Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

  • LAUKITIKAT
  • 2023-03-30
  • Hizkuntza: Euskara

Hazparneko bere "harpean" hartu gaitu Pantxix Bidartek (Hazparne, 1971) goxoki solasteko. Horrela deitzen du bere etxean instalatu duen musika gela, izan ere orenak pasatzen ditu bertan, musika sortzen eta beste lan batzuk egiten. Gaztetan, taula gainean egoteko ikasitako bi akordeek, gitarran trebatzera eta musikaz bizitzera eramaten dute kantari hazpandarra, bidean, sortzeko askatasuna galdu gabe.

Gitarra eskuan, ibili bizian, izan daiteke potret honen lerro burua?

Bai izan daiteke, agian iraganeko garai batean irudikatuz, oraina baino gehiago. Gaur, nire harpean zaude. Denbora gehiena hemen pasatzen dut, bakarrik, mundu bakartu batean. Gutxiago ateratzen naiz, nahiz eta harremanak ditudan oraindik kanpoarekin. Baina egia da garai batez ibili naizela gitarra bizkarrean munduan gaindi, Europan, Quebecen, Grezian. Akropolia azpian, etxeratzeko dirurik ez nuela, Izarren hautsa kantatu nuen behin, eta horrela lortu nuen txartela ordaintzea.

Musikan deus jakin gabe hasi nintzen, bi nota egin eta kontzertu bat antolatzen genuen.

Eta gitarra hor da beti nire bizian. Orain dela 30 urte hasi nintzen eta orain ari naiz berriz instrumentua deskubritzen. Punk garaian hazi ginen, nahiz eta ni hard rock zale naizen gehiago. Orduan musikan hasi nintzenean, punk eta hard rock taldeetan jotzen nuen. Garaian, musikan deus jakin gabe hasi nintzen. Bi nota egin eta kontzertu bat antolatzen genuen belaunaldiko beste askok bezala. Oraingo gazteak ikusten ditudalarik, iruditzen zait gehienak jantziagoak direla. Asko musika eskolatik pasatzen dira lehenik, eta gero talde bat sortzen dute. Beraz ez nuen gitarra jotzen ikasi, desbideratu nuen tresna nire erara. Geroztik, gitarra jole handiekin musika jotzeko aukera izan dut proiektu ezberdinetan. Ohartu naiz rockero hutsa nintzela eta power chords deitzen diren horiez aparte, fitsik ez nekiela. Beraz badut halako konplexu bat gitarrarekiko eta orain ari naiz hori lantzen. Ez naiz inoiz gitarrista handia izanen, baina gitarra beti hor da.

Elkarrizketaren bideoa

Gogoratzen zara nola etorri zitzaizun kantatzeko gogoa?

Musika eta kantua beti izan dira presente nire bizian. Bi urtetan, familia bazkari batean, mahai gainera igo nintzen eta Pottoka mendian abesten hasi nintzen denen aitzinean. Kontatu didatenez, hura izan zen nire lehen kontzertua. Gero etxean, autoan, aita-amek beti kantatu izan dute. Euskal kantak noski, baina Renaud, Brassens eta halako frantses kantarien kazeteak baziren ere. Bestalde, txikitatik gitarra jo nahi nuela gogoratzen naiz; igandetan Dantxarineara joaten ginenean, zintzilik zeuden gitarra espainol horietako batekin amesten nuen. Baina aita-amek uste zuten kapriza hutsa zela eta ez zidaten inoiz erosi. Hamazazpi urte ukan nituenean, Kittu Lascaray eta Bixente Hiriartekin nengoen klasean eta hirukote ederra osatu genuen, ZTK elkartea eta beste hainbat ekimen bultzatuz musikagintzan. Uste dut gitarra erosi eta urte bat berantago hasi ginela kontzertuak ematen, lehenik Istripot edo Mister Saguak bezalako taldeekin. Hor bi akorde jakin eta hasi ginen jotzen. Lehen eria sartu eta, kontzertuz kontzertu, gaztetxez gaztetxe, musikak osorik eraman ninduen. Garaian, giro hori zen nagusiki, rock kontzertuak nonahi, ostatu, gaztetxe eta herriko besta andanatan ari ginen. Beste asko bezala, hiruzpalau taldetan ibiltzen nintzen eta franko ibili azkenean. Sei edo zazpi urtez iraun genuen.

Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Gaztetako bi akordeen ondoren, zer?

Bretainiara joan nintzen garai batez, eta errango nuke hor gertatu zela bihurgune bat. Han ere kantatzen hasi nintzen. Antzerki talde baten lehen parteak egiten nituen, baina folk akustikoan batez ere. Errebelazio bezalako zerbait gertatu zitzaidan momentu hartan.

