Durangoko azoka 2015: Iparraldeko argitaletxeak
Gerediaga elkartearen eta Euskal kultur erakundearen arteko partaidetzari esker, Ipar Euskal Herriko editoreen ekoizpenak agerian emanak dira Durangoko azokan.
Orain duela 9 urte abiatu dinamikari segida emanen diote aurten ere Gerediagak eta EKE-k.
Horren ondorioz Agorila eta ZTK disketxeak, Gatuzain, Ikas eta Maiatz argitaletxeak, Iparraldeko Ikastolak eta Kanaldude web telebista azokan aurkituko dira Iparraldeari dedikatua den espazioan (Goienkale 22 – 34 - Oharra: Elkar-eko Iparraldeko adarra Elkar argitaletxearen mahai ofizialean ordezkatua da). Aurten gainera partaide berriek bat eginen dute ekimenarekin: Zortziko argitaletxeak, Moï Möi ekoizpen labelak, Hordago arte galeriak eta Saroia ekoizpen labelak.
Bestalde, bigarren aldikoz, Euskal kultur erakundeak bere standa ukanen du Goienkale 27-28 helbidean eta paradaz baliatuko da "SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa ibiltariaren aurkezteko.
Egin ohi den bezala liburu batzuen aurkezpen publikoak burutuko dira azoka denboran. Iparraldeko idazleak eta artistak ere ez dira faltako.
- Euskal kultur erakundeak Durangoko azokan proposatzen duen hitzorduen egitaraua (PDF)
- Iparraldeko artisten hitzordu guziak Durangoko azokan
Iparraldeko argitaletxeen berritasunak
Urtero, azokan aurkeztuak diren berritasunen artean gutti gora behera %10a Iparraldeko ekoizpenak dira: 40 bat berritasun baino gehiago aurkitzen dira azokan urtero. 2014an, lehen aldikoz, 50 berritasunen kopurua gainditu zen. Azpimarra dezakegu aurten ere proposamen anitza izanen dela Iparraldetik. Ekoizpen kulturala bere osotasunean aurkitzen ahalko da: produktu “klasikoak” diren liburu, diska eta DVD‐z gain proposamen hibrido et originalak aurkeztuak izanen dira baita ere (liburu-disko edo liburu‐dvd, afitxak, ikas material pedagogikoa, egutegia...).