Mixel Ducau (1951, Baiona, Lapurdi) hats luzeko musikaria da. Errobi bikotean egin zen ezagun; Zaldiboborekin saiatu zen, baina Oreka TX zein Bidaia taldeetan du oraina finkatua. 2016ko urriaren 29 eta 30ean, Aldudek "Errobi Kantatuz" emanaldiak eskainiko ditu: XX. mendeaz oroitzeko aukera zintzoa.
Zer amets zenuen, ttipitan?
Musika! Plastikozko flauta bat banuen, baita harmonika ttipi bat, eta horiekin pasatzen nuen denbora, anitz soinu, doinu ateratzen. Auzoko familia nahiko burgesa zen, eta beren semea musika eta dantza ikastera bidaltzen hasi zirenean, nik ere gauza bera egin nahi nuela erran nien burasoei! Halaxe nintzen kontserbatorioan sartu... Auzoko mutiko hura futitzen zen, baina ni berehala lotu: xantza zen, garaian ere ez baitziren hango klaseak irringarri!
Zure buruarekin zorrotza zinen?
Nahi nuenarentzat, bai. Eskola turista baten gisan iragan dut, egia errateko! Batxilergoa zinez pasatu nuen aita-amentzat: etxegintzako baxo profesional zerbait, zeinetan arkitektura zitzaidan gehien gustatu, halako paralelo bat egin bainezakeen musikarekin. Saxofoia lantzen nuen kontserbatorioan, baina hamahiru urtetako, bi lagunekin talde bat muntatua genuen: horrela nintzen gitarrari ere lotu, funtsean... Hamasei urte eta erdietako, dantzaldi-talde batean nintzen, pagatua, eta plazetan musikari: zer zoriona izan zen hura! Eta gurasoek ez didate sekula trabarik pausatu: konfiantza egin didate beti.
Adin horretan, zer idealen inguruan ari zinen dantzan?
Uste dut lehen-lehenik Euskal Herria, edo euskaldun izatea nuela gogoan. Gure familia hala zen, baina Baionan ginen, burasoek lotsa zuten euskaraz egiteko: haur denborako eskola-debekuak ere hor zituzten... Baina nik behar hori sentitzen nuen, ttipitatik, Eiheralarreko giro hartan bainaturik, baita berantago ere, musikari gisa. Gure dantzaldietan, ez zen euskal kanturik ematen: bakar-bakarrik modako gauzak! Orduan, nihaur hasi nintzen nire txokoan, euskarazko kantu xaharren ikasten. Hortik fite ginen topatu Anje Duhalderekin, lizeoan: Daniel Landarten testuak bazituen, eta kantu berriak bota genituen, Errobiren eskutik.
Giro sozial bero hartan...
Hura ere bazen, bai: 1968ko ondoko urteetako gazteak ginen, iraultza egitera abian. Mundu zaharrarekin bukatu behar, baina Euskal Herriaren eraikuntzarekin, bazen zerbait berezi, baita zerbait konkretu ere. Hala ere, erran dezagun, ez nintzela militante sutsua, baina artista gisa, abertzaletasunari zinez hurbil nintzela, eta euskaraz kantatuz nuela ikusten nire ekarpena. Garai indartsua zen, eta Errobik su hartu zuen, batez ere Hegoaldean, non jendea berehala lotu zen gure hitzei, baita musikari ere. Ez ditut sekula ahantziko hango gure lehen kontzertuak: zenbat jende, zenbat kemen! Pasio hura harrigarria zitzaigun, Anjeri ere bai.
Zer kalitate aurkitu zenion Anjeri, harekin bikotea osatzeko?
Haren inplikazioa gabe, ez dut uste horrela ibiliko ginela. Pentsa ezazu nolako dantzaldi-giro azukratutik heldu nintzen ni, eta nola ibili ginen kontzertu debekatuetan, Guardia Zibila hurbiletik ikusiz frankotan! Anjek bazuen dimentsio politikoa, testuak ere bazituen idatziak, eta erabateko konexioa gertatu zen garaiko Euskal Herrian.