Euskal Herrirat itzultzean, rock eszenatokia erabat utzi eta folk munduan murgiltzen hasi nintzen. Elaudi taldea sortu genuen eta hamar urtez ibili ginen. Gero haustura handi bat izan zen. Dena utzi nuen. Sei urteko pausa luze bat egin nuen musikagintzatik urrun. Orain berriz itzuli naiz eta beti bezala proiektu ezberdinetan nabil ber denboran. « Anitz ari eta gutxi ageri » batek dioen bezala.

Aurten, bidea bukatu dute ari nintzen talde ezberdinek. BBAX taldea bukatu da besteak beste. Izan ere, Covid krisiak bururaino eraman du sistema bat, mugaraino, eta guk ere muga horretan gelditu dugu proiektua. Orain beste polifonia proiektu bat abiatu dugu sei kantariren artean; hemendik Marie eta ni, Xiberotik Claudine Harancet eta Kattin Inchauspe, Hernaniko Ander Barrenetxea eta Bilbotik Ibon Errege. Orduan erran dezakegu euskal polifonia talde bat osatzen dugula, A! izenez abiatzen duguna. Momentu honetan ari gara soinua atzematen taldearentzat. Izan ere, polifonian inportantea da taldearen soinua topatzea. Gero hasiko gara emanaldiak eskaintzen.

Polifonian inportantea da taldearen soinua topatzea.

Ondoan, Astafforten egon naiz duela gutti, Francis Cabrel kantariak antolatzen dituen artisten formakuntza saioetan, kantuen idazten ikasteko. Esperientzia biziki polita izan da. Izan ere, Okzitandarrak, Korsikarrak eta nire iritziz, biziki musikari finak eta nire gustukoak ezagutu ditut bertan. Beraz Okzitaniako artista batekin proiektu bat muntatzea erabaki dugu, formatu sinple batean; hark pianoa, gitarra eta akordeoia jotzen ditu. Beraz musikari osoa da, eta elkarrekin ariko gara.

Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Egiteaz gain, musika ezagutarazteaz ere arduratzen zara.

Bai, transmisioan lan egiten dut, horren beharra ikusten dudalako. Dakizun hura partekatzea, besteari ematea… Eskoletan ibiltzen naiz maiz, eta Makean edo Aiherran kantu tailerrak antolatzen ditugu bakantzen garaian. Azken bost urte hauetan, Musikariak ikastetxeetan proiektuan parte hartzen dut. Nafarroan abiatutako proiektu bat da, Gotzon Barandiaranen eskutik. Proiektu hau martxan jarri zuten ohartu zirelako gazteek ez zutela lotura handirik euskal kantagintzarekin; nolazpait, joaten gara, misiolari moduan, gure burua aurkeztera, eta zenbait mugarri ematera ere bide batez.

Nik uste dut denentzat badela lekua, antolatu eta nahi izanez geroz.

Berez Nafarroan hasi zen, gero Euskal Autonomia Erkidegoan egin zen eta orain Ipar Euskal Herrira iritsi den egitasmoa da. Bagara berrogei bat euskal kantari, Paskal Irigoyen, Maia Hiribarne-Olhagarai, Eñaut Elorrieta, Thierry Biscary eta abar luze bat. Ibiltzen gara eskolaz eskola, gure burua aurkezten dugu, gure ibilbidea edota sorkuntza prozesua aipatzen ditugu. Zenbait ur tanta hedatzen saiatzen gara gazteen artean, bat edo beste lot dadin gure euskal ondareari.

Bakarka eta taldean ari zara, zer nahiago duzu?

Anitzetan eskatu didate bakarka aritzea eta anitzetan ere, zerbait sinple proposatzea, oihu gehiegirik gabe edo... Hauei ez diet kasurik egiten eta nik nahi dudana egiten dut. Taldearena maite dut gehiago partekatzen duzulako. Bestearen ekarpena duzu eta hori interesatzen zait. Muntatzen ari garen polifonia talde berrian adibidez, badugu xiberotar garbia alde batetik, musika inprobisatuen munduan dabilen Bilboko bat eta Hernaniko sagardotegi bateko jabea. Orduan bada halako nahasketa biziki interesgarria, ikustea bakoitzak zer ekartzen duen eta zer partekatzen dugun. Bakarlari gisa egiten duzun lan batean ez da berdin. Adibidez, bakarlari gisa egin dudan eHe diskoan, Mathieu Harambourrekin batera, zaila izan zait nire burua kokatzea. Disko hori nirea dela erraten dut, nik idatzitakoa delako, baina egia da Mathieuk anitz parte hartu duela alor ezberdinetan. Orduan diskoa nirea da, baina ez da arras horrela, zeren bien artean egina da.

