Mizel Theret (1959, Hazparne, Lapurdi) dantzari eta koregrafoa da. Oroitzen naiz... ikusgarrian, euskal dantzako hiru ikur bildu ditu: Koldo Zabala, Jean Nesprias eta Philippe Oyhamburu... 76, 85 eta 91 urteko gizonak. Omenaldian erori gabe, oroimenean sartuz, ikusgarri berezia osatu du Theretek bere "hiru aitatxiekin". Errenterian (irailaren 23an) eta Lyoneko biurtekoan (irailaren 30an) izanen dira, beren isil eta geldi uneekin.
Xan Aire: Dantza nola ikusia ote zen, zure haur denboran, garaiko ingurumenean?
Mizel Theret: Ni hamar urteak arte Hazparnen bizi izan naiz. Eta fandangoez, paso doblez... oroitzen naiz. Dantza arrunt soziala zen, anitz bestari lotua. Elkartzeko aukera, dudarik gabe. Gero, hamar urteetatik landa, Hiriburun bizi izan naiz. Eta han, euskal dantza barnagotik ezagutzeko parada ukan nuen, talde batean ikasiz. Euskal Herria zer zen ez nekien. Hazparne, Iparraldea... bai, baina... Eta asteburu batez gauza anitz aldatu zitzaidan. Hegoaldean izan ginen, dantzatzera... Han, denak euskaraz ari, eta... Ez dakit nola erran. Harrigarria izan zitzaidan. Halako dardara sartu zitzaidan, gazte-gaztetan, eta orduz geroztik gauzak sakonduz joan zaizkit, Euskal Herriarekiko harremana, batez ere. Erran dezaket dantza nortasuna garatzeko tresna izan dela, dantza militantziarekin lotzen dudala. Bai: lotura bat da, hizkuntza bat, nortasunari lotua.
Alta, euskal dantzak harreman berezia du folklorismoarekin...
Bai, batez ere udan... Zer nahi duzu, diruari ere lotua da. Dantza taldeek diru pixka bat behar izaten zuten, eta dute oraindik. Udan dute publikoa topatzen, turisten aitzinean arituz. Errealitatea hor da. Euskaldunak beren dantzak utziz joan dira, denbora joan ahala. Gibelean kontzientziarik ez baduzu, nahikeria bat... Dena-den, gauza berririk gabe gelditu dira dantza taldeak, errekurtso beharrez, publiko beharrez...
Ez ote da transmisioan zerbait huts egin?
Nonbait bai... Euskal dantza ikasi dudalarik, eta hala zen denboran, urratsak biziki zorrozki egin behar ziren, hala eta ez horrela, erakaslea bera zorrotza izanki... Nik uste hor huts bat izan den. Ene garaian, gainera, errugbian edo dantzan aritzeko aukera baizik ez zen!
Eta zuk, zer harreman duzu euskal dantzarekin?
Momentu batean, urrundu naiz, lanerako. Halako haustura bat izan da, pixka bat semeak aitarekin izan ohi duen gisan: behar bat. Tradizioan preso gelditzen bazara, ez da erraza. Bada momentu bat non hormek zabaldu behar duten. Eta borroka hori gogorra izaten da! Orduan, Parisera joan nintzen, eta han dantza garaikidea ezagutu, jorratu, sakondu. Eta sorterrira berriz itzultzean, gauzak bertze molde batez ikusten hasi nintzen. Iduritzen zait, horrela, ene kultura gehiago zerbitzatzen dudala, hartan sakonago sartzen naizela eta, aldi berean, libratzen naizela ere bai. Gure kultura besteekin ere harremanetan ezartzea inportantea baita. Gako bat eman behar da, besteek ere uler dezaten... Nola aurkitu gako hori, horretan da galdera.
Zer eskas zaio euskal dantzari, gaur egun?
Nik uste sorkuntzak tradizioaren menpe gelditzen direla, sobera. Hala delarik, ez da posible zutaz zerbait erratea, beste hizkuntza bat aurkitzea. Azkenean, nortasuna eta kultura barrenean ditugu, bakoitzak bere gisan, moldean. Guk barne horretan dugunetik sortzea da garrantzitsua. Nahiz eta gero entzun izan dudan ene sorkuntza ez dela euskalduna...
Ohar hori nola hartzen duzu?
Zer nahi diezu erantzun? Azkenean ez diezu kasurik egiten. Eta gisa guziz, badakit nano bat naizela kultura munduan. Batez ere dantza garaikidean, ikusiz nolako jenioak badiren!
Eta gure kulturan?
Jenioak ez dakit, baina zinezko izarrak baditugu. Adibidez, Beñat Achiary batek edo Mixel Etxecopar batek urratu dituzten bideak ikusten ditudalarik... Funtsezkoak izan dira! Horretako, iduritzen zait orain zerbait potente egiteko garaia dela. Izarrak edo nanoak, baditugu artistak! Bakoitzak bere bidea egin du, eta obra landuak ere badira, landuagoak. Ez zen horrelakorik duela hamar urte!
Orduan, kulturan ez da halako krisiarik?
