Errobik 50. urteurrena ospatu du Getxoko Iparra galdu gabe jaialdian
2024.12.03
Bi urtetarik behin, Getxoko Hiriak, Euskal kultur erakundearekin elkarlanean, Iparraldeko hainbat artista gomitatzen dituen Iparra galdu gabe diziplina anitzeko festibala antolatzen du. 11. edizio honetan, Errobi musika taldearen 50. urteurrenaren ospatzeko kontzertu bakanetako bat ospatu izan da bertan. Omenaldi ederra izan zen. Lorentxa Saragueta argazkilariaren argazkiek kontzertuko giroan murgiltzen gaituzte.
Errobi, lehen euskal rock bikotea, berriz jauzian dator taula gainera, sortu eta berrogeita hamar urteren buruan! Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk osatzen dute bikote hori. Anje, boz zabal eta beroa daukana, leherketaz beldur ez dena, baina neurria eta nabardura erabiltzen dakiena. Erritmika bizkorrak erabiliz, borroka guziekin bat eginez, bai eta norberaren bihozmen eta borrokekin bat izanez.
Mixel Ducau aldiz, musikari eta doinulari paregabea da. Formakuntzaz saxofonista, gitarrista eta anitz soinu tresna joilea. Berak bere burua «kantatzen duen musikari» batentzat dauka eta azpimarratzen du, ez dela ustegabe Anjerekin bikote gisa kantatzen baldin badu. Alabaina, musikari trebe horrek hain du eta musika maite, non kantatzea bera ahantzi bailezake.
Berriz taula gainera itzultzean, goi mailako musikariz lagunduak izan dira: baterian Txomin Duhalde, gitarran Rémy Gachis eta baxuan Inigo Telletxea.
Errobiren lehen beharrespena, beraien kantu bilduma euskaraz kantatzea zen. Bigarrena, musika kodigoak bultzatzea. Mixelek dio osoki beharrezkoa zela, prisa orduzkoa ere bai, kantuak gaurkotasun gehiagoz moldatzea, idaztea eta kantatzea. Hirugarren beharrespena, hautatu testuetako mezuaren indarra. Beraientzat, musika eta mezua batera doaz. Anjek honela laburbiltzen du: «Musika guztiak maite ditut, mezu bat bideratzen duten ber. Testua eta melodia ez ditzazket bereiz. Testua txarra baldin bada, musika ere hala da.» Bien arteko elkargoa beharrezkoa da. Publikoarekin harremanetan jartzen du testuak.»
Daniel Landart testu haietako hitzen idazle bat da. Beste espresiobide batzuen alderantziz, hala nola Joseba Sarrionaindia, Honek bere olerkia beste nonbaitekoa dauka.(Ni ez naiz hemengoa). Daniel Landartek aldiz, bere erroak aldarrikatzen ditu (Ni hemengoa naiz). Haren testuek 1970eko Euskal Herriaren gaurkotasuna agertzen du : gazteen deserriratzea, turismo salbaia, Euskal Herri baten eta gizarte berdintsuago baten eraikuntza (Aitarik ez dut), sindikalismoa (Nagusiaren nigarrak), itzaleko gudariari omenaldia (Hi). Zoritxarrez gaur egungo gaiak direnak beti.
Solasaldia "Iparra galdu gabe" festibala kari
Gehiago jakin
- Daniel Landart, kantu idazle
- Anje Duhalde - Mintzoak.eus
- Mixel Ducau - Mintzoak.eus
- Getxoko 10 ikastetxetako 400 ikaslek parte hartu dute «Gure lekukotasuna» eta «Perttoli» kantuen bideo batean - Bideoa osorik ikus
- "Euskal rockaren historia, disko esanguratsu batzuen bidez" Fred Berruet musika kronikariaren eskutik.
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Testua: Colette Larraburu | Itzulpena: Gexan Lantziri | Argazkiak: Lorentxa Saragueta