Durangoko azoka 2014: Iparraldeko argitaletxeak
Gerediaga elkartearen eta Euskal kultur erakundearen arteko partaidetzari esker, Ipar Euskal Herriko argitaratzaileen ekoizpenak argiago agertzen dira Durangoko azokan.
Orain duela 8 urte abiatu dinamikari segida emanen diote aurten ere Gerediagak eta EKE-k. Horren ondorioz Agorila eta ZTK disketxeak, Elkar, Gatuzain, Ikas eta Maiatz argitaletxeak, Iparraldeko Ikastolak eta Kanaldude web telebista azokan aurkituko dira Iparraldeari dedikatua den espazioan (Artekale 16 – 19 eta Goienkale 82 – 85 - Oharra: Elkar-eko Iparraldeko adarra Elkar argitaletxearen mahai ofizialean ordezkatua da).
Aurten gainera, lehen aldiz, Euskal kultur erakundeak bere standa ukanen du Goienkale 82 helbidean.
Egin ohi den bezala liburu batzuen aurkezpen publikoak burutuko dira azoka denboran. Iparraldeko idazleak eta artistak ere ez dira faltako.
Iparraldeko argitaletxeen berritasunak
Urtero, azokan aurkeztuak diren berritasunen artean gutti gora behera %10a Iparraldeko ekoizpenak dira: 40 bat berritasun baino gehiago aurkitzen dira azokan urtero. 2014an, lehen aldikoz, 50 berritasunen kopurua gainditzen da! Azpimarra dezakegu aurten proposamen ainitza izanen dela Iparraldetik. Ekoizpen kulturala bere osotasunean aurkitzen ahalko da: produktu “klasikoak” diren liburu, diska eta DVD‐z gain proposamen hibrido et originalak aurkeztuak izanen dira baita ere (liburu-disko edo liburu‐dvd, afitxak, ikas material pedagogikoa, egutegia...).