Senpereko etxea zaharberritzen ari zenean, lau mendez etxeko paretak zutik atxiki zituen zur bat esku artean eduki eta etxe puska ttiki horri bizia eta argia nola berriz eman pentsatzen hasi zen Ttitto Aguerre (Uharte Garazi, 1974) zizelkaria. Esperientzia hori sakondu nahian, Baionako bulego lanak atzean utzi eta zurez zein beste ekai ezberdinez, sakonetik heldu zaizkion formen sortzeko erronkari aurre egiten dio orain eskultore baxenabartarrak Senpereko etxeko lantegian.
Baionako bulegotik Senpereko lantegira, kontaiguzu zure ibilbidea.
Euskararen Erakunde Publikoan lanean egon naizen lanpostua aipatu aitzin, Baionako Uda Leku elkarteko zuzendari gisa pasa nituen zortzi urteak gogoratu nahi nituzke, izan ere, nire hasierako formakuntza animazio sozio-kulturalean egin ondoren, haur euskaldunen oporraldiez arduratu nintzen zenbait urtez. Ondotik, zortzi urte EEPn egin nituen. Horiek gibelean utzita, banuen nire baitan landu nahi nuen proiektu bat, zizelkaritzan hastearena hain zuzen ere. Orduan, hiriburua atzean utzi eta Itsasuko Alki altzari kooperatiban hasi nintzen zura lantzen lan denbora erdiz eta beste denbora zizelkaritzari dedikatuz. Gaur, egoera berdinean segitzen dut Alkin denbora erdiz, baina buruan eta bihotzean osoki zizelkaritzari dedikaturik.
Elkarrizketaren bideoa
Nola gertatu da norabide aldaketa?
Ez da kasualitaterik. Uste dut gauzak bata bestearen gibeletik lotzen direla hala egin behar baitira. Etxe honek baditu 400 bat urte pasa eta andrearekin etorri ginenean, alde zaharrean bizitzen egon ginen. Etxea zaharberritzea erabaki genuenean, 2000garren urtearen inguruan, lanak etxekoz etxeko egiten genituen eta senideek anitz lagundu gintuzten; bereziki nire andrearen osaba batekin anitz ikasi dut eta gauzak josten joan dira. Osaba zurgina zelakoan, ikasi dut zura lantzen eta ikasi dut ere gauzen gogoetatzen. Egitea bada eskuz, baina buruz lehendabizi. Aldi berean, teknikoki eskua egin dut, hainbat gauza ikasi dut egiten, ate, altzari, sukalde eta abar.
Landu nahi dudanaren gaiaren araberan izaten da ekaiaren hautaketa.
Gero, etxea zaharberritzen bukatu dugularik, jende frango bezala, bi urte pasa dituzularik, astebururo, gauez, oporretan, denbora guztian etxean lanean, bada iltze bat ere hunkitzen ez duzun garai luze bat. Garai hori pasaturik, etxea zaharberritzean, jakin gabe zertarako baina bazterrean atxiki nituen zur zahar batzuk atera nituen berriz. Hortik, zur bat atera eta garbitzen hasi nintzen. Zur hori egon zen 400 urte pasa harri, lur eta gisuren barnean. Garbitu nuelarik aurkikuntza bat izan zen, batetik biziki estetikoa, gaztaina kolore ilun argi eder batekoa. Ate buru gisa bazterretan bi beharri baziren, bi potoak sartzeko gisan bazituen bi zilo; zutik emanda beste bi zilo handiago egin dizkiot, aire gehiago hartzen lagundu nahi banu bezala. Eta bi ziloak egin eta gero, zutik jarri eta ohartu naiz ongi zela. Gero, beste zur baten bila joan nintzen, barnealdetik erdi erreta, supazterrean egonik pindar batek sarturik eta zura emeki erre duena, forma nahiko geometrikoa eginez. Orduan, zura garbitzean suak hasitako lana segitu nahi banu bezala, segitu nuen zilatzen ohartzeraino egiten ari nintzena ez zela gehiago garbiketa baizik.
Zizelkatzea egoera kontziente berezi bat da, bada parte bat nahitara egiten dena, baina ez dena.
