Sorginak
Lau mende De Lancre hemen gaindi ibilia zela 1609an eta izan dute aipaldi sorgin, akelarre eta auziek, liburu, mintzaldi eta antzerkietan. Zenbatek irakurtua zuten De Lancreren liburuetarik bat bederen? Zenbatek ezagutzen zituzten eskuin eta ezker Akitaniako sorginetaz egin ikerketak? Ez da ahantzi behar Vasconia euskalduna izana dela duela zenbait mende arte eta euskal kultura odolean daukatela oraino Gaskoinek.
Ez liteke ahantzi behar errege eta lege beren meneko egon garela Biarno eta Baxe Nabarran, Nabarrako Parlamentu eta Gorteak Paben biltzen zirelarik, sorginetaz hartzen zituztela erabakiak besteak beste.
Ez da ahantzi behar Amikuze-Oztibar Akizeko diosesakoak zirela, Gaskoinak bezala, Zuberotarrak berriz Oluekoak Biarnesak bezala, sorginkeria eta fede giristinoa elgarren arten borroka ari zirelarik. Elinberrizeko artxapezpikuaren inguruan biltzen ziren duela 50 bat urte arte Novempopulaniako apezpikuak bere kezkak aipatzeko.
Xipri lotu zaio gaiari gatz eta biper poxi batekin. Beste ttantto bat eskuetan: Bolikostan bere begiz ikusi ditu sorginak lanean. Zer heinetaradino mintza daiteke behin ere ikusi ez den zerbaitetaz?
Begiak dituenak, gaur egun oraino ikusten dituenetaz, zeren eta sorginak ez dira De Lancreren garaietan mugatzen. Biblian aipu ziren jadanik magiziano, hilazti, azti, sorgin, madarikatze eta beste. Horrenbeste mendez lur honen puntatik bestera gizonaren gogoa formatatu duen ikusmolde hori hor dago oraino. Eta ez, zenbaitek usteko luketen bezala, mendi zokoetako jende gibelatu zenbaiten gogoan!