Euskarazko literatura & musika
Idazleen eta musikarien arteko elkarreragina etengabea da Euskal Herrian 1960 hamarkadatik gaur arte.
Batez ere XX. mendean, elkarreragin horretatik sortutako kanta asko sinbolo bihurtu dira milaka euskaldunentzat, euskararen biziberritzerako ezinbestekoak izan dira, irabazleek sinestarazi nahi izan diguten kontakizunari aurre egin eta gure herriaren historia kontatu digute nazio ikuspegi batetik. XXI. mendean elkarreraginak ez du etenik, bai, ostera, garapenik. Orain beste era batera idatzi eta kantatzen dugu. Kantuaren balio eta funtzio soziala aldatu egin dira.
Egilea: Gotzon Barandiaran, euskal idazle eta kulturgilea.
Euskal literatura & musika senidetuz: disko hautaketa bat
Disko bakoitzari buruzko xehetasunak Badok.eus euskal musikaren atarian aurki daitezke "Gehiago irakurri" esteka klikatuz.
-
1974
Xabier Lete
Gizakiaren beraren existentzia eta herriarena, Euskal Herriarena. Euskararen, bere lurraldearen eta euskal identitatearen iragana eta etorkizuna hartu zituen kantagai Xabier Letek. Euskaraz inprimaturiko lehen liburuan Bernat Etxeparek egindako aldarriak bere egiten ditu, euskara jalgi hadi plazara. Xabier Lizardiren lirikotasunetik amesten du gau ilunaren osteko egun argia. Poeta eta kantugilea elkarrekin.
Urrunago joan -
1974
Oro laño mee batek…
Ez dok amairu sasoiko abiapuntu ideologikoari eutsiko zion luzaroan Benito Lertxundik ere, iturri zaharretik ur berria edanarazteko ahaleginari. Berrogei urteko diktaduraren azken hatsa sumatzen zutelarik, euskarari, Euskal Herriari eta bere askatasunari idatzi eta kantatu zioten Artzek, Letek, aurrez Lizardik egin legez. Epika bat proposatu zigun euskaldunoi, bere askatasunaren aldeko etengabeko borrokan eraiki den herri bat irudikatuz. Metafora bat da disko honetako kanta bakoitza.
Urrunago joan -
1975
Ospital & Carrere
Manex Pagolak eta Telesforo Monzonek sortutako hitz eta doinuok milaka euskaldunentzat ereserki bihurtu ziren, gai jakin batzuetarako helduleku intelektual eta afektiboak izan ziren. Engaiamendu politikoa, borroka armatua, euskara, aberria, Herriaren askatasun gosea… Kantagintza helburu kolektibo handiagoak lortzeko bitarteko edo tresna zinez eraginkorra zela uste zuen belaunaldi baten aldarri gorenetakoa da Peio Ospitalen eta Pantxoa Carreren disko hau.
Urrunago joan -
1976
Gabriel Arestiren oroimenez
Oso osorik Gabriel Arestiren hitzekin osatu zuten diskoa Oskorrikoek. 1964an Harri eta Herri gure poema nazionalarekin euskal poesia modernizatu zuenak, euskaldunak langilea, internazionalista eta bere iraganari lotua irudikatu zuen. Langile kontzientziaren eta lurraldetasunaren pizgarri, mende erditik gora milaka euskaldunen imaginarioan dirauten Guretzat edota Gora ta gora beti! dituzu entzungai hemen. Baita oharkabearen ahanzturan igaro ziren Maite dugu mundua edo Oinaz eta Ganboa.
Urrunago joan -
1977
Gure lekukotasuna
Niko Etxartekin batera euskaraz rock musika, beste edozein musika modu legez, ere egin zitekeela frogatu zuen lehen taldea izan zen Errobi. Hasierako bi diskoetan batez ere Daniel Landarten hitzak kantatu zituzten. Arestik bezala, Landartek ere langile kontzientzia nabarmena erakusten zuen bere idatzietan eta orduko ezkertiarrei zuzendutako funts sozialekoak ziren bere aldarriak. Izan ere, kantagintza, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bitartekotzat zuten bai idazleak baita musikariek ere.
