Manex Fuchs

Manex Fuchs

"Zailtasunean, bortxaz gauza onak sortzen dira jendeen artean"

  • LaukitikAt
  • 2018-08-23
  • Hizkuntza: Euskara

Manex Fuchs (Larzabale, Baxenabarre, 1975) euskal aktorea da. Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldean luzaz egon ondoren, Ximun anaiarekin batera (aktore-taula zuzendari), bi erronka berri dituzte orain jomugan: antzezlanak euskaraz sortzea eta euskal zinema lau haizetara hedatzea.

Fuchs izenaren atzean, bi anaien izenak datozkigu ahora. Manex eta Ximun antzoki batean sortu dira?

Gauza da nire anaiarekin, ibilbide komuna hartu dugula. Hurbiletik ezagutzen gaituztenek aldiz badakite ikuspuntu kontrajarriak ditugula maila askotan; baina jarrera kontrajarriak izanik ere izugarri osagarriak direla uste dut... Amaren biberoian edo aitaren sukaldaritzan zerbait berezi izanen ote zen, bada agian horretarik zerbait; baina uste dut ere halabehar zerbaitek bultzatu gaituela anaien artean guzti horren muntatzera, gauzak gure manerara kontatzeko behar ezinbesteko bat. Uste dut lotua dela bizi izan dugun garai berezi horri. Gu ikastoletan handitu gara, ikastolak sortzen eta garatzen ziren garaian. Erronka handia zen, dena egitekoa zen, dena ustez inposiblea eta aldi berean irudimen eta bizi indar ikaragarri batekin egituratzen joan diren hainbat ekimen… Barne horretan handitzean eta aldi berean aski bortitza izan zitekeen garai batean. Izan ere gauza bortitzak bizi izan genituen garaiak ziren maila askotan, antzerkia tresna eraginkorra zen guretzat guzti hori ateratzeko. Burasoak militanteak izan dira eta gu giro horretan hezi gara. Militantziak bortxaz irudimena dakar, modu zabalean. Gurean dimentsio artistikoa hartu du.

Elkarrizketaren bideoa

Euskararen aldeko militantziak Axut! egitera eraman zaituzte orain...

AXUT! kolektiboa antzerkia euskaraz sortzeko tresna bat da. Sinpleki erraiteko euskaraz egin eta eragiteko. Bi gara kolektiboan anaia eta biok. Helburua da gure antzerkia sortzea tresna horren bidez eta gerora ere beste batzuen sorkuntzak laguntzea. "Axut" iparraldeko hitza da, gibelean desafio, pario zerbait baduena. Garai batean ostalariak herriko plazara etortzen ziren eguerdian helburu argi batekin: horien ostatua betetzea mezatik landa. Dirutza bat mahai gainean jarriz geroz, bazekiten gazte batzuk altxatuko zirela eta Axut erratearekin batera, dirutza erronka harturik alimaleko pilota partida eskainiko zutela. Guk ere, alimaleko partida egiteko asmoa dugu.

Gure arteko erronkan, euskaraz sortzeko desafioa hartu dugu, euskara hutsean, nonbait, hori ezinezkoa dela erraiten zaigunean hain zuzen ere. 

Anaia eta biok momentu berezi bat bizi dugu; 40 urte pasa ditugu eta bizitza zinta dantzan bezala ikusiz geroz, (dantza horretan, dantzariak zinta bat eskuan, mastan baten inguruan itzulikatzen dira, zintak masta gainean gurutzatuz puntaraino iritsi arte eta gero bestaldera hasten dira, zintak askatuz) gu zinta beste aldera askatzen den momentu horretan gara orain, preseski, bizia askatze parte batean sartzen den horretan. Gure arteko erronkan, euskaraz sortzeko desafioa hartu dugu, euskara hutsean, nonbait, hori ezinezkoa dela erraiten zaigunean hain zuzen ere. 

Duela gutxi prentsan eta batzuen ahotan ere entzun dugu ez dela posible euskara hutsezko antzerki bat Baionako antzokian ikustea zeren eta euskal antzerkiak ez omen du mailarik. Beste aitzakia batzuk ere entzun ditugu. Baionako antzokian erran digute onartuko gaituztela baldin eta itzulpen bat jartzen badugu taula gainean. Irringarria da oroitzea Baionako antzokian euskara hutsean eman den azken antzezlana, 1968an zela "Matalaz" Piarres Larzabalek idatzia eta Roger Idiart apaizak eta Telesforo de Monzon-ek zuzendua! 50 urte! Horrek biziki urrun eramaten gaitu, orduan guk diogu Axut! Ez dela posible? Ba, guk eginen dugu orduan!

