Mixel Etxekopar

Mixel Etxekopar

"Ez naiz kontzienteki sartu artearen mundura"

  • Xan Aire
  • 2015-02-23
  • Hizkuntza: Euskara

Mixel Etxekopar (1963, Gotaine-Irabarne, Xiberoa) aurkezte beharrik ez duen artista da. Horrek dastatu gabeko arlo guti daiteke: ofizioz irakasle den txirularia gehienetan ibilki da, inprobisaketaren hariak tiraturik. Xiru festibala hurbiltzen ari dela, bertan Txorieri ikusgarria aurkeztuko dutela, bere poesiaren eta kezken baratzearen ateak zabaldu dizkigu.

Artista biziki herrikoia izanik ere, zaila zaigu irudikatzea zer ingurumenean handitu zaren...
Bitxi da, orain ari bainaiz lotura egiten ene haur denboraren eta artegintzan pizten nauenaren artean. Txorieri ikusgarria, adibidez, badakit nontsutik abiatua den, baina orain dut zinez horren kontzientzia. Eta goxo da. Irabarne auzoan sortu eta handitua naiz, laborari-etxalde batean, karrikan izanik ere. Besterik gabe, gu pilotan aritzen ginen murru baten kontra, eta horrelako jostetak genituen. Hori dena errateko ez naizela kontzienteki sartu artearen mundura. Etxean, inguruetan, denak kantuz ari ziren, eta normala zen! Oihan artean ibilki, baita bortuan, osabarekin... Amatxik ere, Irabarneko jauregira eramaten ninduen, iluntzean zernahi txori etzaten baitzen han. Eta ni, haiei beha, aho zabalik. Amatxik handik kentzean, orroaz hasten omen nintzen! Mundu batean hazten zara, ohartu gabe horren eraginaz. Eta, hamalau urtetan, jadanik maskarada eta pastoraletan ibiltzen nintzen, txirula jotzen, behar gorria baitzen, garaian. Berantago, Bernard Lubat, Beñat Axiari... bezalako artistekin ibili behar izan dut, ohartzeko txirula, aho-txistua, edo haurtzaroko mundua, poesia direla.

 Poesiak, toki erraza ote zuen, laborantza munduan?
Bazuen tokia, baina toki kontzienterik, ez dakit. Gero, ni, ameslari nintzen, izan etxean, lagun artean, eskolan. Beti txistuz. Badakizu: “Xorieri mintzo zen”... Gaur ere, bilkura baten erdian, izpiritua eskapatuko zait, eta txistuka hasiko berdin!

 Zure ibilbidea ikusirik, sentipena dugu zerbait eskas izan zaizula, Xiberoko euskal kulturan...
Zerbait aberasgarri izan da, hastapenetik. Batez ere Etxahun Iruri bezalako fenomenoarekin ibiliz. Baina zerbait eskas izan baldin badut, batez ere adoleszentzian, hizkuntza izan da. Irabarnen, espartingintzaren inguruan, gurutzatzen ziren españulak (nafartarrak eta aragoitarrak), frantsesak, eta euskaldunak. Hiru hizkuntza, eta bat nagusi: frantsesa. Nik Etxahun koblaka ikusten nuelarik, harritzen nintzen, eta, aldi berean, frustraturik gelditzen. Baina frustrazio baikorra, aitzinatzeko gogoa ematen baitzuen, ez bainuen lagunekin euskaraz mintzatzeko mailarik ere. Gero, beste eskasiarik aipatu beharko banu, aitortu behar dut beharrezkoa izan zitzaidala kanpora ateratzea. Musikari esker, bi leiho zabaldu zaizkit, Xiberotik haratago: bata mundu zabalera, bestea Hego Euskal Herrira. Azken hori, guretako Espainia zen, eta punto! Etxahunek gaitu Euskal Herrira tiratu. Eta mundu zabala: jatorri guzietako musikak, kulturak, festibalaren kontzeptua. Lubatekin nuen hori barnetik deskubritu, bere herrian muntatzen zuen jaialdira gomitatu baininduen. Kontzertua oihanean, eta jendeak pagatzen... Ni, harriturik, haur denboran egin dudan hura egitea galdegiten baitzidaten, musikari ezagunen artean! Garai berdintsuan genuen sortu Xiru gure laborategia, eta hor, sorkuntza esperimentatu, gu gaudenetik eta gure ondaretik. Horrek irauli ninduen, nahiz-eta Etxahunek bere haziak utzi.

