Goazen denak plazara Pontx Pailazoarekin

2024.03.01

Pontx Ipar Euskal Herriko pailazo gaztea da. Abentura frankotan ibiltzen da eta bere ikuskizunen bidez ikusleak bere saltsetara gonbidatzen ditu. Istorio bakoitza modu alaian bizi du eta bide batez gai bat, balore batzuk edo bestelakoak ere lantzeko tartea ematen du. Oholtzara igo eta musika, dantza eta bihurrikeriekin batera buru egiten die bere gora-beherei. Pasa den otsailean, Kanbora gonbitatu gintuen "Denak Plazara" ikuskizuna barnetik bizitzera. 

Goazen denak plazara Pontx Pailazoarekin
Pontx eta Lili © Lorentxa Saragueta

Nor zara Pontx?
Pontx pailazo mugitu, alai, xelebre, kurioso eta ironikoa naiz. Mundua umore onez ikusi nahi dut, baina nire ondokoek mintzen badute, badut zer erran, hitzik gabe ez naiz gelditzen. Pailazo zirikatzailea naizela erran daiteke ere. Gezurrak nire onerako erabiltzen aditua naiz. Traketsa bada ere, eta ikasteko asko izan arren, kolorea, alaitasuna eta irria zabaltzen nabil Euskal Herriko xoko ezberdinetan. Baloreak umoretik eta inozentziatik lantzeko joera dut, helduekin eta haurrekin harremana sortzeko gaitasuna dut.

Pontx pailazoa © Lorentxa Saragueta
Pontx pailazoa © Lorentxa Saragueta

Zer da Horkonpontx elkartea? 
Pontx pailazoaren proiektua aitzina zihoala ikusirik, ikusgarri guzi hauek produzitzeko, nire elkarte propioa sortu nuen 2020an, Horkonpontx izenekoa. Pontx pailazoaren ikusgarrien eta animazioen gibelean den elkartea da. Azken honek, clown/pailazo ikusgarrien produkzioa eta aurkezpenak produzitzen ditu, euskaratik eta euskaraz. Jendeari alaitasuna, umorea eta euskarazko antzerkia helaraztea du helburu, baita haurrei zuzendutako animazioan, ospitale arloko parte hartzean eta euskararen bultzatzean ere. Ipar Euskal Herrian nagusiki ibiltzeaz gain, hego Euskal Herrian ere saioak eskaintzen ditu. Oholtza gaineko esperientzietatik haratago, zahar etxeetan ibili izan gara, baita beste ekitaldietan ere.

Lili, Pontx pailazoaren laguna  © Lorentxa Saragueta
Lili, Pontx pailazoaren laguna © Lorentxa Saragueta

Zure azken ikuskizuna Denak Plazara deitzen da. Zer kontatzen du?
Goizean goizik, herritarrak esnatu berri direla, herriko dendariak ere plazan dira. Pontx ikusleekin plazan elkartuko da bere lagun baten dendan laguntza eskaintzeko. Saltzaileak Pontxi dendaz arduratzeko kargua emanen dio, ondoko herrian erosketa batzuk egin behar baititu. Pontx saltzaile lanetan nola moldatuko ote da? Pailazoak, ikusleen laguntzarekin dendaz arduratu beharko du. Bisita ere jasoko dute, herriko auzapeza etorriko baita plazara denda hetsi nahian. Pontxek eta lagunek ahaleginak eta bi egin beharko dituzte auzapezak herri txikiko denda hets ez dezan. Lortuko ote dute herriko giro alaiak eta herriko denda txikiek biziarautea? 

Pontx eta alkatea © Lorentxa Saragueta
Pontx eta alkatea © Lorentxa Saragueta

Ikuskizun ugari eskaintzen ibili da azken urteotan Pontx pailazoa Euskal Herriko xoko ezberdinetan. Hauen artean, Ze Saltsa!, Etxeko Altxorra, Gelara! eta Denak Plazara ikuskizunak izan dira nagusienak. Hauekin batera eskaintzen dituen disko, bideoklipak eta bestelakoak ere, Pontxen abenturen osagarri dira! Etxeko txikienek Pontxekin ongi pasatzeaz gain, handienek ere ongi pasatzeko aukera dute bere ikuskizunetan. 

Nahi duena etor dadila eta besteak HORKONPONTX!

Hurrengo hitzordua

  • Maiatzak 1 - Urruña - Saia ostatua (16:00)

 

Gehiago jakin

Lorentxa Saragueta

Komunikazio arduraduna

lorentxa.saragueta@eke.eus

Argazkiak: Lorentxa Saragueta I Testua: Horkonpontx elkartea