Marina Beheretxe (Baiona, 1985) txiki-txikitatik ohartu da musika doinu batek eman eta eskaini dezakeen zorionaz. Bere izena ezaguna da jada Euskal Herriko oholtzen gainean. Aldiz, aitaren makilen ordez, biolinak du erakarri musika ibilbidera. Tolosako Ganbara Orkestrarekin, urte luzez munduko gela handienetan aritu ondoan, Herrira itzuli da eta Iparraldeko Orkestran ari da 2015az geroztik, biolin bakarlari gisa. Maurice Ravel Kontserbatorioan txiribita erakasten du bestalde eta beste hamaika proiektutan dabil ere, hura bezala klasikotik urrun!
Beheretxe izenak zerbait berezia du, belaunaldiz belaunaldi musikari bikainak sortzeko?
Nork daki... nik dakidana da sortu naizela musika mundu horretan. Nire aitatxirekin eta nire aitarekin, etxean musikarekin eta artearekin bizi izan naiz beti; nire amak ere asko maite du musika nahiz eta musikari ez izan. Beraz horrela handitu naiz, musikaz inguraturik.
Elkarrizketaren bideoa
Bateria edo akordeoia probatu dituzu biolina hautatu aitzin?
Makilak pixka bat probatu nituen behin, baina nik ttipitatik banekien biolina, txiribita egin nahi nuela. Nire aita-amek erran didate hiru urte nituela bakarrik, nire bizian biolina jo nahi nuela adierazi nuen lehen aldian eta uste dut ideia horrek ez nauela sekulan utzi. Zazpi urterekin hasi nintzen beraz Kontserbatorioan, hemen Baionan bertan. Denbora hartatik ez naiz sekula gelditu. Nire bizia da, nire biziaren parte handi bat da.
Ingurumen musikalak lagundu zaitu bide profesionala gazte hartzeko erabakia hartzen?
Nik dakidala, nire etxean, musika klasikoa ez zen batere entzuten. Hori bai, rock and roll asko, musika tradizionala eta munduko musikak ere entzuten ziren. Baina klasikoa nik dut etxean sartu. Aldiz egia da nire burasoekin kontzertuetara joaten nintzela asko. Aitaren ondoan egoten nintzen, taula gainean eta kontzertuetan; giro horretan hazi naiz. Baina egia da nire aldetik zerbait bazela jadanik, su txiki bat. Nire aldetik ere, bidaia txiki bat egin dut.
Badirudi herriz herri musika jotzeko giroak erakartzen zaituela ere.
Pentsatzen dut plazera hartzen dugularik, hori transmititzen dugula eta mugak hausten direla. Justu musika gelditzen da, plazera.
Anitzetan musika klasikoak, irudi txar bat du. Jendeak pentsatzen du sobera zaila dela entzutea, ez dela haientzat egina. Nik alderantziz, denentzat egina dela uste dut. Orduan, nire helburua eta Philippe de Ezcurrarena, herriz herri, elkarrekin eskaini ditugun kontzertuetan izan da musika hori jende guztiei entzunaraztea. Gero egia da hautuak egin behar direla. Dena ezin da entzunarazi. Doinu batzuk zailak dira, edo belarriak ez dira usatuak eta beraz doinu batzuk bitxiak atzeman ditzakegu. Beste batzuk aldiz biziki erresak eta maitagarriak dira. Philipperekin euskal konpositoreen obrak hautatu ditugu, Itsasi edo Guridiren obrak, baita ere konpositore frantses ala Alemaniarrenak ere...Baina beti gauza erresak eta maitagarriak euskaldunentzat, adibidez dantzaren inguruan edo besta musikaren inguruan. Gero musika hasten delarik, uste dut hartzen dugun plazera sentitzen dutela eta hori pasarazten saiatzen gara. Pentsatzen dut plazera hartzen dugularik, hori transmititzen dugula eta mugak hausten direla. Justu musika gelditzen da, plazera.
Elkarlan ezberdinak bultzatu dituzu beste euskal artistekin, "Lau sasuak" adibidez.
Egia, nire bizitza txikian esperientzia asko egin ditut, klasiko munduan, rock munduan, pop munduan, tradizionalean; asko ibili naiz dantzariekin eta egia da musika tradizionalak, soinu horiek asko maite ditudala. Baina berriz ere pena da, mundu horiek denak partekatuak direla, eta nik uste dut denak lotzen ahal direla eta zerbait polit sor daitekeela.