Maila emendatu da. Nik erran nezake publikoan dela krisia, izatekotan. Gure arazoa da ea kopurua zabaltzen dugun ala ez. Euskara ez da hain modan. Gauzak euskaraz egin nahi baldin baditugu, ausartu behar dugu. Eta beste galdera da zer egin behar dugun atraktiboagoak izateko... Horretarako, artistak askatasuna behar du. Ene kasuan, oroimen kolektiboa landuko duen ziklo batean sartua naiz, eta horren arabera sortuko dut. Baina kasu, ez naiz goizetan jaikitzen ene buruari galdeginez: “zer eginen dut gure kulturarentzat?”. Ez, gure kultura ene ekaia da. Adibidez, sorkuntza proiektu bat badut, amodiozko kantuetan oinarritua izanen dena. Xedea ez da batere kantuen hitzak segitzea, baizik eta jorratzea Iruten ari nuzu bezalako kantuak zer oihartzun duen ene baitan, zer oihartzun duen gaur egun. Biziki garrantzitsua zait distantzia hori atxikitzea.
Hala ere, gure burua asumitzen ote dugu euskaldun gisa?
Ez dugu aski egiten ez. Eta komunikazio arazoa ere badugu... ez dakigu komunikatzen! Gero, ez dakit ea komunikazio zurunbilo horretan sartu beharko genukeen, ala bide berriak bilatu, anitzetan informazioa eta komunikazioa nahasten baitira gaur egun. Hasteko, ez dakigu gurea azaltzen, eta Euskal Herritik kanpo joatea zaila zaigu. Horregatik, Oroitzen naiz... ikusgarriarendako, Malandain Ballet Biarritzekin lanean arituz, eta EKE-ren sostenguarekin, mundu bat deskubritu dut! Hor ikusi dut profesionalki anitz gauza posible zela nortasuna galdu gabe. Eta ohartu ere bai euskaldunok ez garela aski ausartak. Iduri luke arrakastaz beldur garela, dena egiten dugula gure buruei mugak ezartzeko. Zenbat konplexu ba ote dugu gure baitan...
Oroitzen naiz... ikusgarriaren proposamena nola hartu dute zure “hiru aitatxiek”?
Ez dakit erran behar dudanez... Baina nik uste horrelako zerbaiten esperantza bazuten. Zerbaiten beha zirela, edo... Behar bada ausarta naiz, baina hala sentitu dut. Bakoitzak bere txokoan eraman du bere saila, bizi osoan. 50 urtez bizi izan dira kantutik, dantzatik eta musikatik! Egin behar da! Eta nik, ene txokoan, ez nuen onartzen horretan fini zela haiena, elkarrekin zerbait taula gainean partekatu gabe. Eta gaur, ikusgarriak galdegin duen lanarekin, anaiak dira!
Nola saihesten da ikusgarria hiru ikurren omenaldia bilakatzea?
Nik xedea argi eta zorrotz nuen hastapenetik: ez nuen omenaldian erori nahi. Bizirik dira! Fite ulertu dute bizitzaz aritu nahi nuela, hori dena sorkuntzan, bistan dena. Eta ados agertu zaizkit, hiruak, nahiz eta urduri izan. Nik zerbait berezi xerkatu nahi nuen: mugimendua zer bilakatzen zen ikusi eta erakutsi nahi nuen. Axuri beltza, Mutil dantza nola den 80 urtetan, denboraren hatzak aurkitu nahi nituen.
Horien ekarpenetatik abiatu zara?
Bai. Bakoitzak hamar oroitzapenekin jin behar izan zuen gure lehen bilkurara. Argazkiekin etorriak ziren, biziki ederra zen! Salbu ez genituela 30 oroitzapen sartzen ahal ikusgarrian. Orduan, bakoitzari hiru oroitzapen atxikitzea galdegin dut, eta hortik abiatu gara, musika batzuekin, dena haziz joan da.
Isiltasunak ere garrantzi handia omen du ikusgarrian...
Isiltasuna musika bezala hartzen dut. Isiltasuna ez da huts bat, dentsoa da, eta aldi berean, halako gelditasuna ere badu. Beso baten altxatzeak bertze dimentsio bat hartzen du isiltasunean. Eta hala hasten da ikusgarria, isilik. Egun batez, ikusgarri bat eginen dut osoki isilik. Eta euskararen sonoritateekin ere bai, ene proiektuetan da.
Euskal Herritik kanpo arituko zarete, Lyoneko biurteko distiratsuan...
Bai, ohore handia da! Gaitzeko saria gure hiru ikurrendako, bizitza luze baten ondotik. Eta gure kulturarendako ere oihartzun sakona.
Zer leku duzu zuk, hiruen artean?
Ikusgarrian berean, leku berezia dut. Ilunpean, zoko batean... Teknika lanak betetzeko, baina bertze gauza berezi baten egiteko ere bai. Gauza biziki garrantzitsua kontutan hartu behar izan dut: adin horretan, bezperan egiten dena ahaztea gertatzen ohi da. Memoria biziki hauskorra da. Eta biziki maite dut hori! Emanaldi bazkoitzari berezitasuna ematen diozu. Orduan, ni hor naiz itzalean, sekula hiruetatik batek zerbait ahazten balu, une hori betetzeko, gakoa orduan berean eskaintzeko, ikusgarria segitzeko gisan. Oraingoz ez da deus horrelakorik gertatu, baina ni hor hurbil izateak segurtasuna ematen die, bakea. Eta ikusgarri bukaeran, dantza bat egiten dut bakoitzarendako, baina ez da omenaldia, ez da aurreskua. Horiekin lanean aritzeak ondorioak ekarriko ditu ene sorkuntzetan, dudarik gabe. Isiltasuna eta gelditasuna ez dira adin afera bat.
Eta zu, zahartzeaz beldur ote zara?
Ez dut balentriarik eginen, baina hobeki naiz orain lehen baino. Barnetik gauza gehiago heldu zait. Zahartzeak ekarri duen zerbait da, plazera, orduan kontent naiz! Baina batzuetan nago zergatik jakintza hori ez ote den lehenago jin...