Hiriburuko Leinua taldean ikasi zuen Zibel Damestoy-ek (Baiona, 1998) pika eta ebats urratsak ematen. Dantzarekiko zaletasuna bertan piztu eta ogibide bihurtzeko kemenari esker lortu du Bilaka dantza Konpainian sartzen. Gernika prestatzeko bi errepiken artean, Baionako Arte Eskolako estudioko ateak ireki dizkigu Lapurtar dantzari gazteak.
Bilaka Konpainiaren dantza estudio hau zer da zuretzat? Lantokia, bizilekua?
Egia errateko estudio hau gure etxea bezalakoa da. Egunean lau ordu pasatzen ditugu bederen hemen, sorkuntzen edo emanaldien arabera; gure bilkurak eta krakadak ere bertan antolatzen ditugu. Bilaka taldearekin, duela bi urte etorri ginen Arte Eskolako errepika gela hontara eta ber garaian dantzari profesionala bilakatu nintzen. Orduan dantza niretzat zaletasuna eta ogibidea da ber denboran eta denbora anitz dedikatzen diot, baina plazer handiz ematen ere.
Elkarrizketaren bideoa
Nola iritsi zara ibilbide horren hautatzera?
Nere ama kantari lirikoa da orduan giro artistiko batean murgilduta egon naiz txikitatik. Sei urterekin Hiriburuko Leinua dantza eskolan hasi nintzen eta geroztik horretan segitu dut. Kontserbatoriora joan nintzen momentu batean baina berehala ohartu nintzen sobera "koadratua" zela niretzat eta uztea erabaki nuen. Hamazazpi urterekin Bilakan hasi nintzen, hor gazte talde batekin topo egin nuen, ni bezala, dantza teknika sakontzeko gogoz. Geroztik ez naiz hortik atera. Hogei urterekin profesionala izatera pasa naiz eta orain zuzendaritzan naiz. Niretzat begi bistakoa izan da hastapenetik dantza ibilbidea hautatzea, banekien damutuko nintzela saiatu gabe egon izan banintz, nahiz eta familiaren aldetik ez den gauza errexa izan. Orain horretan ari naiz lanean eta oso kontent naiz.
Zertan dabil gaur egun Bilaka Konpainia?
Neska asko daude herriko taldeetan baina dantza maila gorago baterantz joateko, mutiko gehiago daude neskak baino.
Gaur egun lau gira zuzendaritza artistikoan, gero Xabi Etcheverry biolonista dugu beste hamar bat musikari profesionalez inguratua. Momentu huntan, denak batera Gernika izeneko ikuskizun berria sortzen ari gara. Talde profesionalaz gain, dantzari amatur asko ere badira Bilaka inguruan eta horiei esker, euskal kultura bizirik dago, elkarte zein beste egitura ezberdinetan egiten den lanari esker. Sentsibilizazio lantegiak ere eskaintzen ditugu eskoletan zein beste egituretan. Gu goaz publiko horrengana eta batzuetan ere gazte taldeak hona heldu dira. Harreman handia dugu Kontserbatorioko musika eta dantza arloekin eta denak elkarrekin saiatzen gara dantzari gazteei lana ematea eta haien dantza praktikan sakontzea. Azken finean lantegi eta beste ekintzen bidez, dantza zabaltzea da helburua.
Argazki gehienetan, neska bakarra mutilez inguratua ikusten zaitugu... Nolatan?
Nire ustez, dantza arte femenino bezala ikusten du jende gehienak eta mutiko batek dantza egiten badu, homosexuala da edo ez da normetan sartzen jende askoren gogoetan. Aldiz, euskal dantza herrikoiak ikasten ari direnen artean praktikan sakontzeko neskak bilatzen hasi girenean, ohartu gira lan handia edukiko genuela hauen atzemateko. Neska asko daude herriko taldeetan baina dantza maila gorago baterantz joateko aldiz, mutiko gehiago dago neskak baino. Guk ikusten dugun azalpena da, mutiko batek dantza aukeratzen duenean, hastapenetik zaletasun handia edo maila ona duelako da; bi kasuetan motibazio handia du eta inguruko jendeak bultzatzen du bide horren hartzera. Aldiz neskentzat ezberdina da, neska batek dantza egitea gauza normala da eta dantza uztea beste ogibide edo jarduera bat sakontzeko gauza arrunta da, ez du dantzan segitzeko babesik jasoko. Horren ondorioz, zaila zaigu neskak topatzea. Halere saiatzen gara belaunaldi berriak bultzatzen eta berriki abiatu dugu proiektu ttipi bat biziki motibatuak eta onak diren neska gazte batzuekin, orduan itxaropena badugu baina egia da ez dela beti errexa.