Urrunago joan -
1977
Mosen Bernat Etxepare, 1545
1545ean Lingua Vasconum Primitiae argitaratu zuen Mosen Bernat Etxeparek, euskaraz inprimaturiko lehen liburua. Euskararen historian mugarri izan zen liburu eta ekintza heroiko hura eguneratu eta ezagutarazteko ahalegina izan zen Oskorriren disko hau. Ez zituzten Etxepareren hitzak liburuak irakurri daitezkeen ber maneran kantatu, Gabriel Arestik bere garaira egokituta baizik. Etxepare elizkoi eta era berean aurrerazale eta jostalaria ezagutarazten digute kantuok.
Urrunago joan -
1978
Lauaxeta
Lauaxeta (Estepan Urkiaga Basaraz) idazlearen hiru garaietako poemak hautatu zituen Antton Valverdek piano eta ahotsez diskoa osatzeko. Bide-barrijak sasoiko erromantikoak, Euskal Pizkundearen sasoiko herri-oihuak eta kartzelan eman zituen azken egunetako poema testamentalak. Valverdek bete betean asmatu zuen garai bakoitzeko Lauaxetaren poemek berezko zuten lirikotasuna, epikotasuna eta tragikotasuna are gehiago nabarmentzen. Valverderen ahots eta pianoaren doinuetan are lazgarriago egiten dira Lauaxetak heriotzaren zain zegoela ziegan idatzi zituen Azken oyua eta Agur Euzkadi poemak.
Urrunago joan -
1980
Hautsi da anphora
Bernardo Atxagak (Jose Irazu Garmendia) 1978an argitaratu zuen ordura arteko euskarazko poesia molde guztien ifrentzua izan asmo zuen Etiopia liburua. Bi urtera, liburu hartako poemekin osatu zuen Pott Banda literatur taldean bidaide izan zuen Ruper Ordorikak Hautsi da anphora. Ustez kantagaitzak ziren poemak, errepikarik gabe, jazz, pop eta folkean aritzen ziren musikariekin. Orduan inor gutxik laudatu zituen. Gaur ostera, esan genezake, XXI. mendeko idazle eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzaren ernamuina disko hura dela.
Urrunago joan -
1980
Ezekiel
Bizitzea egokitu zaion sasoia arrotz sentitzen duen mutila da Ezekiel, bere garaian lekurik xerkatzen ez duena, bizi duen une historikoa, bizi duen gizartea, bizi duen herria maite ez duena, arrangura guzti hori baretuko liokeen maitasunaren zain dagoena. Bernardo Atxagak Etiopia poema libururako erabili zuen collage edo irudien mozkorraldiaren teknika sumatzen da Joseba Alkalderen testu hauetako batzuetan. Aurrerantzean idazleek idatzitako poemak eta hitzak musikatzeari garrantzia handiagoa emango zion Itoizek eta hain zuzen, Bernardo Atxagaren hainbat letra entzun daitezke heuren kantetan.
Urrunago joan -
1982
Iratze okre geldiak
Sufrimendua eta beronek sortzen dituen albo kalteak. Sufrimendua eta beronek sortzen dituen haserreak. Haserreak eragindako zorionik eza. Zorionik ezak dakarren zorionaren beharra. Pertsona eta bere bizitza beste ezeren gainetik daudela aldarrikatzeko ahalegin lirikoak. Eta era berean poetari eskaria: kanta egiozu itxaropenari. Parisen Pako Ibañezekin izandako poesiari eta kantuari buruzko gogoetek antzaldarazi ei zuten Imanolek bere hastapenetan kantetan aldarriak zabaltzeko hitzek duten balioaz zuen ustea. Aldarria zeri deritzogun.
Urrunago joan -
1985
6
Bizi dituzten egoera makurretatik alde egin nahi dute Mikel Laboaren bilduma honetako kantetako protagonistek. Baina ezin dute. Denbora ez dago inoren zain, urteek ez diote inori itxaroten. Eta bitartean, zer? Nor ote dago disko honetako hitzek dakarten kontraesanetik libre? Nor bizitzaren eta heriotzaren arteko eguneroko lehiatik salbu? Eta nor ez haizea eta ura esku artean betiko harrapatu ezinetik aparte? Mende oso bat iraganen dut zure hondoan koblaka.