Oihal atzean zein taula gainean, bidegabekeriak agertzeko tresna duzue irudimena ?

Egia, saiatzen gara antzerki ala zinema bat egiten non gure gizartearen ezaugarriak eta bizipenak islatzen diren. Zernahi gisaz artista edo sortzaile gisa, gure helburua da gure jendearen bizipenak ekartzea, angelu batekin. Egia da izugarri interesatu girela gure ibilbidean zehar lanari lotuak diren tematika batzuei. Lana erraitean, zentzu zabalean diot, alegia lanaren bitartez kontatzen dugu edonoren erronka, garapenenerako, askapenerako edota esklabotzarako bidea zabaltzen duen gauza hori, ez bakarrik dirua dakarrena. Christophe Dejours izeneko frantses ikerlari batek dio, lanean, egin beharra duzula batetik eta lan hori nola egin behar duzun azaltzen dizuna. Normalean hori beti inposiblea da; ezin da sekulan egin eskatzen dizutena erakusten dizuten bidea aplikatuz bakarrik. Hori dena posible izateko, zuk beste parte bat gehitu behar duzu, aktibitatea deitzen dudana, nonbaiten, inposible den gauza hori lortzeko norberak martxan jarri behar duen gauza hori, agian emaitza pixka bat ezberdinarekin, baina biziduna. Horrek guri herrialde oso bat irekitzen digu eta aldiro saiatzen gara, gure herri horretan. Herria, "h" txiki batekin idatzi daiteke, izan ere beti txikitik saiatzen gara gauzak kontatzen.

© LaukitikAt (ICB | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (ICB | cc-by-sa-nc)

Nola hasten da antzezlan baten sortze prozesua?

Jean Gabin frantses aktore ezagunak beti erraiten zuen filma on baten egiteko hiru gauza beharrezkoak zirela: istorio on bat, istorio on bat eta istorio on bat. Gure ideiak hortik abiatzen dira edo horren bila bederen.

Erran dezakegu garai hauek zailak direla kultura munduan. Egoera zailetan, kulturatik kentzen da dirua lehenik. Aldi berean, badakigu esperientziaz garai oso beroak izan daitezkeela sortzaileentzat, krisirik potoloenetan, artistek, haien aktibitatearen parte hori martxan jartzeko gaitasuna dute.

Askotan ideia xume batetik abiatzen gara edo kontakizun baten hastapenetik, ingurugiro batetik. Gero zerk ematen dio abiapuntua? Bah... Mikelen istorioa dela Jasonerekin biltzen dena eta hortik abiatzen den konfliktoa, oso zentzu zabalean, Izan ere maitasun istorio bat konflikto bat izan daiteke gure ikuspuntutik. Hola hasten gira…

Gero taldean egiten dugu lan, batek istorio bat mahai gainean jartzen du eta besteek egiten dute "frontoi lana" deitzen duguna, alegia pilota bota eta batek paretaren lana egiten du pilota nora doan ikusteko. Horri esker saiatzen gira duda guztiak baztertzen bide bat atzemateko.

Garai zailak dira artearentzat eta artistentzat? 

Erran dezakegu garai hauek zailak direla kultura munduan, eta artistentzat oro har, egoera zaila delako ekonomikoki, politikoki. Eta kasu horietan kulturatik kentzen da dirua lehen lehenik, horrek ondorio zehatzak dituelarik.

Hori da egoera hotza. Aldi berean, badakigu esperientziaz holako momentuak oso beroak izan daitezkeela sortzaileentzat, erran nahi dut krisirik potoloenetan, artistek, lehen aipatu haien aktibitatearen parte hori martxan jartzeko gaitasuna dutela. Hain zuzen ere ezinezkoa lortzeko behar den hori, gure kasuan euskaraz sortzeko eta eragiteko gogo eta bizi hori lortzeko. Horretarik ateratzen dira aberastasun ustekabekoak.

Elkarlana ere funtsezkoa zaizue...

Azken hamarkadan lan anitz egin dugu Ander Lipusekin eta haren inguruan lan egiten duten Artedrama eta Dejabu panpin laborategiko jendearekin. Gure helburua da Euskal Herri osoko aktoreak juntatzea sorkuntza batean, gero herriz herri zazpi probintzietan bira egiteko. Guretzat horrela lan egitea baitezpadakoa da. Errango nuke gure lanbideak berez elkarlan hori suposatzen duela; antzerkia ez da aktibitate pertsonal bat. Nik aipatzen dudan antzerkiaren funtsak, herriari, herrigintzari kasik loturikoak, talde lana, partaidetzak sortzea suposatzen du.