Gero, zura moztu eta bi pertsona agertu zitzaizkidan. Hor, ulertu nuen garbitzeaz harago bazela erresonantzia bat, hizkera bat eramaten ari nintzela materiarekin eta horrek asebetetzen ninduen. Sentsazio hori ukan duzularik, nahi duzu errepikatu edo urrunago eraman. Zizelkatzea da egoera kontziente berezi bat. Ez dut erran nahi ez duzula kontrolatzen, bada parte bat nahitara egiten dena, baina ez dena. Ondotik, enbor bat hartu nuen forma baten bila joateko gogoz, trontza hartu eta zerbait egin nuen, baina ohartu nintzen biziki txarra zela, emozionalki, estetikoki, eta disgustu zerbait piztu zuen ere. Orduan konprenitu nuen ez nuela horrela lan egin behar. Eta bitxi bada bitxi, horren ondotik lauzpabost urte pasa nituen nire lehen bulegoan, burmuinean lanean. “Zer da nahi dudana, jalgi nahi dudana?” Anitz marrazten nuen, buruan nuena begipera jartzeko, konfrontazio bat egiteko, zuzentzeko, aberasteko, aurkitzeko...
Zizelkaritza niretzat, gauzak gurutzatzea eta loturen egitea da.
Denbora anitz pasa dut gogoetatzen eta nire kasuan euskaraz, euskarak ekartzen didan beste munduarekin konfrontatzen. Hizkuntza bat, mundua ikusteko manera bat, hori dakiguna da, baina mundu hori sakontzen egon naiz eta sakondu ahala, ohartu naiz harriak bata bestearen gainean jartzen ari zirela, finkatzen eta oreka zerbait atzematen. Bost urteren buruan hasi naiz materiekin konfrontatzen. Begitik ez da galdu behar plazeraren bidetik noala. Plazera hartzen dut zizelkatzean. Gero artista bakoitzak bilatzen duena bere kontua da. Nik lehenik plazera bilatzen dut.
Eskulangile, artista, nola definitzen duzu zizelkaria?
Zizelkaritza niretzat, gauzak gurutzatzea eta loturen egitea da. Baduzu erran nahi duzuna, baduzu forma, estetika aldetik erabiltzen duzun hizkera, lerroen, formaren, materiaren hizkera. Izan ere, ohartu naiz forma bat egin dezakezula, zurez, burdinez edo harriz, baina ez duzula ber hizkera erabiliko... Tamainak edo kokalekuak ere badute garrantzia, eta nolaz ez argia, hain elementu garrantzitsua. Argiak du forma sortzen. Zizelkatzea da elementu guzti horien batuketa bati buruz joatea. Nire kasuan hitz batekin laburbildu behar dut lan guzti hori, hitz horrek gero nik erran nahi izan dudana jendeak hartzeko.
Nola hautatzen duzu zizelkatzeko ekaia?
Landu nahi dudanaren gaiaren araberan izaten da ekaiaren hautaketa. Zerbait goxoa landu nahi badut, jendeen harremanez adibidez, ez diot altzairu herdoildua jarriko, are gutxiago goxotasuna adierazi nahi bada. Hasiko naiz zuretan, ideia bera azalduko duen zur bat hautatuz, ezkia adibidez, argia dena, oihal goxo bat jantzita balu bezala. Aldiz gauza dirdiratsuago bat nahi badut, burdin bat hautatuko dut, leunduko dudana, dirdira aterako diodana. Beste bidea izan daiteke argia lantzea, argia bilatuz lana bukatzean, forma biziarazteko osagai moduan, edo hastapenetik bilatzen duzun argia. Materiak badu bere garrantzia.
Lana eta zaletasuna besteekin partekatzea garrantzitsua da zuretzat...
Ikastetxeetan ibilitakoa naiz zizelkaritzari buruzko saioak ematen eta erakusketa garrantzitsu batzuen karietara, bitartekaritza lanak egin izan ditut ere bai. Inportantzia ematen diot haur bat, gazte bat materiarekin konfrontatzeari. Eta hor ere badut beste interes bat, izan ere helduok mila filtro ditugu, kulturalak, kutsuzkoak eta abar... Haurrek askoz filtro guttiago dituzte.
Helduok mila filtro ditugu. Haurrek askoz gutxiago dituzte eta inozentzia horrek egiten du berezko formatik hurbilago egotea.
Ondorioz, interesgarria da haurrak lanean ariaraztea, izan ere inozentzia bat badute, helduok galdu duguna. Inozentzia horrek egiten du berezko formatik hurbilago egotea. Haurren filtrorik gabeko inozentzia horrek badu egiatik zerbait askoz hurbilagoa dena gure kutsadurekin duguna baino.
Ondare immaterialaz, zer diozu?
Ondare immateriala, aldi berean denok partekatzen dugun zerbait da, baina ere bakoitzari datorkio zerbaiten ekartzea. Nonbait su baten garrarekin konpara daiteke... Suak denak berotzen ditu, baina garra da ondare immateriala, garrak du sua berpizten edo bertan da berotasuna... Garra ez baduzu zaintzen, sua itzal daiteke. Orduan, inportantea da hortaz jabetzea. Inportantea da ikusteko garra denek egindakoaren, mintzatutakoaren ondorioa dela, baina suak iraun behar badu, bakoitzak egur zati bat behar duela jarri.
