alderantzizkoa egitea, eta neska bat izateaz gainera beste elementu bat ere gehitu diot: ez da heterosexuala, neskak maite ditu. Bere esperientziak kontatzen ditu, bere abenturak, bere lagunartea du eta horien gorabeherak erakusten dira.
Otoi onartu estatistika eta marketin-cookieak bideo honen ikusteko.
Gehiago jakin
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Bideoa eta argazkiak: Lorentxa Saragueta I Testua: Idoia Rodriguez Mondragon