Marie-Andree Ouret (1970, Suhuskune, Baxenabarre) gehienik ezaguna da euskaltzale gisa. Euskararen gaia eskola publikoan aitzinarazi beharrez dabil, Biga Bai elkarteko lehendakari postutik. Ofizioz, haatik, Baionako Mediatekako langile da, eta berriki plazaratu duten Bilketa proiektuaren eramaile. Liburutegietako euskal ondarea eskuragarri uztea izan dute xede nagusia, milaka eta milaka dokumentu elkarri josiz, atari birtual batez.
Zuk bai, etxeko euskara duzula…
Haur denboran, Suhuskunen denak euskaraz ari ginen, familietan, karrikan, katiximan, eskolan ere bai. Biziki gauza naturala zen, ez batere euskararen aldeko defentsa postura bat. Norma zen euskaraz bizitzea. Burasoen partetik, ez dut uste gogoeta handirik bazela transmisio aferetan. Eskolan sartzean, hiruzpalau urtetan, kasik nehork ez zekien frantsesez. Kolegioan, besterik zen, haatik: hor genuen euskara uzten... Beste norma bat.
Alta, ez zen euskara debekatua...
Lehen Mailan, gela barnean ez zen aizu, baina kanpoko tenoreetan, uzten gintuzten nahi bezala. Azken urteetako irakaslea gogoan dut: gu joan ondoan, Suhuskuneko eskola utzi zuen, lehenbiziko euskara irakasle ibiltari horietarik bat bilakatzeko. Gaurko posturatik ikusirik, harrigarri zait: frantsesez atxikiak gintuen denbora guzian, euskaraz bazekielarik guk bezala.
Zerk engaiarazi zaitu euskararen alde?
Zerbait piztu zait Euskal Herritik kanpo, bereziki Parisen. Euskal Etxean loturak egin nituen, hango euskaldunekin, giro batekin, kultura eta mugimendu batekin. Behin hemendik ateraia zarelarik, berezitasun horretaz ohartzen zara, eta hori zure baitan duzula. Argia izan zen, ene kasuan. Hego Euskal Herriko jendea gurutzatzea ere, harrigarri izan zitzaidan, horiek euskaraz eginak baitzituzten ikasketa gehienak. Beste zerbait ekartzen du, horrek, nahi ala ez. Ikuspegia aski hertsia nuen. Eta, halako batean, Euskal Etxean, euskara klaseen ematea eskaini zidaten. Ez nekien gai nintzenez, baina gauzen tranmititzean, zerbait berezi sentitu nuen. Sekulako tirriako jendea nuen parean, uros ziren, eta anitz eman didate ustekabean.
Herrira itzultzeko gutizia bazenuen, beraz...
Bagenuen, bai, eta 2010etik honat Euskal Herrian bizi gara. Larresoroko (Lapurdi) eskola elebidunean sartu genituen haurrak, eta segidan Biga Bai elkartean inplikatzen hasi nintzen, nahi bainuen euskarazko irakaskuntzaren gaia barnetik ezagutu. Urte baten buruko, elkarteko lehendakaria joan zen, eta nik nuen hartu postua. Eta biziki zaila zela ere ohartu!
Zertan zitzaizun zaila?
Ikustea haurrak denbora erdiz klasean euskaraz ikasten, alimaleko aitzinamendua zitzaidan, jakinez guk zer bizi izana genuen, haur denboran. Baina gauzak karrakatu ondoan, fite ohartu nintzen, euskara eskolatik kanpo entzuten ere ez duten haurrendako, zein egoera berezia den, zaila ez errateko. Gure haurrek, adibidez, euskara ama-hizkuntza dute, eta betidanik entzuna izan dute. Baina besteak, ez dira errazki ari, nahiz-eta irakasleek sekulako lana egin. Ondorioz, haurrak handituz bezala, eta gauza “seriosak” ere hasten baitira (CP-an!), euskarazko irakaskuntza uzten dute.
Burasoek aurreiritzi anitz badute...
Bai, beldurtzen dira, eta sinpleenera jotzen dute: euskara utzi. Biga Baien borroka handiena da hori. Ardura antolatzen dira bilkurak, eskolak berak ez bada, Euskararen Erakunde Publikoak: aukera da, guretako, gure esperientziaren azaltzeko, eta bazterren lasaitzeko. Euskara ez dela traba bat, sekulako aberastasuna baizik.