Euskaldun izateak salgarria den karta bat dakar, xingarra zein antzerkia saltzeko. Baina euskaraz sortzeaz gain, gure bizitzan ehuneko ehunean kasik euskaraz bizi garela azaltzerakoan, irudikatzen ez zuten errealitate bat deskubritzen dute. Jauzi bat dago.

Hori dena egiten dugu ere, sorkuntza munduan berrikuntzarik ez litzatekeela existituko modelo ekonomiko berriak asmatu gabe. Partaidetza berriak sortzen ditugun heinean, modelo ekonomiko berriak sortzen goaz ere bai. Ez dut halako pretentsiorik, gauza konkretuak aipatzen ditut. Adibidez, 60 data egiteko nola egiten dugu? Zein sare hunkitzen dugu? Horiek hautuak dira, sorkuntza batetik bestera alda daitezkeenak. Batentzat sare ofizialengana joko dugu edo alderantziz «sasi sarea» deitzen dugun horretara joko dugu, alegia, gaztetxeetara edo beste antzokiak ez diren egitura ezberdinetara. Mila bide badira eta horiek hartzeko partaidetzak funtsezkoak dira.

Bidasoako zubia zeharkatzeko joera hori orokortzen ari dela uste duzu?

Oro har erran nezake euskaldunak kontrabandista girela aspalditik eta mugaren oztopoak usu gure alde bihurtzen ditugula. Izpiritu hura gabe uste dut ez ginatekeela hor egongo. Sorkuntza artistikoan edo behintzat nik ezagutzen ditudan eremuetan, ikusten da joera hori gora doala pixka bat, alegia partaidetza gehiago sortzeko asmoa dagoela. Beste maila batzuetan, politikoan adibidez, uste dut xantier ikaragarria dagoela, eta politika mailan adibidez erronka potoloagoak hartzeko momentuan, ausardia gutxi, axut gutxi ikusten dut.

© LaukitikAt (ICB | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (ICB | cc-by-sa-nc)

Frantziako artista andanarekin lan egin duzu. Nola ikusten dute euskaraz lan egitea?

Euskaldunak aipatzean edo gu ikustean, badute halako interes bat zeren euskaldun izate horrek salgarria den karta bat dakar, bai xingarra zein antzerkia saltzeko baita. Baina euskaraz sortzeaz gain, gure bizitza intimoan ehuneko ehunean kasik euskaraz bizi garela azaltzerakoan, irudikatzen ez zuten errealitate bat deskubritzen dute. Jauzi bat dago. Orduan interesa dago eta aldi berean ezjakintasun handia ere. Eta hor gure eremua babesteko momentuan, alimaleko indarrak egin behar ditugu, haiek gu definitzeko erabiltzen dituzten hitzen gainetik pasatzeko, alegia, komunitaristak… Erraiten digute komunitarismotik ari girela gure euskal antzerkia defendatzerakoan eta guk diogu, zer pena, komunitarismoa garrantzitsua da, funtsezkoa erran nezake. Zentzu horretan, aborigen gisa hartzen gaituzte pixka bat eta horrek baditu bere alde salgarriak eta baditu batez ere, aborigena gisa, sekulako abantailak; biziki ongi bizi gira, erran nahi dut ala beharrez guzti hori gainditzeko martxan jartzen dugun bizia, indarra. Zailtasunean, bortxaz gauza onak sortzen dira jendeen artean, horrek biziarazten gaitu…

Antzokiak txiki gelditu eta zinemara jauzia egiten duzue orain...

Antzerkitik landa, ez dakit luzapen bat den baina berriz ere uste dut segida aski landua dela gure ibilbidean. Orain lehen tresnak sortu ditugula zinema egiteko, gure aktibitatearen arlo garrantzitsu bat izanen da, berriz ere aukera ikaragarria ematen digulako zinemak. Tresnak sortzea funtsezkoa da, zure lanaren tresna zurea izatea are garrantzitsuagoa. Herri honen militantismoaren esperientziaren ondorio zerbait izanen da agian, baina beharrezkoa genuen gure tresna sortzea, Gastibeltza Filmak alegia.

Zure helburua bada bestea bezain ongi egiten dakizula erakustea, normalean lortzen duzuna da, kasik bestea bezain ongi egitea. Gainera zurea den nortasun hori galtzen duzu bide horretan. Horretan dugu arazoa. 

Bost gira: Katti Pochelu, Zinegin festibalean ari dena eta orain gure egitura berriaren langile dena baita; Josu Martinez hor dugu ere, dokumental andanaren egilea eta labur zein luze metraiak egiteko gogoa eta ausardia duena, Eñaut Castagnet gure lehengusu zinegilea ere gurekin dago. Eta azkenik Ximun anaiak eta nik osatzen dugu boskotea.

