Literatura idatziaren garaiak

Azpimarratu dugun bezala, Europako beste herrialdeei konparatuz, euskal literatura idatzia frango berant agertu zaigu.

Lehen idazleak : XVI-XVII. mendeetan

Euskal literatura idatzia ipar Euskal Herrian sortu zen. 1545. urteaz oroitu behar dugu, orduan agertu baitzen osoki euskaraz idatzi lehen liburua Linguæ Vasconum PrimitiæBernat Etxepare, Garazin dagoen Eiheralarreko erretorearen olerki bilduma. Kasik mende bat beranduago, eta xuxen errateko 1643an, Gero deitu liburua plazaratu zen. Honen idazlea, Pedro de Aguerre, Axular izenordearekin ezagutzen dugu. Nafarroako Urdazubin sortua, luzaz Sarako erretore egon zen. Utzi digun obra bakarra, klasikoetan famatuena da.

Bitartean, Jeanne dAlbret, Nafarroako erregina, 1560ean ofizialki protestant bilakatu zen eta Beskoitzeko Joanes Leizarragari galdetu zion Testamendu Berriaren euskaratzea. Jesus Christ gure Iaunaren Testamentu berria 1571an agertu zen. Garai horretan, bereziki Euskal Herrian, kultura eta jakitatea nagusiki apezen esku zaudelarik, laiko batek bere burua ezagutarazi zuen : hau dugu Arnaud d'Oyhenart, legegizona, euskal historian eta zuzenbidean aditua. Idatzi zituen olerkiak, milako bat lerro orotara, arras ongi moldatuak dira, olerkigintzaren zorroztasuna errespetatuz.

Idazle garrantzitsu gutti XVIII. mendean

Hamazazpigarren mende ondarretik eta hemeretzigarren mende hastapena arte, euskal literatura sorkuntza frango ahula izan zen. Halere, bi elizagizon aipatu behar ditugu: Salvat Monho, Isturiztar olerkaria eta bereziki Juan-Antonio Mogel, bizkaitarra, hizkuntza jori bat erabiliz Peru Abarka idatzi zuena, eta zinezko klasikoa bilakatua dena.

Bi laiko ere gogoratu behar ditugu : Sarako Joanes Etxeberri medikua eta Egiateguy xiberotarra. Oroz gainetik goraipatuko dugu Manuel de Larramendi (1690 - 1766) gipuzkoar jesuita, hizkuntzalaritzan ikaragarriko lanak egin zituena. Harekin batera, beste batzuk ere izan ziren gramatika alorrean eta euskal hizkuntza goresten bermatu zirenak. Labur biltzeko, ikerlari gehiago beraz, idazle baino.

XIX. mendeko pizkundea

Euskal literatura eta kulturak laguntza berriak aurkitzen dituzte : kasetak, hala nola Ariel Agustin Chaho xiberotarrak kudeatua; obra etnografikoak, adibidez Francisque Michel-ek frantsesez idatzi liburua eta 1857an argitaratua : Euskal Herria, bere jendetza, bere hizkuntza, bere ohiturak, bere literatura eta bere musika. Plazaratu ziren ere euskal olerki eta kantu bildumak eta Antoine d'Abbadie zientzialari eta euskaltzale suharra izan zen bereziki gure kulturaren mezenas handia. 1853an abiaturik eta kasik berrogeitahamar urtez Euskal Lore Jokoak antolatu zituen.

Horrelaxe, euskararen alderako atxikimendua hedatu zen. Alegia edo fabula idazleak agertu ziren, hala nola Jose-Antonio Uriarte, Jean-Baptiste Archu... Olerkari ospetsuak ere: Pierre Topet Etxahun (1786 - 1862), barkoxtarra, Jose-Maria Iparragirre (1820 - 1881), Gernikako arbola kantu famatuaren egilea eta Jean-Baptiste Elizanburu saratarra (1828 - 1891). Azken honen obra ez da nasaia, baina bere kantuek arrakasta gaitza ukan dute mugaz bi aldeetan (Ikusten duzu goizean etabar...).

Aro garaikidea

Mende honen lehen erdia markatu dute hiru olerkari hauek: Lizardi (José Maria Agirre, 1896 - 1933), zarauztarra, olerki obra arras landua utzi diguna ; Lauaxeta (Esteban Urkiaga, 1905 - 1937), frankistek fusilatu zuten bizkaitarra; Orixe (Nicolas Ormaetxea, 1888 - 1961), Euskaldunak poema epikoaren egilea. Ipar Euskal Herriak ere idazle trebeak ezagutu ditu. Jean Etxepare medikuak (1877 - 1935) zernahi artikulu utzi dizkigu bai eta bi liburu : Buruxkak eta Beribilez. Jules Moulier (1888 - 1958), Oxobi izenordeaz ezagutuak, bertsu, olerki eta hanbat artikuluren artean, oroz gainetik Alegiak zoragarriki idatzi zituen.1950. urteaz geroztik, idazleak gero eta gehiago izan dira eta euskal literaturak harrigarriko garapena ezagutu du.

Lehenik gogora ditzagun Jon Mirande (1925 - 1972) eta Gabriel Aresti (1933 - 1975). Ordurarte euskaraz idatzi liburuetan irakurtzen ez ziren gai minberak ausartziarekin erabili zituzten.
Neke liteke orain azken berrogeita hamar urte hauetako idazle emankorren zerrenda egitea, anitz izan baitira (ikus gaiaren sakontzeko baliabideak).

Bestalde azpimarratzekoa da ere, itzulpenak beti egin izan direla. Gaur egun, haur eta gazte literatura bai eta mundu zabaleko idazle garrantzitsuen obrak euskaratzen dira.