Urrunago joan -
1986
Urte giroak ene begian
Naturan edertasunaren aurkitzea da bizi gareino heriotzari aurre egiteko ariketarik behinena. Lizardik bizi duen lurra nola deskribatzen duen txundigarria da, maiteminez hordituta dago, bere begiek ikus dezaketen guztiarekiko miresmen eta lilurak jota. Koldo Izagirrek dio gure poesiaren garapenerako baitaezpadako tresna izan den analogia poetikoa eskeini zigula Lizardik ondoren idazteko hautua egin genuenoi. Lur bete analogia poetiko litzateke, beraz, disko hau.
Urrunago joan -
1992
Akoka
XX. mendeko idazle eta musikarien arteko kantagintzan emakumeek idatzitako sano testu gutxi aurki ditzakegu. Salbuespena Itxaro Borda da. Akoka taldearen disko bakar honetako testu guztiak dira bereak. Guk ez dugu XX.mendean emakume idazle baten testuekin osorik ondutako beste lanik aurkitu. Rock talde baterako hitzak zirela aintzat hartuta sortu zituen hitzok Itxaro Bordak, Hertzainak taldearentzat ondutakoekin ber gisan. Luzien Etxezaharretak zorrotz idatzi zuen moduan, Itxaro Bordaren tristura etsipen sortzailea da, eta rock doinuetan entzunik, are sortzaileagoa dirudi. Itoiz taldeko kide ezagutu genuen Xabi Pery kantatu zituen alienazioari bekoz beko ari zaizkion hitzok.
Urrunago joan -
1998
Apoaren edertasuna
Itsusiaren edertasuna, nazkagarriaren liraina, zapalduaren ukabila, baztertuaren irrintzia, gutxietsiaren mendekua, Euskal Herrian bezala, mundu osoan ere. Koldo Izagirrek kontatu eta Joseba Tapiak kantatu. Idazle baten eta musikari baten elkarreraginetik sortutako diskorik borobilenetakoa da hau, oso gutxirekin asko baino gehiago esaten duena. Txikia izateaz harro egoteko adorea ematen du entzunaldi bakoitzeko.
Urrunago joan -
1999
Zure minari
Jose Luis Otamendiren beraren ahotsean entzun ditzakegu Bide ertzean taldearen disko honetako azken hitzak "Alferrik jarriko dute musika altuegi / isilean beti gordeko dugu zerbait". Iñigo Aranbarrik azken lirikotzat izendatu zuen poetaren hitzak dira, bere jendeari, bere herriari, bere sasoiari loturik idazten duen poetaren hitzak. Nola kanta dakioke minari mingarriago izan ez dadin? Xalotasunez eta maitasunaren aiduru. Erritmoari eta hitzen sonoritateari garrantzia handia eman izan dio beti Jose Luis Otamendik. Agian horregatik sartzen zaizkigu horren indartsu kantuok.
Urrunago joan -
1999
Tribuaren hitz galduak
Zuzenekoetan herriz herri prestatutako emanaldietatik galbahetutako testu eta doinuak bildu zituzten Pako Aristik eta Mikel Markezek. Ironia eta kritika zorrotza dariote hitz eta doinuei, baita malenkonia poxi bat ere. Europako hizkuntza eta kulturarik zaharrena garela esanez trufa egiten digutenentzako ispilua lirudike diskoak. Ispiluaren aurrean gu gaude, ostera.
Urrunago joan -
2005
Ehungarrenean hamaika
Lauaxetaren heriotzaren 100. urteurrenaren karietara, hamaika kantari ezagunek, beste horrenbeste poema abestu zituzten. Rafa Ruedak zuzendu zuen musikari taldeak, pop eta rock doinuak erantsi zizkien hitzei. Lauaxetaren poesia modu bat baino gehiago hautatu zituzten kantariek, bai gai aldetik, bai formari dagokionez. Eta esango nuke, doinuek, zerabilen euskaragatik ulertzen gaitzak diren poemak mende honen hasieran nagusi ziren doinuekin bat egin zutela.