 Zer hazi utzi zizun?
Lehen aipatu hizkuntzaren garrantziaz gain, inprobisaketarako zuen malgutasun hura. Gertatzen zen, batez ere pastoralen prestaketen oroitzapenak ditut, hark kantu bat guri erakatsi – hura eskuak sakeletan, paperik gabe; gu, hamar urteko haurrak, harriturik –, baina hilabete bat berantago, kantu hari doinua eta hitzak aldaturik itzultzen zitzaigun! Gero, hasi ziren kanpoko kantari euskaldunak ere Xiberora jiten: Etxamendi ta Larralde, Lete, Iriondo, Lertxundi... Ez genuen tutik konprenitzen, baina loriaturik egoten, hala ere. Eta, Gotainen, han zegoen populakuntza bereziarekin, euskal kantariez gain, Argentinako quarteta bat ekarrarazi zuen musikazale batek: xoragarria izan zen, hura ere. Nik uste Xiru sortzerakoan, 1990ean, aitzineko garai horren eragina ere bagenuela.

 Zer izpiritutan sortu zenuten festibal hori?
Hatsarrean, txirulari edo asimilatuen topaketa zen. Guti elkar ezagutzen genuen, auzo-ibarretakoak doi-doia, eta Euskal Herri osokoak, pentsa! Fermintxo Garaikoetxea, Leon Bilbao bezalako artista izugarriak gomitatu genituen, baita biarnesak, katalanak... Eta ohartu ginen txirula ez zela helburu bat izaten ahal, baizik-eta giltza, beste zerbaiten irekitzeko. Horrela zen aldatu gure topaketa, izen bera atxikiz, orain ezagutzen dugun formatura, musika eta sorkuntza uztartuz, nahiz-eta ber lurra dugun beti iraultzen. Ez baitugu hutsetik sortzen.

Nolako begiz ikusi duzu Xiruren eboluzioa?
Topaketaz gain, erdaldunduz joan den Xibero batetan arizan gara. Ni irakasle bainintzen, garaian ere, Xiruren esperientzia partekatu nahi izan dut haurrekin. Gaur egun ere, beti jarraikitzen dugu zentzu horretan. Gero, nola ez, Amaren Alabak ere bide-lagun izan ditugu: haiek 27 urte, festibalak 26... Ikusi ditugu handitzen, ikusi gaituzte zahartzen. Guretako, Xiru gauza berria zen; haiendako, historiaurrea da. Aurtengo edizioan, gure seme-alabak ikusten ahalko ditugu, eta pentsatzeak transmisioa, ttipiki bada ere, pasatzen dela, on egiten du. Baina ez dugu misionesta izate beharrik, hala ere.

 Nahiz-eta hitzordu finkoa bilakatu, ez ote zenuketen zerbait herrikoiagoa espero?
Hitzordu fidela da: udaberria jiten den bezala, Xiru hor dugu, maskaraden eta pastoralaren artean. Egia errateko, ez da erraza bide horietan ibiltzea, eta pentsatu izan dugu segi ala uzteari. Baina hara, leiho bat zabalik dugu, gure gauza ttipien egiteko: tresna gisa ikusi behar da. Hala ere, gogoan dut Baxenabarreko kantari batek, bidean galdeginik festibala non iraganen zen zuzen, herritarrengandik zer erantzun ukan zuen, hark jakin nahi izan zuelarik ea Xirura joatekoak zirenez: “ez, ez, Xiru da kulturalki inplikatuak direnendako; ez da guretako”. Gogotik parteka genezake jende gehiagorekin, baina jadanik lan gaitza dugu hiru egun antolatzeko. Eta Gotaine mailako antolaketa atxikia dugu: horrek ere badu bere garrantzia.