Abertzaletasuna eta rockaren arteko lotura, ebidentea izan zen?
Uste dut baietz. Daniel Landarten testuak musikatzerakoan, naturalki hartu zen rockaren bidea, eta horrek ere zuen gure inpaktuan eragin.
Zer estetika ekarri zenuten?
Euskal Herriarentzat, bazen zerbait berri. Baina ez dugu ezer berezi asmatu... Amerikako rock-folk mundutik edaten genuen; hemen, Ez dok amairu mugimenduaren obra zen gehien entzuna, beraz gure gitarra elektrikoekin, soloekin-eta hasi ginelarik, inarrosaldi ederra eman genuen, bai! Rock xintxoa zen, hala ere, ikusiz zer jin den ondotik... Baina aski izan zen jendea kexatzeko, gurea ez zela euskal musika, dena suntsituko genuela... Jadanik lehen diskoa argitaratzeko, Elkar etxean sekulako eztabaidak izan zituzten: zinezko epaia ukan genuen, batzuek ez baitzekiten zer pentsa gure musikaz! Lehen aurkezpeneko ikusleen artean, oroit naiz Jean-Louis Maitiak nola hartu zuen gure defentsa, gure garaian finkatu behar genuela erranez, horrek euskal kulturaren iraupena bermatzen zuela-eta...
Aspaldiko eztabaida, beraz: euskaraz kantatzea aski ote den, hori euskal kultura izendatzeko...
Uste dut herriak ez dituela debaldetan bereganatzen urrats horiek. Noski, garaian haustura bezala ikusten genuen gurea, baina funtsean, eta gibeltasunarekin, jarraipen batean dugu parte-hartu... Mundu mailako mugimendu bat gurera ekarriz, eta gure mundua bere garaian segiaraziz... Beti entseguetan gabiltza, eta txertoak hartzen duen edo ez, hori denborak erraten du, eta ez da beti kalitate kontua. Euskal kultura ez bada, nola izendatu beharko genuke, beraz, Fermin Muguruzak egiten duena? Musikalki, niretzat, beltz musikaren imitazio txarra da... Baina horrek lortzen duena, publikoak nola onartua duen-eta, chapeau, bravo, ongi: bere harria ekartzen du hark ere, eta herri honek segitzen du euskaraz kantatzen! Oroitzen naiz nola, Zaldiboboren garaian, Kaki Arkarazok erran zidan gure musika ez zela sartuko, Euskal Herriak rock gogorraren beharra bazuela: denbora hartan, arrazoi zuen.
Errobiren disko batek ontsa ilustratzen du desoreka hori, "Ametsaren bidea": kritikak goraipatu zuen, baina herriak ez bereganatu...
Kantu sinpleak baino gehiagoko zerbait egin nahi nuen. Hor ere, influentziak ez ziren eskas, rock progresibo edo sinfonikoan... Ene anbizioak gidatu zerbait izan da, eta harro naiz disko horretaz. Konplexuagoa zen, eta onartu behar izan nuen horrelako obrak ez duela bide bera egiten publikoan.
Pena hartu zenuen?
Gazi-gozoa izan zen... Nik beti maite dudan diskoa da, eta uste dut musikalki zerbait ekarri zuela... Baina nire gustokoa izanik ere, ez jendarteratzeak egiten du zerbait, bai, hala ere. Bestalderako bideak ere efektu berdina du: Zaldiboboren “Kolore” kantua oso sinplea da, baina berehala lotu zen! Kantu batek, bere bizitza propioa hartzen du: edo disko zoko batean egoten da, edo alde guzietara bidaiatzen du. Ez baduzu hori ulertzen, eta batez ere onartzen, frustratua bizi zaitezke luzaz...
Hala ere, disko horretatik landa, Itoiz bezalako talde batek erreleboa hartu zuen gisa batez, ez?