Urrunago joan -
2006
Memoriaren mapan
Bernardo Atxagaren testuekin egin bezala, Pott Bandan kide izan zuen Joseba Sarrionandiaren hitzekin osatu zuen diskoa Ruper Ordorikak. Hautsi da anphora hartako liburu batetik galbahetu zituen. Hauek bere beregi idatzi zizkion Sarrionandiak diskorako, ez daude inongo liburutan, ez bada diskoak dakarren liburuxkan. Bertan, kanta bakoitzari loturiko pertsona edo pertsonaia baten biografia hautatua erantsi zuen Sarrionandiak. Sorlekua utzita ari zaizkigu guztiak, mundu bazter askotatik. Erbesteak elkartzen ditu.
Urrunago joan -
2013
Gabrielen lekua
Zenbat Gara elkartearen enkarguz pentsatu zuten Gabrielen Lekua ikuskizuna Alain Urrutia margolariak, Andoni Egaña bertsolariak, Oier Guillan antzerkigileak eta Rafa Rueda musikariak. Lau kultur adierazpide ezberdinetatik Gabriel Arestiren obraren irakurketa eguneratzeko eskatu zieten. Zuzenean eskeini zutenaren lagina da disko-liburu hau. Oier Guillanen irakurketak, Andoni Egañaren bertsoak eta Rafa Ruedaren kantak biltzen ditu. Arestiren obra ezagutzen ez duenarentzat sarbide gozagarria da, ez soilik haren poema durduzagarrienetakoak hautatu zituztelako, euskaraz sortzearen funtzio sozialari buruzko gogoeta anitz eragin diezazkigukeelako baizik.
Urrunago joan -
2013
Deserriko kantak
Deserria euskaldunon imaginarioan iltzaturik dagoen kantagaia da. Euskaldunok beti izan gara etorkin, dela abentura goseagatik, dela arrazoi gabezia ekonomikoengatik, dela jazarpen politikoengatik. Eta ez gara munduan bakarrak izan, bistan denez. Deserria erbestea izan daitekeen gisan izan daiteke inongo herriko ez sentitzea, norbere herrian arrotz sentitzea. Horri buruz ari dira disko honetan Eñaut Elorrietak kantatzen dituen Mario Benedetti, Joan Oliver, Harkaitz Cano eta, ezinbestean, Joseba Sarrionandiaren testuak. Non hasi eta bukatzen deserriaren mapa?
Urrunago joan -
2015
Andrazkubak
Oraingoz, bederen, XXI. mendean oso osorik emakume idazleen testuekin osatutako disko bakarra da Danieuris Moya Avila eta Daniellis Moya Avila ahizpa kubatarrek -D'Capricho bikotea - sorturikoa. Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Arrate Mardaras idazleen poemak musikatu zituzten. Batzuetan pianoa eta bien ahotsekin, bestetzutan rock formatoan. Heuren hitzetan, Kubako bi andrazkoen musika, Euskal Herriko hiru andrazko olerkarirentzat. Maitasuna, memoria, galderak, bestelako kode batean, bestelako hitz batzuekin, bestelako hiru bihotzetatik.
Urrunago joan -
2017
Galdemoduen trilogia
Edu Zelaietak 2004an argitaratu zuen Mugaldekoak poema liburuarekin batera sortu zen taldea agertu desagertu egiten da, beti literatura eta musika senidetzen dituen diskoak eskeiniz. Mugaldeko jendearen bizimoduari buruzko poema eta narrazioetatik, euskara jendearentzat bizitzeko gida antzeko bat proposatzera datozkigu disko honetan, jatorri etnolinguistiko ezberdinetako jendeak euskaldunok uler gaitzan, euskaldunok ere heurekin bizitzen ikasi dezagun. Hizkuntza bat hiltzen den bakoitzean, munduak begi bat galtzen du.
Urrunago joan -
2020
Manipulazio estrategiak
Sylvain Timsitek, Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituta, iritzi publikoa eta gizartea bera masiboki manipulatzeko estrategiak hamar puntutan laburbildu zituen. Harkaitz Canok puntu bakoitzeko gogoeta egin eta kanturako hitz gisa moldatu zituen. Egungo euskaldunoi zuzen zuzenean ari zaigu, bigarren pertsonan interpelatzen gaitu, esnatzeko eskatzen digu, ez dezagun horrenbeste errazbide eman manipulatu gaitzaten. Musikalki, Pettik orain arte inoiz ez bezala limurtzea gaituela errango nuke, haserrea, ironia, autokritika eta doinuen ederra uztartuz.
Urrunago joan