 Zertan?
Lehen erran bezala, Gotaine aski berezia da, ukan duen kreolizazioagatik: ene auzoak, konparazione, urtean ikusiko duten ikuskizun bakarra, Xirun izanen da. Horrez gain, antolaketan parte-hartzeko parada baitute herritarrek. Hori ere, aldatuz joan den gauza da: lehen, programazio artistikoa aipatzerakoan, ni nintzen mintzo, eta besteak, isilik; orain, ikusi behar da zer kalapita – baikor – dugun gure artean! Elkarrengandik ikasiz gabiltza, xumeki: pastorala, gure ondoan, Ikea da !

Baina delako zure auzoa, ez da pastoralaren ikustera joanen?
Ez. Gotainek egoera arraro batzuk eskaintzen ditu. Pastorala egin genuelarik, auzoa hor zen, makila eskuan. Baina ez da, geroztik ere, beste herrietakoen ikustera atera. Beste herritar batzuk, behar bada, telebistako izar horietako baten txalotzera joanen dira Pauera, baina hara...

Orduan, maskaradetan oraindik gutiago ibiliko dira...
Hori da. Eta, ikusiz euskara nolako kenka larrian dugun, ez dugu berehala bat muntatzen ahalko Gotainen! Kreolizazioa aberatsa izan bada ere, ikaragarria izan da hizkuntza aldetik. Ikastolako haurrez aparte, gehienek ez dute euskara ulertzen ere. Ez dugu eskola elebidunik ere... Herritarrek ez dute nahi! Hori, bortitza da. Hala ere, dantza eskolan, 25 haur ditugu: urratsen izenez aparte, frantsesez dira klaseak. Burasoek ez dute euskararekin deus jakin nahi izaten.

 Zer pasatzen da, hor: konplexuak, herra?
Biak nahasirik: eskizofrenia korapilatsua dago hor. Zibilizatu nahi haren usteak: zibilizazioak beti goiti so egiten du, edo, gure kasuan, Frantzian behera... Bestan, mozkortzen direlarik-edo, batzuek erranen dizute euskara ikasi nahi dutela... baina biolina jotzen ikasi nahiko luketen bezala. Hots, ez badute ikasten ere, ez zaie bizitza hainbeste aldatuko. Ene biziko mina ematen dit horrek. Xirun ere, gauzak osoki euskaraz egin nahi direlarik programazioan, zaila izaten da. Alta, terapia ere badela iduritzen zait.

 Berriz poesiaren baratzera goaz hor...
Bai, eta aurtengo edizioan, sekula baino gehiago, Txorieri ikusgarriarekin. Inprobisaketatik jalgi den afera, hori ere. François Rossé konpositoreak deitu ninduen, Bordelen kontzertu bat egin nahi zuela-eta: ni, pozik, baina zeren egiteko zen galdegin niolarik, “hori, gero ikusiko” erantzun zidan! Erran gabe doa gustatu zitzaidala arrapostua: oreka galdu behar den memento hori, xoragarria zait, izan bertso-eskolan, ala horrelako inprobisazio-ikusgarrietan. Bordeleko kontzertu hura hain zen ontsa iragan, non François Rossék tiratu nauen guti ezagutzen nuen mundu hartara: kontserbatorioak, ekialdeko Europa. Nik, berriz, Euskal Herrira, Hegoaldean barna, baita Isturitzeko arpeetan, hezurrezko txirula jotzen ari nintzela. Beti zerbait badugu sutan, eta Tolosako Incarnatus orkestrarekin dugu, orain, Txorieri desafioa. Polita izan da, François Rossérendako ere, euskarazko proiektu bat barnetik ezagutzea. Gainera, alsaziarra izanki, badaki gure egoera zer den. Jakinez ere inprobisaketa dela, haren begietan, Europako musika klasikoa; ederki ginen elkarrekin.