Behin lagun batekin baso bat hartzen ari nintzela, mundu osoan famatua den Vivaldiren "Lau sasoiak" obra heldu zitzaidan burura. Hor, euskal soinuak entzun nituen. Izan ere, obra horrek abereak, natura irudikatzen ditu. Baditu soinu ezagunak zeinetan euskal instrumentu batzuen soinuak ezagutzen ditudan; adibidez, entzun ditut txirulak txorientzat, txalaparta ortzantzarentzat, bai eta panderoa ere. Vivaldiren beste mugimendu batean, fandangoren erritmoa entzuten nuen argiki. Segur naiz Vivaldi hemen egon dela eta dantzatu duela ere!
Mundu osoan famatua den Vivaldiren "Lau sasoiak" obran euskal soinuak entzun nituen. Vivaldiren beste mugimendu batean, fandangoren erritmoa entzuten nuen argiki. Segur naiz Vivaldi hemen egon dela eta dantzatu duela ere!
Horrela etorri zait ideia; gero proiektua osatzeko Mixel Etxekopar ezinbestekoa zen niretzat. Hastapenean, ez zen beldur izan, baina galdetu zidan eroa ote nintzen horrelako proiektu baten egiteko. Eta nik erantzun: « baina ez bazira hor, ez dut eginen ». Orduan ados izan zen entseatzeko. Gero Mixel pertsona irekia da eta ideia zoragarriak ditu. Ondoren, taldea osatu dugu Paxkal eta Paxkaline txalapartariekin. Panderoan Patrick genuen eta biolin bakarlari bat behar genuenez, Bordeleko musikari bat deitu dugu, Klezmer musikan ari dena eta beraz kolore tradizional hori duena, beste modu batean. Diskoa Bankan grabatu dugu, Euskal Herrian, eliza txiki batean eta zuzenean; inportantea zen hori, giroa eta jendearen harrabotsak ukaiteko. Orduan grabaketa horretan badugu Vivaldiren pertsonalitatea. Haren obra ez dugu hunkitu. Nota guztiak atxiki ditugu; baditugu ere Euskal Herriko kolore ederrak, baita ere Klezmer kolore horiek inprobisazio batzuetan. Hori biziki interesgarria da niretzat, denak nahastea zerbait berezi eta maitagarri sortzeko.
Inguruan dituzun musikariek zer diote proiektu horietaz?
Zaila zen hastapenean. Proiektuaren zergatiaz, helburuaz galdegiten zuten. Pentsatzen zuten zerbait bitxi ,edo frantsesez erraten den bezala zerbait kitsch egin nuela. Baina entzun zutelarik, gauzak ongi eginak, ongi hautatuak zirela eta emaitza fina zela erran zuten. Hori zen helburua ere.
Bidasoa maiz zeharkatzen duzu biolinarekin?
Urte batez egon nintzen Musikene kontserbatorioan. Gazte nintzen. 17 urte nituen eta Baionako kontserbatorioa bukatu nuen oraindik lizeoan nengoela... Orduan, bitarte horretan, zerbait aurkitu behar nuen musika estudioak segitzeko.
Hegoaldean batzuetan jotzen dut orain bai; adibidez « Lau Sasuak » proiektua Hegoaldeko jendeari asko gustatzen zaio. Plazer handia da guretzat. Baina egia da ez dudala maiz jotzeko aukerarik. Ipar Euskal Herrian, Frantzian edo beste herrialdetan anitz ari naiz, baina hegoaldean gutxiago. Ez aski nire gustuko. Bakoitzak bere publikoa du. Egia da publikoa asko aldatzen dela lekuen arabera. Kultura ezberdinak badira eta horren arabera, gustu ezberdinak. Adibidez, guk hemen asko maite dugu Piazzollaren musika, tango horiek. Bestaldean aldiz, ez dute hain gustuko...Aldiz Vivaldiren "Lau sasuak" asko maite dituzte eta hemen ez hainbeste. Lekuen arabera aldatzen da anitz.
Baina hori ez da gaizki, musika klasikoan adibidez, gustu guztientzako estiloak dira. Ez dugu nahikoa bizi batekin guztia entzuteko eta jotzeko! Hori interesgarri da niretzat.