Herriko dantzen eta garaikidearen arteko uztarketa ariketa errexa da denentzat?
Euskal dantzan edo kulturan orokorki, harreman biziki azkarra dago lurrarekin, lurra iratzartzeko, hori dantza garaikidean ere ikus daiteke.
Errexa denik ez dut uste ikusle batzuen kasuan. Batzuk ikuskizunera hurbiltzen dira helburu zehatzik gabe, orduan emozioak harrapatzen ditu eta normalean ongi pasatzen da. Aldiz, helburu finko batekin datorren jendeak ez du askotan espero duena ikusten eta kasu horretan ez da hain ongi pasatzen. Galdera sentsiblea da eta egunero gure artean ateratzen den gaia da. Bilaka ez da euskal dantza talde bat niretzat, euskal dantzariak gara, horretan ez da dudarik eta noiznahi egin dezakegu fandango bat edo aurreskua baina gure lana gaur egun, euskal kulturatik abiatzea eta haren mugimendua haratuago eramatea da, beste leku batera. Ez ditugu banako, fandango edo mutxikoak emanen gure ikuskizunetan, agian hortik abiatuko gara baina beste leku batera joan nahi dugulako. Pasatzen dena da publikoa ohituratua dela gauza batera eta beti espero duena ematen badiozu ez da mugituko. Orduan nolazpait hezkuntza moduko lan zerbait egin behar da, bide berriak irekitzeko.
Dantza gure herriko ondare immateriala garrantzitsua da. Inportantea da iraganekoa atxikitzea?
Uste dut inportantea den oreka bat aurkitzea dantzari amatur eta profesionalen artean, biak elkar kulturaren mesedetan aritzeko, urrunago eramateko.
Bai oso inportantea da eta aberasgarria da horrelako ondare bat edukitzea. Gero, Bilakaren lana ez da hori mantentzea. Errango nuke lan hori herrietako euskal dantza taldeek egiten dutela biziki ongi. Horregatik uste dut inportantea den oreka bat aurkitzea dantzari amatur eta profesionalen artean, biak elkar kulturaren mesedetan aritzeko eta kultura urrunago eramateko. Niretzat euskal dantza bere horretan mantentzea inportantea da, fandango batean sekulako emozioak sendi ditzakezu, eta hori inportantea da bere horretan. Usu, euskal dantza, klasikoarekin edo garaikidearekin uztartzen da eta dantza neo euskaldun moduko bat ematen da. Gu aldiz, euskal dantzaren edo urrats baten esentzia bilatu eta gorputzez beste leku batera eramaten saiatzen gara. Bizki interesgarria da izan ere euskal dantzan eta euskal kulturan edo mitologian orokorki, harreman biziki azkarra dago lurrarekin, lurra iratzartzeko. Eta azkenean lurrarekiko kontaktu hori dantza garaikidean ere aurki daiteke, lurrarekiko kontaktuaren garrantzia alegia. Biak lotzea da gure erronka nolazpait, baina kopiatu/itsatsi batean erori gabe, show batean erori gabe. Beste emozioak, beste ideiak proposatu nahi ditugu, baina horrek ez dio deus kentzen euskal dantza herrikoiari, ez du erran nahi egindakoa gaizki denik, alderantziz da nire ustez.
Gernika ikuskizuna sortzen ari zarete, zu dantzari edo zuzendari gisa?
Gure lana gaur egun, euskal kulturatik abiatzea eta haren mugimendua haratuago eramatea da.