Salbu gizarteak beste bihurgune bat hartu zuela: rock radikalarena... Hori bai, zaila izan zitzaidala onartzea! Ni ere, nire planeta sofistikatuan nintzen garaian, beste amets batzuekin... Eta ez nuen ulertu. Baina beharrezkoa zen! Nik musikari txarrak baizik ez nituen ikusten, salbu zerbait jotzen ahal zutela, eta batez ere zerbait adierazten ahal zutela: hori da inportanteena! Nire musikari-egoak petako bat hartu zuen, alferrik arizana nintzela eta abar... Bizitzaren ikasgaia eta ironia bada...
Menturaz zuk ere hala utzi zenituen kantari batzuk, Errobirekin hastean?
Horri deitzen zaio zahartzea, ez?
Ez dut nik erran!
[irriak] Adina hartzea, erran dezagun...
Baina aldi berean, nola esplikatu Itoizen arrakasta?
Itoiz zen, xuxen-xuxen eta zehatz-mehatz, bere garaikoa: behar zen denbora-tartea aurkitu zuen, bide egiteko. Pop estiloak ere gauzak errazten ditu, baina kalitate handiko taldea izan da, Juan Karlos Perezen ahots metaliko horretatik hasiz, musikarietaraino. Itoizek bazuen bere mundua, eta mundu hori bere garaian kokatua zen, jendearen ametsetaraino. Salbu rock radikalak tsunami baten eragina ukan zuela, eta bazterrak nahiko monopolizatu. M-ak taldeak, adibidez, ez zuen arrakasta popular handirik izan, biziki zaila baitzen punkaren sinpletasunaz eta bat-batekotasunaz aparte zerbait proposatzea, musikalki.
Euskal Herria itogarri egin zitzaizun, orduan?
Pixka bat, bai. Militantismo gehiegi, presio gehiegi... Anjerekin ere haustura bat gertatu zen. Gauza berrien beharra banuen. Batzuentzat, jada joana nintzen Errobi bukatu aitzin.
Madrilera joan zinen...
Kasualitatez nintzen han gertatu, casting batean: La Orquesta Mondragon taldeak bi musikari eskas zituela, Jean-Marie Ecay gitarrean eta ni saxofoiean hartuak izan ginen. Nire musikari-karrerak segitzen zuen, beste mundu batean; Madriletik Parisera joan, estudio bat sortzeko proiektuarekin... Ene bizitza profesionaleko porrot handia izanez atera zena! Baina anitz gauza ikasi nuen ekoizpenean, ordenagailuaren hasiera ere bazen... Euskal Herriarekiko distantzia harturik, gogo onez itzuli nintzen gero berriz. Joseba Tapia ezagutu, eta Zaldibobo taldearekin ukan nuen lehen kezka izan zen munduko musiken eta euskal musikaren arteko lotura atxikitzea.
Musika-eklektismoaren gustu hori, nondik heldu zaizu?
Uste dut amaren jarrerari esker dela, funtsean. Nik entzuten nuenari beti interesatzen zen, molde irekian. Diska-dendan badut zenbait denbora pasaturik, eta saltzaileen jakintza behar-beharrezkoa zen! Irratian, tarteka New Orleanseko musika pasatzen zenean etxean, hor denak isiltzen ginen entzuteko, eta hortik naiz hasi musika-estilo horren maitatzen, eta ikertzen. Beti estruktura berdina zen: temaren esposizioa, melodia, lehen solo bat, bigarren bat, eta bukaera kolektibo bat... Memento hori zen nire gustokoena beti, denak nahasiz nola lortzen zuten halako koherentzia, zoragarria zen! Eta sentsazio berdina ukan dut uharteetako, Afrikako musikekin: munduko musikak rocka baino askatzaileagoak zaizkit, gaur egun. Rockaren itzulia egina dut: errezetak ezagutzen ditut, nahiz-eta sorpresa bakan batzuk ukan oraindik.
Baina zertan da rocka?
