Ahularen indarra
"Erikor baina ez hilkor" erran-zaharrari arrazoi eman dio liburu honen idazleak. Biriketako ahulezia batekin sortua, beti eztulka eta sukartsu, Daniel Landart donoztiritar laborari semeak ez du baserriaren segida hartu ez eta ikasketa luzerik egin. Halere, berrogeita hamar urtez lanean ari izan da! Gazterik hilen zela beldurrez, haurtzaroko oroitzapenak «Aihen ahula» liburuan plazaratu zituen. Hirugarren argitalpena agortua izanez, eta gainera, segida bat aspaldian hitzemana baitzuen, paradaz baliatuz, zaharberritze eta osatze lan bat egin du. «Ahularen indarra» izenburu berdinarekin bi liburu izanen dira. Lehen honetan, bi zati daude: «Laborari semea» deitua, «Aihen ahula» liburuan agertzen ziren istorioak osoki berriz idatzi ditu eta gai berriak emendatu; bigarren zatian aldiz inprimeriako eskulangile baten eguneroko bizitza kontatzen digu. Bigarren liburuan agertuko dira abertzale eta euskaltzale gisa ezagutu dituen zorionak eta tira-birak. Laborari seme, eskulangile, abertzale eta euskaltzale xume batek eskainitako lekukotasun arraroa.