Lehen, kontzertu ttikiak nonahi antolatzen ziren, eta gaur egun ganbara huste eta eguberriko salmentek ordezkatu dituzte.

Hor ohartu naiz halako proiektu batean, argi eduki behar duzula zer nahi duzun, behar duzula burua izan eta nik hori ez dakit egiten. Konturatu naiz proiektua ez dudala kudeatu, ez dakidala talde bat kudeatzen eta nik nahiago dudala besteekin batera aritzea. Horregatik nahiago dut talde lana. Gero,  bakarlari gisa disko polit bat ateratzea egun batez ez dut baztertzen. Lehenik gitarra ongi landu behar dut eta gero ikusiko.

Musika beste arteekin uztartzea gogoko duzu ere.

Anitz lan egin dut Koldo Amestoy kontalariarekin hitzak eta musika uztartzen zituen proiektu batean. Beti erraten dut Koldo biziki musikaria dela bere ariketan. Erraztasun handiz integratzen ditu hitzak musika doinuetan. Badu hitzaren musikatzeko dohain bat. Itxaro Bordarekin ere poesia errezitalak eskaini ditugu. Zirkuan ere ibilitakoa naiz eta Uztarorekin ere performance moduko kolaborazioak egin ditut. Uztarorekin gainera bideoklipa atera dugu diskoarentzat. Hor aldiz, kantu bat hautatu eta beraien proposamena egin dute. Ez zen inongo gomendio edo baldintza berezirik nire aldetik. Libre utzi ditut erabat. Eta emaitza ikusi dudanean, zinez liluratua egon naiz. Eskertu ditut, zeren eta lan ederra egin dute.

Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Ondare immaterialak badu garrantzia?

Eskoletan ibiltzen naizenean, haurrak kantarazten ditut eta ohartzen naiz zenbat kostatzen zaien, doinu sinple sinple bat egitea. Eta ni kantuz hasten naizenean, irriz hasten dira ere. Egia da alde batetik nerabe direla eta adin konplikatua dela. Baina uste dut beste zerbait badagoela. Orduan esplikatzen diet, agian lotsagatik edo beldurragatik hasten direla irriz edo ezinean, kantuarekiko lotura nolazpait moztu delako. Gogoratzen diet, amaren sabelean edo senideen besoetan entzun zutela kantuz lehen aldiz, gauaz lokarrarazteko, lehen momentutik badugula bibrazio hori, nahiz eta gero ahaztu. Bai, iruditzen zait moztu digutela sentsibilitatearekin dugun lehen harreman hori eta errekuperatu behar dugu.

Iruditzen zait, moztu digutela sentsibilitatearekin dugun lehen harreman hori eta errekuperatu behar dugu.

Gero ikasleekin denok batera nota bat ateratzen lortzen dugunean, sentiarazten diet bibrazioa eta horretatik ateratzen den indar kolektiboa. Hori errateko ondare immateriala inportantea dela, sentsibilitate horri berriz lotzeko eta noski atzean den kultura guzi horri. Nik zailtasunak ditut gaur egun hedatuz doan berdintasun joera horrekin. Nik ez dut besteak bezalakoa izan nahi. Kontent naiz diferente izateaz. Zure parekoa naiz, baina ezberdinak gara eta horretan da gure topaketa interesgarria. Denok berdin baldin bagara, klonak izanen gara. Denak maskaratuko gaituzte, denak berdin, denak lau dosiekin besoan eta denak berdin uros. Nik ez dut halakorik nahi. Nolazpait ezberdin egiten gaituztenak kultura eta ondare immateriala dira ene ustez, orduan hori zaindu behar da.

Beste ogibide ezberdinak probatu dituzu ere; gogoz, beharrez?

Erraten dut egin dudala 40 urtetako krisialdi bat. Musika aldetik, duela hamar bat urte, konpainia batean nintzen eta ez zen ongi pasa. Oroitzapen txar bat da niretzat, nahiz eta gauza ederrak egin ditugun garaian. Baina gaur gogoratzean, oraindik tripako mina sortzen zait. Ber momentuan ere nire lehen alaba sortu berria zen eta ni musika istorioetan murgildurik, ohartu nintzen nire alabari ez niola halako giro batean ongi etorria eman nahi. Nahi nuen gozatu momentuaz. Orduan bat-batean erran nuen: «aski». Musika ez zela gehiago niretzat pentsatu nuen. Ondorioz, nire buruari hasi nintzen galdetzen zer egin nezakeen ogibide gisa. Beti izan dut herriarekin lotura eta beti pleinitzen garela, herri dinamika desagertzen dela, ez dela gehiago komertziorik. Orduan pentsatu dut, guk tokikoek ez badugu ardura hori hartzen, gero ez du balio negarrez aritzea. Horrela iritsi zen komertzio bat irekitzeko erabakia.