Ni dantzari gisa ari naiz ikuskizun berrian, Martin Harriague arduratzen da koreografiaz eta eszenografiaz. Hor zinez gure euskal dantzari jatorria agerian utzi behar dugu, izan ere Martin Harriague elikatu behar dugu haren inspirazioa lagundu behar dugu, dantzari garaikide gisa duen teknika beste norabait eramateko. Harekin lanean ohartu gira euskal dantzaren urratsak ez direla uste bezain errexak izan ere, Harriague dantzari profesionala izanik, sekulako zailtasunak ukan ditu banako dantza ikasteko. Ez zuen erritmoa harrapatzen ahal hastapenean, ez zuen urratsaren erritmoa ulertzen. Ohartu gira euskal dantzak teknika handia behar duela eta estilo biziki propioa duela.
Euskarak ere leku handia du zure bizitzan.
Nire amaren familia Azkaingoa da eta denak euskaldunak dira, orduan betidanik eduki dut euskara familia ingumenean. Baina etxean aitak ez zekien beraz ez gara euskaraz aritu. Betidanik ikasi nahi izan dut eta desafio baten ondorioz lortu dut euskara ikasten; Azkaingo bestetako familia bazkarietan beti gauza berdina errepikatzen nuen, euskara ikasteko gogoa nuela, eta behin nire osabak, euskara irakasle denak erran zidan "Ados, urte bat duzu ikasteko, heldu den urteko bazkarian euskaraz arituko gara elkarrekin". Desafio hori gainditzeko indar guztiak jarri nituen eta urte batez ero bat bezala ibili nintzen zerotik hasiz; garraioetan eta beste hainbat lekutan bakarrik ari nintzen nire kaskoak belarrietan euskara entzuten eta ikasten. Zinez horrek lagundu nau izan ere euskal filologian sartu nintzen horren ondotik eta Bilakan egoteko ere biziki lagungarri izan da gure artean euskaraz aritzeko.
Euskaldun izateak badu dantzan eraginik?
Publikoa ohituratua da gauza batera eta beti espero duena ematen badiozu ez da mugituko.
Ez dakit hizkuntzak dantzatzeko maneran eragiten duen baina izateko maneran seguru baietz. Hemen adibidez Gipuzkoako bi dantzari ditugu eta gure harremana biziki azkarra da euskaraz ari garelako ere bai. Hizkuntza inportantea da ere euskal dantza batzuetan, mutxikoetan adibidez urratsak ahoz ematen direlako, edo urratsak kontatzeko maneran, soinuetan. Niretzat zentzurik ez luke euskal dantza kurtso bat frantsesez egitea. Bilakaren ikuskizunetan euskarari lekua ematen diogu beti, soinuarengatik, sakoneragatik, lan egiteko manerarengatik eta guretzat inportanteak diren baloreengatik, elkartasuna edo militantzia bezala, izan ere dantzatzea, militantzia modu bat da.
Musikak ere leku handia hartzen du Bilakaren ikuskizunetan.
Musika eta dantza lotzeko eta elkarrekin aitzinatzeko helburua dugu egia da. Euskal dantza taldeetan musika presente da beti, txaranga batek edo beste musika batek lagundurik. Guretzat inportantea da musika agerian jartzea, euskal musikak bere erritmoa eta berezitasunak dituelako. Gainera taula gainean musika zuzenean eskaintzea sekulakoa da dantzarientzat ere, ez da batere emozio berdina musika zuzenean gozatu ahal izatea eta ez grabazio baten bidez. Batzuetan konplikatua izaten da elkarrekin aritzea, musikarien mundua ezberdina delako baina zinez elkarlan horrek zerbait gehiago ekartzen dio proiektuari.
Bilaka lurraldeen arteko mugarik gabeko konpainia dela erran daiteke?
Donostiara, Errenteriara joaten gara anitzetan eta Kukai Konpainiarekin harreman handia eduki dugu ere, biziki interesgarria izan da, harreman biziki onak mantentzen ditugu hango dantzariekin. Gero hegoaldeko publikoa ezberdina dela errango nuke eta uste dut gure lana gustatzen zaiela beraz plazer bat da beti.
Eta dantzatik at, zertan pasatzen duzu denbora?