Gaur egun, estetika bat da, biziki akademikoa gainera. Uste dut garai bateko funtsa galdua duela. Gehiegi pentsatua, komertzializatua, industriaren eraginez. Rapak hartu zuen aldarrikapenaren funtzioa, baina hori ere, oso konbentzionala da orain.
Zer gelditzen zaigu beraz, iraultza egiteko?
Iraultza garaian ote gaude, mendebalde honetan? Iraken heavy metala egitea, bada zerbait... Baina hemen, zer? Jinen da berriz zerbait, baina anartean, itzulika ari gara, abiadura bizi-bizian; internetek trumilka musika eskaintzen du kolpez, beraz niri askoz gehiago interesatzen zaizkit munduko musika horiek, mugimendu horretatik kanpo gelditzen direnak, tresna bereziak...
Baina mundua musika elektronikora doa...
Horrek ez nau batere erakartzen. Ezagutu dudan sorta hura ez zait interesgarria egin... Eskola zaharrekoa naiz, gero: musika-tresnarekin eta bakoitzak bere buruarekin borrokan aritze hori gabe, zaila zait musika irudikatzea! Espero dut jende kreatiboa izanen dela elektronikoen artean ere.
Zuk bidaian segitzen duzu, nolanahiko boza ez duen emaztearekin...
Caroline Phillips ene bizitzaren emaztea da. Haren ahotsa bada zerbait, ikasia du menperatzen. Bidaia taldearen funtsa, munduko musikengana joatea da, nahasketa horietatik zerbait eguneratuko dugulakoan hemen ere, doinu edo tresna ezezagunak gureganatuko. Uste dut hala ibili garela beti nonbait Euskal Herrian, inplikatuz gure erroak ezagutzen ditugula: adibidez, bertsolari batek kantatzen duen doinua. Hori funtsezkoa da, gure kulturaren jarraipena errespetuz egin behar bada. Batzuetan, ikusten ditut mutxikoak ez dakit zer eta zer tresnekin emanak, eta pentsatzen dut: zergatik? Txirulak eta ttunttunak beti efektu sesigarri bera egiten didate, eta uste dut plaza berek betetzen dutela.
Zergatik ez duzu zure boza sekula aipatzen?
Beti erran izan dut, kantatzen duen musikaria naizela. Oraindik gehiago kontzentratu behar izaten dut, kantatzen ari naizela ez ahanzteko! Bestela, musikan jarraituko nuke beti... Botza, ez da nire lehentasuna, eta zerbaitengatik duket nahiago bikoteetan kantatu: uste dut osagarri atera naizela bai Anjeren, bai Carolinen ahotsekin.
Eta kantaririk gabeko taldean zaude gaur egun, Oreka TX-n...
Ez da kasualitatea izanen! Alimaleko plazera hartzen dut, eta uste dut egiten ari garena garrantzitsua dela: errepertorio berezia, gure sustraietan finkatua, txalaparta goi-mailara eramanez. Nire ekarpena da hori laguntzea haize-tresnekin, eta aitortu behar dut alboka sakratu hartaz maintemindu naizela! Gainera, bidaiatzen dugu, trukaketa sakonak baditugu, arrakasta hor da: oparia da.
Atzerrian ere, jendea lotzen da estilo horri?
Eta nola! Musika organikoa da, sustraikorra, intenporala, ez batere modakoa. Unibertsala da. Urrian zehar, Japonian ezagutu musikariak heldu zaizkigu Euskal Herrira, eta ikusiko dugu zer aterako den trukaketa horretatik.
Urriaren punta-puntan, "Errobi Kantatuz" ere hor duzu... Nola hartu duzu ekimen hori?
Biziki ongi! Ahantzia izatea baino, hobe klasiko bilakatzea... Belaunaldi berriek nola berenganatu duten gure kantua ikustea ere, interesgarria da. Baina hori baino, kantu horiek zer eragin izan duten, edo ukan dezaketen oraindik zait funtsezkoena: izan dadin norberaren intimitatean, ala zentzu kolektiboan.