Nik denak maite ditut, nik dena egin nahi nuke... Gauza bakarra da plazera duten jendeekin nahi ditudala egin. Beste musikariek ere plazera hartu behar dute eta sortarazi. Niretzat hori da inportanteena. Horregatik ere rock and rolla egin nahi dut. Estudioan grabatzea asko maite dut, edo musika aktuala egin dutenekin, inprobisazioak, gauzak proposatzea. Denak maite ditut plazera sortzen den bitartean. Niretzat ez da bat bestea baino hobe edo inportanteagoa. Denak ongi dira, baina gauza txiki hori izan behar da.
Musika klasikoaz erran ohi da elite batek entzuten duela. Horrela da beti?
Hori ere zauden lekuaren arabera aldatzen da. Hemen adibidez egia da. Zaila da oraindik. Aski da ikustea kontzertuetara datorren publikoa. Gehienak buru zuriak dira eta askotan pentsatzen dugu: "horiek joanen direlarik, nor geldituko zaigu?". Horregatik gazteekin, haurrekin ari gara. Musika klasikoa ikasgeletara eramaten diegu. Proiektuak muntatzen ditugu. Eta horiek asko maite dute klasikoa! Gero, handitzean galtzen da sentsibilitate hori. Inportantea da guretzat belaunaldi berriekin, haurrekin aritzea. Izan ere, biharko publikoa da!
Guretzat, publikoa has daiteke txaloka mugimenduen artean. Oihuka has daitezke ere... Nik oihu beroak nahiago ditut txalo hotzak baino!
Batzuetan, jende batzuk kontzertuetara etorriko dira kuriositatez eta bertan direla asko gustatzen zaie; baina berriz etortzeko zailtasun bat bada beti. Nola jantzi? Nola egon behar naiz? Zer ordutan iritsi behar dut? Konplikatzen dituzte gauzak. Egia da batzuetan publiko klasikoan, parte bat badela agian, adineko publikoaren artean, gauzak zailak jartzen dituztenak. Baina guretzat publikoa has daiteke txaloka mugimenduen artean. Oihuka has daitezke ere... Nik oihu beroak nahiago ditut txalo hotzak baino! Guri da hori aldatzea, musikariei. Egia da programatzaile batzuk araudi horiek jartzen dituztela. Guri dagokigu publikoari erraitea lasai egoteko, nahi duten bezala bizitzeko, atsegina hartzeko, hori baita guk nahi duguna!
Nola ikusten duzu Euskal Herriko ondare immaterialaren gaia? Zer gorde behar da? Zer baztertu?
Gure kultura biziki inportantea da niretzat, bai hizkuntza, dantzak, musika etab...baita egiteko manerak ere. Niretzat horiek atxikitzea biziki inportantea da. Izan ere, gero eta jende gehiago dator kanpotik; berez ez dut ezer horren kontra, baina niretzat inportantea da gurea erakustea. Badugu izpiritu bat hemen, bizitzeko modu goxo bat, pertsonak onartzeko manera bat. Hizkuntza ere oinarrizkoa da. Guri dagokigu mintzatzea gure artean euskaraz, baina bestalde, horiek ikasi behar dute. Ingalaterrara zoazenean, argi da ingelesa ikasi behar duzula, orduan zergatik ez euskara hemen?
Jotzeaz aparte, musika idazteko gogoa baduzu?
Hizkuntza ere oinarrizkoa da, guri dagokigu mintzatzea gure artean euskaraz, baina bestalde, horiek ikasi behar dute.
Musika egiteko denbora asko behar da. Denbora pentsatzeko, denbora aspertzeko edo hobeki erran, horretan zentratzeko. Izan ere, ideiak sortzen dira errazago saiatzen zarenean. Denbora hori behar da. Egia da zenbat kantu ondu ditudala jadanik. Nire proiektuen zerrendan bazegoen, 30 urterekin disko bat, nire txiribitarekin eta nire kantuekin, grabatu behar nuela bakarrik. 33 urte ditut orain eta ez dut gauzatu oraindik. Agian 40 urtetan, ikusiko dugu...Baina egia da zenbat kantu ditudala jadanik eta hori maite dudala, baina ez dut denbora aski horretan murgiltzeko orain. Ez da nire momentuko lehen helburuetan. Niretzat gauzak ez dira kokatuak. Bizia luzea da eta gauza asko ditugu egiteko, baina bakoitza bere txandan.... Orduan ikusiko.
Ametsetako proiektu bat?