Anitz maite dut kantatzen eta anitz kantatzen dugu Bilakan, agian bide hori hartu nahi nuke noizbait. Bestalde mendizale naiz, bizikleta anitz egiten dut, anitz irakurtzen dut eta podcasten entzutea bilakatu da zaletasun berria, anitz entzuten ditut eta gero lagunekin trukatzen ditugu. Arte adierazpen guztiak maite ditudala errango nuke orokorrean, ez dago maite ez dudan gauza handirik. Gero denbora anitz pasatzen dugu Bilakan administrazio lanak egiten, prentsarekin hitz egiten edo artista saloietan, etabar. Irringarria da zeren ez gira batere usatuak horrelako lanak egiten, denak ari gara ikasten pixkanaka.
Zuen aktibitateak ere jasan du Covid krisia, nola eraman duzue?
Martin Harriague-rekin ohartu gira euskal dantzak teknika handia behar duela, estilo propioa duela.
Nolazpait burbuila batean sartu garela eta hiperaktiboak izan girela errango nuke, sorkuntzaren aldetik. Orain distantzia pixka bat harturik ohartzen gara sekulako xantza izan dela taldea edukitzea eta elkarrekin aitzinatzea. Momentu gogorretan adibidez, errepika guttiago egiten genituen eta mendi buelta batekin ordezkatzen genuen, hitz egiteko, horren beharra eta askatzeko beharra bagenuelako. Lehen konfinamendua zaila izan zen eta bideo mintzaldi anitz egiten genituen. Gero profesional moduan ari garelako lortu dugu errepika gelara itzultzea eta dantza praktikarekin segitzea. Hortik goiti ez gara gelditu eta anitz komunikatu dugu. Errango nuke ez dugula beste jende asko bezain gaizki pasa. Badakigu biziki zaila izan dela artista askorentzat, dantzari anitzentzat, eta praktika gelditzean gorputzak kolpe gogorra hartzen du. Saiatzen gara egoera alde baikorretik ikusten.
Nola ikusten duzu zure burua hogei urteren buruan?
Jadanik erran izan didate Xiberoako jauzietan indarra falta nuela, aldiz mutikoei ez zaie inoiz azpimarratuko zangoa nik baino guttiago altxatzen dutenik.
Hogei urteren buruan ez dut uste dantzari izango naizenik gehiago. Halere espero dut Bilakan segitzea, zuzendaritzan edo kurtsoak ematen, berrogeita bi urterekin, hori posible da beti. Gero ikasketak berriz hartzeko gogoetan nabil ere bai, Arthur dantzariarekin saiatu gara literatura ikasketak berriz hasten, baina ohartu gira ez dugula denborarik horretarako. Historia, antropologia, soziologia, literatura gaiek interesatzen naute, edo psikologia ere, Bilakan psikologo lanak egiteko eta zaletasun guztiak lotzeko.
Amets bat?
Ez da errexa erantzutea izan ere nire betiko ametsa bete dut jadanik dantzari izanik. Agian Bilakarekin munduan zehar ezaguna izatea eta gure arteko harreman onarekin segitzea, laguntasun hori eta profesionaltasuna galdu gabe.
Bukatzeko, galdegin ez dizudan zerbait aipatu nahi zenuke?
Neska bakarra naizela ohartaraziz, ireki duzun gaia osatu nahi nuke. Erran nahi nuke Bilakan ez girela emazte edo gizon bezala ikusten baizik eta dantzari bezala. Eta interesgarria da azpimarratzea euskaraz dantzari hitzak ez duela generorik. Gure dantza praktikan eta gure egunerokotasunean horrela bizi dugu, generorik gabe alegia. Kanpoko begiradak dit gehienetan neska bakarra naizela gogora ekartzen, baina nik ez dut gaizki bizitzen. Konplikatuago zait kanpoko jujamendua, ikusle batzuek egiten dituzten konparazioak, ni eta mutikoen artean. Adibidez, jadanik erran izan didate Xiberoako jauzietan indarra falta nuela, aldiz mutikoei ez zaie inoiz azpimarratuko zangoa nik baino guttiago altxatzen dutenik. Beti zentzu bakarrean egiten dira konparazioak, hori pisua izan daiteke batzuetan. Ni kontziente naiz ditudan ahuleziez, gure gorputzak ere ezberdinak direla asumitu behar da. Orokorrean lan bat bada hor eramateko eta ideia batzuk deseraikitzeko.