Murgiltze-ereduaren alde agertu izan zara, publikoki: Biga Baien baitan ideia hori garatzea, zaila izan ote da?
Ez: fite ados agertu gara ideia horren inguruan. Ikusiz, gainera, ama-eskoletako esperientziek zer ondorio ekarri duten. Irakasleak lehenak izan dira murgiltzea baikorki ebaluatzen, eta erraten zentzu horretan aitzinatu behar zela, eskola publikoetan ere bai. Gero-eta esperientzia gehiago eginen da, ama-eskolan, legeak hor arte baimentzen baitigu murgiltze-ereduan ariztea.
Ez duzu zure burua sekula Seaskan irudikatu?
Haur gehiena Xalbador kolegioan da, ikastolan. Biderik egokiena agertu zaigu. Eskola elebidunak arrakasta handia du, biziki inportantea da, eta lagundu behar da. Baina egia da, kolegioaren heinean, murgiltzeak baduela beste dimentsio bat. Enetako, arrunt koherentea da ikasketak osoki euskaraz egitea, eta ikastola urrats ebidente bezala agertu zaigu.
Anitzetan, euskarazko materiala-eskasia azpimarratua da: Bilketa proiektuak hutsune hori nahiko luke bete?
Hutsunea ez da baitezpada materialean, baizik-eta materiala hori agerian ematean. Hori da Bilketaren xede nagusia: anitz egiten den hori, jendearen eskura jartzea. Zernahi dokumentazio bada, ondare bat osatzen duena, jakitate-iturria dena, baina barreiatua dena. Eta batzuetan, toki ezezagunetan dena, edo egitura desberdinetan. Horregatik ere, ez zaigu hainbeste ezagun Euskal Herriko eta euskarazko dokumentazioa. Aspaldidanik sortua zen bide hori errazteko asmoa, beharra, eta orain da jin horren gauzatzeko tenorea. Gaurko tresnek ere, anitz lagundu dute gauzen katalogatzen, eskuragarri bilakarazten. Beste kezka izanki, batez ere liburutegi publikoen arduradunen baitan, gaur egungo euskarazko ekoizpena, haurrena gehienik, nola egin erakargarri publikoari. Jadanik erakusteak zenbat ekoiztua den euskaraz, anitz lagunduko du hainbat aurreiritzi erorarazten.
Zer da, prestigio kontua?
Ez bakarrik. Interesa handia da Euskal Herriko gaietaz gehiago jakiteko. Baina ohartzen gara euskaraz irakurtzea, beste etapa bat dela. Bada alfabetatze-istorio bat, usaia-afera ere bai. Euskaraz irakurtzea, gauza marginala dela ohartzen gara, liburutegietan. Publikoa lagundu behar da. Haurrei buruz anitz egiten da, baina, hor ere, adin batetik goiti, uzten den gauza da.
Euskarari soilik lotua den kezka da?
Ez: edozein hizkuntzetan, liburuak irakurtzea neke bilakatzen da, handituz bezala. Nahiago da pantailetan irakurri, baina hor ere, ez baitezpada liburuak.
Libururik irakurtzen ez den dinamika horretan, zertan da garrantzitsua idatzizko ondare bat ukaitea?
Gauza batzuk finkaturik atxikitzen ditu. Nik uste gure identitate kolektiboaren zati bat hor gordetzen dela, Euskal gauzaz den jakitatea ere hor dela, eta ezagutu behar dugula, gaurko egunean ere kolektiboki eraiki nahi baldin badugu. Eta, ondarea, inspirazio-iturri ere izan daiteke, sortu nahi duenarendako. Oinarri sendoak eskaintzen ditu Bilketak, batez ere itogarri izan daitekeen informazio-meta batean, gauzak argira emanez. Horretarako ere ditugu arlo zehatzak erregularki azpimarratuko: hor, adibidez, pastoralari buruzko erakusketa birtuala aitzinean emana dugu. Atari bat da, gai zabal horretan sartzeko gogoa emateko, eta gure ondarea hobeki ezagutzeko. Ikustea, adibidez, beti aldatuz, eztabaidatuz eta egokituz doan zerbait dela, eta guri doakigula horri segida baten ematea, gaur balio zaigun filosofia bat bilatuz. Ondarea, beti mugimenduan den ekaia da, azkenean, eta hori erakusteak, badu bere inportantzia. Pedagogiak sekulako garrantzia ukan beharko du, funtsean, proiektu honetan.