Bai. Garai batzuetan gauza bat nahi dut, bestetan beste zerbait. Adibidez, Kanadan edo Estatu Batuetan garai bat pasatu nahi nuke, beste zerbait ikusteko. Nire lagunekin ere disko bat grabatu nahi nuke obra ezberdinen inguruan, musika tradizionala eta klasikoa nahastuz; munduan zehar kontzertuak eskaini nahi nituzke ere. Proiektu asko ditut, baina bakoitza bere denboran.
Euskal Herritik kanpo egon zara ere luzaz.
Zortzi urtez Tolosan egon naiz, horietarik lau Tolosako Ganbara Orkestran lanean. Orkestra berezia da, bi sokako musikarirekin bakarrik. Ni bigarren bakarlari nintzen, ardura handiarekin orduan. Han, ogibidea nolakoa den ikasi dudala errango nuke: artista izatea, taula gainean egotea, errepertorioak eta abar.
Frantzian zehar ibili gara baita ere. Bakarlari handiekin jotzeko aukera ukan dut, hala nola Gautier Capuçon, edo Anne Queffelec bezalako artista handiekin. Esperientzia handia izan da niretzat gogoratuz 20 urte nituela bakarrik... Bataz beste ehun kontzertu egiten genituen urtean. Asko da hori! Eslovakian, Espainian, Belgikan, etab...egon naiz, eta esperientzia biziki ona izan zen, baina ez nuen denborarik beste ezer egiteko, beste musikariekin ibiltzeko eta gainera, Euskal Herrira itzultzeko gogoa nuen. Guzti horren ondorioz, han dena uzteko arriskua hartu nuen, denbora hartzeko eta hona itzultzeko hemen proiektu berri bat hasteko. Gero laukote bat osatu genuen lagun batzuekin eta ibili ginen hainbat herrialdeetan lehiaketetan, fama handiko irakasleekin...Beste esperientzia handi bat izan zen.
Nik ikasle euskaldunei klaseak euskaraz ematen dizkiet. Inportantea da jakinaraztea gauzak euskaraz egin daitezkeela eta horrek lagunduko gaitu musika klasikoa publiko zabalago bati helarazteko.
Gaur egun, irakasle naiz Baionako Kontserbatorioan eta Iparraldeko Orkestran ari naiz biolin bakarlari gisa. Txanda horretan nago orain.
Klasikoa osasuntsu dago Euskal Herrian?
Egia da musika klasikoa ez dela baitezpada hemengo lehen musika mota, baina hori normala da. Gure kulturan ez da hain kokatua. Orduan niretzat ez da arazorik. Guri dagokigu ezagutaraztea eta estiloak nahas daitezkeela erakustea...Kontserbatorioan adibidez, musika tradizionalen atala badugu, antzerkia ere euskaraz ikasteko aukera...Nik ikasle euskaldunak ditut eta klaseak euskaraz ematen dizkiet. Inportantea iruditzen zait jakinaraztea gauzak euskaraz egin daitezkeela eta horrek agian lagunduko gaitu musika klasikoa publiko zabalago bati helarazteko.
Zer moduz bizi da biolin jole bat Euskal Herrian?
Ez dugu nahikoa bizi batekin guztia entzuteko eta jotzeko! Nik denak maite ditut. Gauza bakarra da, plazera duten jendeekin nahi ditudala egin.
Bizi da Tolosan baino askoz hobeto adibidez; han, musika klasikoa asko maite dute, opera, kontenporanoa, barrokoa, eta abar. Hemen aldiz, musika klasikoa bada pixka bat, bai eta musika herrikoia, rocka... Aukera zabalagoa da posibilitate handiagoekin. Ni hobekiago naiz hemen Tolosan baino.
Jotzeaz aparte, zure zaletasuna jendeari helaraztea molde ezberdinetan gustuko duzu.
Bai, Gure Irratian kronika txiki bat eskaini nuen bizpahiru urtez, klasikoa azaltzeko labur. Gai bat hautatu, horren inguruko azalpenak eman eta musika entzunarazten nuen. Adibidez, konpositorearen ideiak esplikatzen nituen, nola eta zergatik jotzen ziren doinuak... Tamalez hor ere, denbora eskas nuen segitu ahal izateko; agian beste garai batean berriz hasiko naiz. Niretzat biziki inportantea da harreman hori edukitzea publikoarekin, gazte zein adinekoekin, denekin, plazera sorrarazteko, emateko...hala espero dut!
Azkenik, orain arte pausatu ez dudan galdera bati erantzuteko gogoa?
Ez dakit, agian zerbait jotzea?