Xabier Diharce ''Iratzeder''
Olerkari gisa Iratzeder izenordearekin ezagutua zena, Jean Diharce deitzen zen. Donibane-Lohizunen sortua, 1920ean. Ikasketak, Uztaritzeko eta Baionako apeztegietan eginak zituen, eta 1941ean, Lapurdin kokatu zen Ahurti herriko Belokeko fraidetxean sartu zen. Bere fraide izena : Aita Xabier.
Hogei urtez pasa fraidegaiak moldatzen zituen eta 1972an, Belokeko Aita Abade hautatua izan zen. Kargu hori utzi eta, 1987an, Afrikara joatea erabaki zuen, Bénin herrialdeko Zagnanado hirira. Hango fraidetxean, hamazazpi hilabetez egon zen. 2008ko urriaren 13an zendu zen Beloken, eritasun luze baten ondotik.
Obra
Gazte gazterik olerki idazten hasia, bere lehen liburua Pindar eta lano,1941ean argitaratu zuen. Ondotik agertzen zirela :
- Zeru-Menditik (1941-46),
- Argiz-Argi (1947-56),
- Uhaineri nausi (1958-71),
- Jaunaren hegala (1972-90)
- Orroitzapen purruxkak (1981).
Sei liburutxo horiek batean bilduz Biziaren olerkia liburu gotorra (650 orrialde), 1983an plazaratu zen. Biziaren gudaldia liburuan ere (1997), prosarekin batera olerkiak badira, 1977 eta 1995 bitartean idatzitakoak. Bestalde, sekulako lanak erabili zituen Salmoak euskaratzen baita kantika berriak asmatzen, aita Lertxundi musikagilearekin ezin hobeki uztartuz.
Iratzeder, euskaltzain osoa zen 1967az geroztik.
Iturria : Daniel Landartek idatzia "Iratzeder mintzo" Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean estreinaturiko olerki errezitalaren karietara (2003ko martxoan).
Baliabideak
- Iratzeder: argazki-bilduma
- Iratzeder mintzo
- Olerki zatitxoak
- Iratzeder olerkaria liburuxka (PDF - 1,2 Mo)
- Arbelbide, Xipri, "Xabier Diharce Iratzeder-en erkarpean Euskal Herriari: liturgia euskaraz", Maiatz literatur aldizkaria, 65. zkia, 2017ko azaroa