Martxuta herrikoa, (1988ko agorrilean sortua) Maryse Urruty Donibane Garaziko lizeoan zebilela igo zen lehen aldiz taula gainera, Baxenabarreko nerabe andana bezala Antton Luku irakaslearen zaletasunak kutsatuta. Tolosan (Okzitania) Zientzia Politikoetan titulua lorturik ohartu zen antzokiek mitin aretoak baino gehiago erakartzen zutela. Pariseko L'École du Jeu antzerki eskola bukatu bezain laster hasi zen lehen konpainia muntatzen eta konpainia ezberdinekin lanean. Euskal Herrira itzulirik, hemengo konpainia ezberdinetan ari da orain, oholtza gainean euskaraz aritzeko gogoz.
Gaztetatik erakarri zintuen oholtzak.
Bai, Donibane Garaziko lizeoan hasi nintzen serioski Antton Lukurekin. Zorrotza zen gurekin, bazuen pazientzia handia baina helburuak ere bazituen eta bazekien zer nahi zuen; aldi berean, antzerki kurtsoak laborategi bat bezalakoak ziren harentzat. Momentu horretan ez ginen ohartzen baina orain gogoratzen dudalarik, zinez esperientzia izigarri indartsua eta polita izan zen. Garai horretan muntatu «Globokop» izeneko antzezlanaren bideoa ikusi dut beranduago eta zinez emaitza izigarri ona da. Berrogei gira taula gainean, istorio ona du, mugimendua bada, zinez lan ona da eta lizeoan ginen! Zinez bide onean ezarri gintuen.
Elkarrizketaren bideoa
Nola betetzen da antzezle baten agenda?
Errango nuke nire lanean bi parte badirela; lehena antzerkiarena, alegia antzerkiak muntatzea hastapenetik bukaerara, sorkuntzari pentsatzea, ekoiztea, egitea eta azkenik aurkeztea.
Antzerki kurtsoak laborategi bat bezalakoak ziren Antton Lukurentzat. Zinez esperientzia izigarri indartsua eta polita izan zen. Bide onean ezarri gintuen.
Bestaldean transmisio lana bada. Tailerrak biziki inportanteak dira niretzat; eskoletara zoaz maite duzuna ematera. Bitartekaritzaren lan hori biziki inportantea iruditzen zait izan ere haurrak antzokira datozenean, ez duzu denborarik horiekin hainbeste partekatzeko, eskoletan aldiz, hamabi orduko proiektuak egiten dituzularik, haurrak gehiago ezagutzeko aukera duzu eta ikusten ahal duzu zer atxiki duten antzerkia eta gero. Hori zoragarria da.
Ikusgarriak sortzen ditudalarik eskoletara joaten naiz entseatzera. Adibidez, “Behin bazen Internet” sortu genuelarik, testua idatzi genuen eta joan ginen klase batera irakurtzera, haurrek zer ulertzen zuten eta zer ez ikustera.
Inportantea da publikoa hastapenetik hartzea. Taula gainean zarelarik, ez da ahantzi behar publikoarentzat ari zirela. Orduan joan jin horiek izigarri inportanteak dira niretzat. Azkenik, lana kasik prest delarik, errepika orokorrak klaseen aitzinean ematen ditugu haurrek zer ulertzen duten eta zer ez neurtzeko.
Eskoletara zoaz maite duzuna ematera, partekatzera. Bitartekaritzaren lan hori biziki inportantea iruditzen zait.
Behin bazen Internet frantsesez egin genuelarik, bukaeran ikasle batek erran zigun “Zergatik ez duzue bilduma bat gehitu nahi bukaeraren aitzinean?”. Ideia biziki ona zen eta azken egunetan bukaera aldatu genuen.
Antzerkia beti bizia da eta emanaldi guztietan zerbait ezberdin gertatzen da; batzuetan publikoaren arabera, gauza txiki batzuk alda ditzakezu ere, biziago emateko.
Maite dut artisten eta publikoaren arteko hariaren ideia. Haria tinkaturik atxiki behar da beti lan bat ongi martxatzeko. Norbaitek haria uzten badu, alde batean edo bestean, ez da hain ona izanen. Haria bien artean tinkatu behar dugu gure artean eta hori oso polita iruditzen zait antzerkian.
Antzerkia errealitateak azaltzeko modu egokia da?
Antzerkia hori da bakarrik, artea bakarrik hori da. Mundua deskribatzeko, errateko modu bat da.
Maite dut artisten eta publikoaren arteko hariaren ideia. Haria beti bi aldeetan tinkatu behar da lan bat ongi martxatzeko, hori oso polita iruditzen zait antzerkian.
Hori ez baduzu egiten taula gainean, ez dakizu zertan ari ziren, izigarri inportantea da. Istorio on bat, zure biziarekin erresonantzian sartzen da, baduzu zerbait pentsatzeko, gero etxera itzultzean. Hori da inportanteena niretzat.
Euskaraz zein frantsesez ari zara taula gainean… Nola da zure harremana bi hizkuntzekin?
Euskara nire ama hizkuntza da, galdu nuena eta orain berreskuratzen ari naizena. Gainera antzerkia euskaraz hasi nuen eta orduan euskaraz aritzea azkarra da. Horrek zerbait gehitzen du.
Ene ibilbidean hemen aritzea inportantea da.
Niretzat, pixka bat azkarrago da euskaraz ematea, barnetik sentitzen dut. Baina zaila da esplikatzea zergatik.
Niretzat biziki ezberdina da, ez dakit zergatik, agian hizkuntza bakoitzak bere legeak dituelako, ahoskatzeko moduan, aurkezteko manera ezberdinean, eta antzezle gisa hori sentitu behar duzu publikoari helarazteko. Niretzat, pixka bat azkarrago da euskaraz ematea, barnetik sentitzen dut. Baina zaila da esplikatzea zergatik.
Axut Kolektiboa sortu da berriki antzerkia euskaraz laguntzeko. Ogibidea antolatzen ari da?
Euskal Herrian indar ainitz bada, antzerkia denetan egin dezakezu, gogoa bada gauzak hemen egiteko, euskaraz aritzeko eta hori inportantea da. Axut kolektiboaren sorkuntza izigarri inportantea da gure eremuan eta lan izigarri polita egiten dute. Zure txokoan ari zarelarik beharrezkoa da horrelako jendea ikustea.
Antzerkia Mundua deskribatzeko, errateko modu bat da.
Hori ez baduzu egiten taula gainean, ez dakizu zertan ari ziren.
Bestalde, galdera bat dago euskarazko antzerkia ikusteko, haurrentzat bederen, izan ere ikastoletan haur ainitz dira eta ikusgarriak behar dituzte. Orduan bai leku biziki polita da antzerkia egiteko gainera euskaraz.
Hegoaldera joateko joera duzu?
Hasten naiz hegoaldera joaten, ene ustez sistema erabat ezberdinak dira. Hemen intermitentzia dugu eta horrek dena aldatzen du artisten bizitzetan. Ez gara ber baldintzetan ari.
Baina zubiak beti interesgarriak dira eta espero dut gero eta zubi gehiago izatea gure artean gauzak muntatzeko eta egiteko. Euskal Herriarentzat beharrezkoa da hori.
Amesten duzun lan bat?
Ametsetako proiektu bat? Behar bada, emaztearen inguruan lan bat egitea. Emazte ainitzekin taula gainean, euskaraz. Feminista izanik hori maiteko nuke.