Gastibeltza izena jada aski adierazgarria da. Marc Legasseri hartu diogu, zeinek Victor Hugoren olerki batetik hartu zion formula, jakinez Georges Brassens kantariak ere "Les carabines de Gastibeltza" delako kantua eman zuela. Kontatzen du euskaldunen ibilbide luze bat, Karlistekin hasi eta 70 hamarkadaraino luzatzen dena. Kontakizun epiko, umoretsu, gordina, eta aldi berean mundu osoa zeharkatzen duena Euskal Herrira itzultzeko, beti ere ezagutua ez den herri horren oso erakusle. Guretzat izen ezin hobea da egitura berri horrekin egin nahi duguna islatzeko.

© LaukitikAt (ICB | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (ICB | cc-by-sa-nc)

Saiatuko gira euskal zineari gure ekarpena egiten; adibidez, Hegoaldetik Iparraldera pasa nahi duten hainbat filma muga pasatzen laguntzea, ondorio konkretuekin legedia eta ekonomia mailetan. Alderantzizko norabidean ere hemendik hegoaldera joan nahi duten lanak lagundu nahi ditugu. Gure helburua da Euskal Herriari begira lanean aritzea eta hori baino harago, euskal sorkuntzak mundu zabalera eramateko pretentsio edo ausardia ere badugu, baita ere gurera ekartzea, munduan zehar, gu bezala, "txikitik" ari diren hainbat sortzaile.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko ondare immaterialaren gaia? Zer gorde behar da? Zer baztertu?

Lehen, lana aipatzen nuen eta horretan betebeharra dagoela batetik, metodo zehatz batekin eta bestetik aktibitatea; ondare immateriala aktibitate horren baitan kokatzen dut. Sortzeko eta kulturarako den diru gehiena erabiltzen da aipatutako egiturak, edo alde "materiala" hori iraun arazteko; beste partearentzat, immateriala eta nonbait "aktibitatea" dena, "sua" dei dezakeguna, horretarako gutxi gelditzen da finean. Hori egia da hemen zein ustez "garatuak" diren herri gehienetan.

Azken galdera bat asmatzekotan: Zer da euskaldunok euskaraz bizitzeko martxan jartzen duguna?

Gure burua horretan ikusten dut, su horretan. Eta gero bada su bazterra, ederki zaintzeko ordainduak diren hainbat jenderekin, funtseko eta beharrezko lana izan daitekeena ere, suaren ingurua zaintzeko. Gero, guzti hori nola antolatzen den?  Hor ikusmolde ezberdinak sortzen dira. Nire iritzia emateko, Euskal Herri honetan anitzetan su bazterra zaintzen dugula erakusteko, besteak bezain ongi egiteko gai garela agertzeko ahaleginetan, lortzen den gauza bakarra da, kasik besteak bezain ongi egiten dakigula, normalean lortzen duzuna da, kasik bestea bezain ongi egitea. Gainera zurea den nortasun hori galtzen duzu bide horretan.
Horretan dugu arazoa. Hain zuzen material horrek immaterialari askotan gehiegi mugatzen dio lekua.  

Azkenik, orain arte pausatu ez dudan galdera bati erantzuteko gogoa?

Galdera bat asmatzekotan: "Zer da euskaldunok euskaraz bizitzeko martxan jartzen duguna?"
Euskaldun zaharrak laster joanen zaizkigu eta alimaleko erronka datorkigu gainera. Ni erronka zale naiz eta Axut! diot berriz ere.

Nola eginen dugu euskaraz gure bizia asmatzeko, gure argota, idatziaren eta ahozkoaren arteko zabaltasun, ezberdintasun eta aberastasun guztia asmatzeko? Nola lortu bizi hori euskaraz, besteek inposatutako erreserbetan mugatuak egon gabe? Indianoen erreserbez ari naiz, izan ere horretara joan behar genuke, behintzat horretan saiatzen ari dira aspaldi honetan. Ez naiz gizon baikorra orokorrean, ez dut uste partida erraza dugunik; normalki galdu behar genuke... 
Baina berriz ere euskaldun gisa hor da interesgarria bilakatzen, normalki partida galdua dugu... 
Partida interesgarria izanen da beraz!!

Elkarrizketa gehiago

Elsa Oliarj-Inès

Elsa Oliarj-Inès

"Trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu"

Kattalin Sallaberry

Kattalin Sallaberry

"Niri pena ematen dit herrietako antzerki klasikorik ez dela gehiago"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Jokin Etcheverria

Jokin Etcheverria

"Zinema ez da bakarrik filma bat egitea, atzean gauza asko dira"

Elkarrizketa gehiago