Arte bisualetako artisten sarerik bada Euskal Herrian?
Errango nuke iparraldean ez gaudela hegoaldean dauden heinean. Ez dugu ber mailan jokatzen. Halere, errango nuke hainbat indar eramaten direla arte bisualetan halako sustapen baten egiteko. Bereziki aipatuko nuke Euskal Hirigune Elkargoak plantan jarri duen dispositibo bat arte bisualen laguntzeko. Baina oro har, zinez egokiak diren espazio izigarri gutti dira, ez baduzu espazio hori biziarazten.
Arte bisualentzat espazio izigarri gutti da iparraldean.
Iparraldean falta da halako gune handi bat, itsas begi bat bezala, ondoan dauden beste gune ttipi horien argiz zaintzeko. Gune handi hori lotu behar dugu Donostia edo Bilborekin. Guggenheim egiazko Meka bilakatu da Euskal Herrian, beste mundura beso zabalez aritzeko plaza bat balitz bezala. Beti esperantza dut, Baionak hiriburu gisa, paper hori beteko duen gune indartsu eta egokitu bat sortuko duela arte bisualentzat.
Zizelkarien sare bat bada Euskal Herrian?
Zizelkatzen hasi naizelarik, ohartu naiz bazirela beste batzuk lanean ari zirenak, famatuak edo ez oraino, eta interesatu naiz besteek eramandako lanari, joan naiz haien bisitatzera. Harremanak badira maila ezberdinetan, edo norbaiten ezagutzera joan nahi duzulakoan edo norbaitekin zerbait partekatu nahi duzulako. Oro har, harremanak badira, baina zizelkaria berez itzalean ari den norbait da. Ez gara asteburu guziz ostatu xoko batean mintzo. Bakoitzak badu bere bidea eta tarteka gurutzatzen gara, baina gehiegirik gabe, errango nuke.
Euskal Herria inspirazio handiko lurra kontsideratzen du jende askok...
Bai, aldi berean gu egiten gaituen horren eraginez, baina ere gure ingurumenaren eraginez. Horren alderatzeko, pentsu dut badela harreman biziki azkar bat Japoniarekin. Pentsu dut Japoniarrek, Euskaldunek bezala badutela naturaz irakurtzeko molde bat aski hurbila, zeinek egiten duen interpretazioak molde batez ala bestez egiten ditugula. Ingurumenak, mendiak, itsasoak, bazter berdeek, horrek ere eragiten du hain segur.
Zizelkaria berez itzalean ari den norbait da. Ez gara asteburu guziz ostatu xoko batean mintzo.
Bada halako konexio bat. Ni osoki konbentzitua naiz gure ingurumenak egiten duela anitz. Aldi batez ere menturatu naiz erraten iparraldeko edo hegoaldeko zizelkariek lan egiteko molde diferentea dugula eta saiatu naiz hori lotzen ingurumen ezberdinekin. Hemen mendiak leunago dira, garbiago eta ene lana borobilago da segurrenik. Ikusten dudanean hegoaldea, non mendiak zakarrago diren eta paisaiak ez hemen bezain leunak, hori ageri da beste zizelkari batzuen lanean. Erraten dudanak duen balioa du, baina hortaz ohartu naiz.
Proiektu zehatz bat esku artean?
2023ko udan, Biarritzeko Galeria batekin hasi dugun elkarlanaren karietara, hamabost eguneko erakusketa bat eginen dut. Hor ere ikasten ari naiz, entzuten dut Galeristak erraten didana, zer behar nukeen gehiago aitzinera eman edo garatu, baina niretik entzuten dut. Gero agorrilean, Senpereko Larreko kulturgunean, erakusketa handi batean, azken hamabost urteetan eta bereziki azken hiru urte hauetan egindako lanaren zati handi bat agerraraziko dut. Ehun eta berrogeita bost obra inguru izanen dira, horien artean hogeita hamar bat pieza berri. Garai ona delako, materia onak atzeman ditudalako eta izen ona aurkitu dudalako, hor izanen da nire lanaren partekatzeko unea eta gunea.
Amets bat?
Biziki sinple egonen naiz, baina urte batzuen buruan erraten baldin badut, senar, aita eta lagun zintzoa izan naizela, nahiko beteko dut ametsa eta entzuten baldin badut “Brikola zenbait egiten zituen eta batzuk aski politak egiten zituen”, horrekin nahiko.