Bilketa frantses-egitura gorenek lagundu dute: nola hartu dute egitasmoa?
Ontsa. Ni misio-kargudun gisa sartu nintzelarik, jadanik bazen azpiegitura bat, lurralde kontratuaren baitan. Bordeletik edo Parisetik, horrelako ekimenak begi onez ikusten dituzte. Nik uste zerbait bizi sentitu dutela. Eta, lokalki, Ipar Euskal Herrian, ekintza kolektibo bat. Hori ez balitz izan muinean, ez dakit proiektua zertan izanen zen. Horretan ere dut azpimarratu nahi gure liburutegien inplikazioa. Hori da urrunetik sendi, eta, aldi berean, proiektuaren zimendua.
Bilketa, frantses instituzio bat da?
Nik erran nezake euskal zerbait dela, baina egia da frantses egiturek dutela proiektua lagundu, diruz eta beste. Frantziako Liburutegi Nazionala nola inplikatu den, harrigarria izan da. Beraz Bilketa, frantses egiturek dute jasaiten, bai. Salbu Euskaltzaindia proiektuaren barne dela, hastapenetik. Eta tokiko hautetsiek berek galdegiten dutela Hego Euskal Herriarekin noiz dugun lotura egiten.
Beraz, noiz?
Jadanik alimaleko lana bazen egiteko Iparraldean: Hegoaldekoa jinen da. Hozka bat pasatua dugu: Bilketa hor da, martxa onean dabila, eta Donostiarekin eta Bilborekin hasiko gara loturen egiten. Proiektuak oihartzun handia ukan du han, eta borondatea bada zerbait elkarrekin eraikitzeko. Xehetasun teknikoak orain ditugu ikusiko.
Ez zaizue bururatu Bilketa auto-eraikuntzan altxatzea, Villabonako (Gipuzkoa) Mintzola baten gisan?
Pentsatua izan dute hastapen-hastapenean, baina fite konplikatuegia agertu zitzaien. Aukera ederra ukan dugu egina izan den moduan gauzen eraikitzeko, eta hor dugu Bilketa, den bezala. Mintzola baitan den Xenpelar dokumentazio-zentroarekin lotura konkretuak baditugu, eta bide onean doa bien arteko elkarlana.
Picassoren Gernika Euskal Herrira itzularazi beharrez dabiltza, Hegoaldean. Bilketak gauzak fisikoki aldaraziko ote ditu, bere arloan?
Ez. Ilusio bat da pentsatzea eraikuntza bat altxatuko dugula, eta barnean gure ondare guzia sartuko dela. Bilketak ez du, hasteko, horretan eraginen. Eta ez dakit, funtsean, horrek zer konponduko lukeen. Denok dakigun bezala, Frantziako Liburutegi Nazionalak du oraindik esistitzen den euskaraz inprimatu lehen liburuaren ale bakarra: Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae. Artetik errateko, sekulako euskal funtsa badute, Abadiako Antonena barne. Eta horrelako dokumentu arraroak, badira Europa osoan gaindi. Dokumentuak dauden egiturak dira horien jabe, eta hor, gauzak aldarazi nahiko bagenitu, eremu korapilatsuan sartuko ginateke. Aldiz, Bilketa bezalako tresna bati esker, gauzak bertan numerizatu, eta erraz kontsulta daitezke altxorrak ere bai.
Ez dugu, beraz, Etxepareren liburua Euskal Herrira ekarraraziko...
Nekez. Eta biziki sinbolikoa litzateke.
Kasik debaldea?
Ez dut uste egin daitekeenik ere. Parisen biziki ontsa zaindu duten dokumentua da, gainera: desagertua ere izan zitekeen. Ez gara ohartzen zer xantza dugun 1545eko liburu bat hain estatu onean ukaitea. Badakite, han ere, zer balioko altxorra duten eskutan. Artean, guk egin dezakegun lana betea dugu, ondarea ahal bezala josiz. Indar gehiago eman nezake, gauzak fisikoki aldatzen baino, gure haur eta gazteak gure ondareaz interesarazten. Ez badute libururik irakurtzen ere, Interneten dabiltza, geldi-geldia, eta nik uste bide horretan badugula zerbait egiteko, Bilketatik hasiz. Euskal Kultur Erakundearekin eta Ikas zentroarekin, mediazio sailean, badugu lan zoragarriaren mentura, etorkizun hurbilean.