Sekulako festibalak antolatzeko joera bada, sekulako taldeekin. Ni berrogei pertsonen aitzinean pozik naiz eta uros noa etxera.

Saltegi soziala eta euskalduna nahi nuen. Izan ere, batzuetan iruditzen zait, euskal munduan ari garela euskaldun asko, baina gero herrian, ostatu batean edo saltegi batean gutitan daude jende euskaldunak. Gero herria arroztua zaigu eta gu ari gara goi mailako kontzeptuetan. Gasna saltzen hasi nintzen. Gasnarekin atzematen dut badela ere zerbait ondare immaterialetik. Izan ere, bada bizimolde bat, istorio bat gasna bakoitzaren atzean. Hasieran bikain pasa dut saltegia antolatzen eta hastapenean ongi funtzionatu du, baina gero aspertu naiz. Iraupenean ez naiz ona, eta lau urteren buruan, hetsi dut saltegia. Egin nuen nire partea. Baina esperientzia horri esker, nire herria ikusi dut barnetik. Ikusi dut nola aldatu den, garai bateko humanismoa nola galdu den. Denda batean sartzen naizenean orain, badakit ez dela beti erraza izaten haientzat. Begirada aldatu zait. Badakit konplikatua dela eta pena iruditzen zait komertzioen alde soziala desagertu izana.

Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Zertan da euskal musikagintzaren panorama?

Duela gutti egin dut formakuntza moduko bat frantses kulturaren egitura ofizial batean eta hasierako hitzaldian horrela erran digute: «Jakin behar duzue ez dela lekurik denentzat. Hori ez da problema bat, datu bat da». Hitz horiekin, ulertu behar da kultura arloko egitura batek argi duela bileran ginen hamabost pertsonok ez dugula gure lana aurkezteko aukerarik edukiko, gutariko asko hilko garela saiakeran. Honenbeste leku dute honenbeste artistentzat eta kitto. Eta beldur naiz Euskal Herriak ere antzeko sistema bere gain hartu duen pixka bat edo hortarat ari garen. 

Sekulako eskaintza dago kultura alorrean, diskoak trumilka sortzen dira eta inork ez ditu saltzen.

Uste dut gauza asko egiten direla kultura alorrean. Sekulako eskaintza dago, diskoak trumilka sortzen dira. Inork ez ditu saltzen, baina denek ateratzen ditugu. Gero disko bat saltzeko, promozioa ere egin behar da eta nik hori ez dut egiten. Ez dakit egiten. Bestalde, lehen, kontzertuak nonahi antolatzen ziren. Kontzertu ttikiak… Gaur egun, ganbara huste eta eguberriko salmentek ordezkatu dituzte. Uste dut Euskal Herrian kontzertuak emateko lekuak badirela, asko, eta antola daitekeela artisten lanak agertzeko sare moduko bat, denei segurtatuz hamar bat emanaldi zazpi lurraldeetan bederen, lan bat aurkezteko. Gero lanak arrakasta badu, aurrera, eta bere publikoa ez badu topatzen, bederen diskoa ezagutarazteko parada eduki du eta uste dut artistak merezi duela. Uste dut hain sinple dela egitea eta ez dela egiten borondaterik ez delako. Gero bada ere sekulako festibalak, makro kontzertuak antolatzeko joera bat, sekulako taldeekin, gauza handiak egiteko nahia alegia. Ni berrogei pertsonen aitzinean pozik naiz eta uros noa etxera. Nik uste dut denentzat badela lekua, antolatu eta nahi izanez geroz.

Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Pantxix Bidart (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Amets bat?

Gogoa nuke familian, lauen arteko proiektu bat sortzeko. Orain ez da garaia, izan ere, nerabetasuna ez da burasoekin kantatzeko adin egokia. Baina nahi nuke, Marie eta bi haurrekin, nire tresnekin, bidaia moduko bira txiki bat asmatu. Hamar kantu prestatu eta familian kantuz aritzea nonbait. Ez dakit amets bat den, utopia bat edo ondoko proiektu bat, baina ideia hori hor dut gogoan.

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Joanes Garcia-Basurko

Joanes Garcia-Basurko

"Kuriositatea da kalitaterik hoberena"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

Elkarrizketa gehiago