Iratzeder mintzo

Xabier Diharce Iratzeder (1920-2008)
Xabier Diharce Iratzeder (1920-2008)
"Hirian sortua naiz, karrika nagusian, diru-etxe baten gaineko bizitegian.

Nere bihotzeko sor-etxea, erran dezaket Senpereko Uhartetxeberria izan dela. Bederatzi-hamahiru urteko lau udak han iragan ditut Begi-urdin arrebarekin.

Arbonarra nuen ama, Katalieneko alaba. Hogeita hamahiru urte zituen sortu nintzaionean. Ordukoz bazituen bi seme eta alaba ; bigarren alaba lau urte geroago ukan behar zuen.

Begitarte pollitekoa nuen ama eta begi urdinekoa.

Ez zen sekula hasarretzen, bainan ez zuen bihozkeriarik : erran daiteke ezti eta amultsu bezain buruz hotza zela, ona bezain nahikunde azkarrekoa.

Isila zen eta gauzak beti alde onetik hartzen zituen ; berak zioena : Pegar guziek bi gider ; alde onetik hartu behar

Lehen hitzak euskaraz entzun ditut, bainan bigarrenak ttikitik geroztik frantsesez.

Haur-haurretik bi mintzairetakoa naiz ; bainan, zorigaitzez, eskolan ez dut frantsesa baizik ikasi.

Sei urtetarik hamabi urteak arte, euskara arroztu zitzaitan. Banakien erantzuten ; mintzatzeko, haatik, ez nintzen gehiago trebe.

Aita bazkaltzera etortzen zenean, ahalketua zen horrelako seme-alaba erdaldunduak entzutean. Oihu handi bat egiten zuen : Euskaraz !

Aitamak fede handikoak nituen : aita, bere bi anaia apaizak bezala, ekarria zen goiko argitan denen ikustera ; amak, aldiz, lurreko argitan ikusiko zituen eta gero fedearen airaldi batez goiko argitan.

Hamabi urtetara heldua nintzen, nere bi anaiak ikastetxe handietara joanak ziren eta udan bazabiltzan Gipuzkoan abertzale hizlarien entzuten. Anaia zaharrenak Zumalakarregi handiaren egintzez egiten zuen amets ; bertzeak idazle aipagarri eta mintzatzaile ederrez.

Karkula-markulan hasi nintzen : Zer egin behar dut handitzean ? - Armada-aitzindari ote ? - Politikan sartu eta deputatu atera ? Azkenean, argi eta garbi ikusi nuen : « Apez eginen naiz, Euskal herrian apez, herritarren bateratzaile eta salbatzaile ».

Aitaren gana joan nintzen :

- Apez egin gogo dut ! - Hi, apez ? Euskal Herrian apez ? ez dakik-eta hortarakoz euskararik aski !

Barna hartu nuen aitaren erantzuna. Egun hartan berean hartu nuen Piarres, Jean Barbier-en liburua ; ama lagun, hasi nintzen euskaratik erdara itzultzen eta ez nezkien hitzak buruan sartzen.

 

Egun batez, Uztaritzeko apezgaitegian, Pierre Narbaitz jaun apezak keinu egin zautan etortzeko :

 

- Zer duk oraino hire lagunekin kalapitan ? - Eskuineko lagunak erraiten daut errepublikaren alde dela eta bertzeak Erregearen alde dela. - Eta hi zeren alde haiz ? - Ni ? Euskalduna !

Hamabortz urte nituelarik, ikaslan guziak goizetan egiten nituen karraskan ; eta arratsaldeko bi oren luzez ari nintzen Laphitz-en euskarazko liburu zahar paregabea nere eskuz idazten.

Hamasei urtetan eritu nintzen. Hiruzpalau hilabetez behar izan nuen etzanik egon : Gure Herria agerkariko kantu eta artikulu guziak irentsi nituen. Gogoan sartu nituen, hola, berrehunta zenbait euskal-aire.

Gero eta pertsu gehiago hasi nintzen orduan egiten, bihotzeko pilpil eta tirabirak aipatuz.

Gernika erre zutelarik, olerki bat jauzi zitzaidan ; eta olerki hari nion lehen aldikoz eman Iratzeder izenordea.

Espainiako gerla denboran, irakasle eta ikasleak oro (Lafitte salbu, erran gabe doa), Francoren alde ziren. Piarres Xarriton eta ni ginen bakarrik, agerian eta goraki, abertzaleen alde ; Xarriton « adimendua » zela zioeten eta ni « bihotza ».

  • « Zoroa naizela diote, zer diozu ? » galdetu nion Lafitteri ; eta hark : - « Ai ! zu bezalako zoro anitz balitz, zentzu gehiago baliteke munduan ! »

Aitak lagundu ninduen berak Belokeko fraidetxera.

Aita Abadearen gelan burua gora sartu nintzen, ustez-eta zerbait merezimendu naukala. Nere aitak zituen egun hartan merezimenduak : bihozminak nagusitua, kadira (alki) baten gainean erori zen nigarrez. Belokeko buruzagiek erran zautaten : ordurarte egiten nituen euskal-lanak aitzina ereman behar nituela, ez gehiago haatik nere nahiz, bainan nagusi nituenen nahiz.

Aski erranik badut. Ni baino gazteagoek maita ditzatela ere Jainkoa eta Euskal Herria. Hau ikasi dut : Jainkoari emana ez da Herriarentzat galdua !"