 Gainera, egonaldiak egin dituzue...
Bai, xumeki, Tolosako orkestra pirata horri esker. Harrigarriak dira: ahal gutirekin, denetan ibiliak dira, izan Baigorrin, Mikel Laboarekin, Imanolekin... Migel Zeberio, horien zuzendaria, zinez ezagutu behar den tipoa da. Ez du zalantza izpirik erakutsi gu haiengana joan garelarik: baietz eta baietz izan da, den-denarendako. Xoragarriak izan dira egonaldiaren sekuentziak, eta horri esker, pieza Tolosan ere emanen dugu, maiatzean. Hortxe naiz ibiliko, ene haur denborako txirula eta txoriekin.

 Zer desberdintasun egin duzu egonaldi horren, eta Züek heben proiektuaren artean?
Badute elkar ikustekorik, ikusiz Tolosako egonaldiak nola iragan diren: jende artean. Züek heben proiektuaren anbizioa da Euskal Herriko atlas geo-poetikoa osatzea. Hiru egunez, lau kide egoten gara herri batean: Joanes Etxebarria, Pierre Vissler, Galtxet eta ni. Hitzordu zenbait finkatuak izaten ditugu aitzinetik, gure egonaldiko herritar euskaldunekin, baina beti izaten dira memento harrigarriak, inprobisazioaren haritik. Gehienetan, oinarrizko kanpamentua ostatu batean izaten dugu, eta, hor gurutzatzen dugun jendearekin, elkarrizketak egiten, grabatzen. Egonaldia bukatzean, emanaldi xume bat eskaintzen dugu, erdi inprobisatua izaten dena ere bai. Herritarrei, beren baitako bidaia bat eskaintzen diegu, baina beti guk dugu gehienik ikasten, horrelako egonaldietan. Batez ere hizkuntza mailan: euskal musikarik baldin badago, euskarazkoa da. Lehena, bakarra, eta azkena ere bai. Eta ikusgarria ere bada jendeak bizitza poetizatzeko nolako gaitasuna duen. Ez badira horretaz baitezpada kontziente izaten ere.

Baduzue eperik, atlasa bukatzeko?
Ez... Argitalpen zerbait gogoan, abentura guk hasi dugu, eta polita litzateke gure ondokoek bururatzea. Bost tokitan ibili izan gara, eta ustez baino luzeago joan zaigu afera... Barkoxetik Usurbilera, Hendaiatik pasatuz. Hor, topaketa harrigarria: egiptoar bat, euskara ikasia zuena, Santiago zubi zahar erdi-erdian. Pena dut, Hendaiako bi ostatuetan hain ederki egonik, bukaerako emanaldia kultur-gela batean egin baitugu: nahiz-eta baldintza tekniko bikainetan izan, iturritik urrundu gara, ez baitzen batere publiko bera.

 Nolako giroa topatu duzu azken Xilaban?
Ene buruarekiko desafioa nuen, hor, lehenik, baina bazen zerbait kolektiboren fruitua ere: duela hogei urte, norbaitek erran izan balit, gazteak eta ni bezalako eiharra bertso-eskolan topatuko ginela, ez nuen sinetsiko. Ez-eta bertsolari txapelketan kantatuko nuela ere! Xilaba barnetik ezagutzea, ikustea nolako antzerkia den, polita izan da. Pena bakarra dut Sustrai Colina bezalako ovniarekin ofizioetan ez gertatu izana. Baina afera horretan, Xan Alkhat eta Ramuntxo Christy bertsolariek Xiberoan piztu argia bizirik atxikitzea zait garrantzitsuena.

Elkarrizketa gehiago

Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Sustrai Colina

Sustrai Colina

"Bertsolaritza bat-bateko lan bat da, baina atzetik elikatzea eskatzen dizu"

Joanes Garcia-Basurko

Joanes Garcia-Basurko

"Kuriositatea da kalitaterik hoberena"

Elkarrizketa gehiago