Maindi Murua, Bixente Luku

Maindi Murua, Bixente Luku

''Xapelketaren aitzakiz elkartzen gira''

  • EKE
  • 2010-11-02
  • Hizkuntza: Euskara

Xi-La-Ba, Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nabarreko Bertsulari Xapelketaren finala 2010eko azaroaren 13an iragan zen Donibane Lohizunen. Maindi Murua (1989, Azkaine, Lapurdi) eta Bixente Luku (1992, Donibane Garazi, Baxe Nabarre) bertsulariak, lehiaketa horren kanporaketetan aritu dira, lehen aldiz.

Ikasle gazteak

Maindi Murua: Azkaindarra naiz, 21 urte ditut. Arkitektura ikasten dut Bordalen eta aurten Donostian naiz, Erasmus gisa.

Bixente Luku: Ni Donibane Garazikoa naiz, 18 urte ditut. Batxilergoa pasa dut eta orai elektronika ikasten ari naiz Bordalen.

Noiz eta nola sartu zirezte bertsugintzan?

B.: Ikastolan hasi nintzen, lehen mailan. Astero bi orduko kurtsoak bagenituen. Mattin ene anaiarekin maite genuen eta beste lagun bat ere gustora ari zen. Nahi genuen bertsu eskola batean hasi. Ez zen Garazin bertsu eskolarik. Karlos Aizpurua erakasleak erran zigun sortuko zuela bat, motibatuak baldin baginen. Hamar bat bildu ginen. Gutik segitu zuten baina hola hasi ginen.

M.: Modu berdinean hasi dut bertsularitza, ikastolan. Hasieran, Ernest Alkhat (1951, 2008) nuen erakasle eta ondoko urteetan Karlos Aizpurua. Donibane Lohizuneko ikastolan bertsu eskola bat ideki zen eta izena eman nuen.
Zortzi urtez segidan bertsu udalekuetara joan naiz. 18 urte bete ditudanetik, ezin naiz gehiago joan izena emanez, beraz begirale egiten dut.

B.: nik ere hiruzpalau udaleku egin ditut. Baziren bestalde apirilean bertsu topaketak: parrasta bat egin ditut.

Etxeko bertsu giroaren eragina

M.: Nere hautuan, bertsutan hasterakoan, behar bada inkontzienteki eragin bat izan du. Baina, gurasoek ez zidaten erran: "Eman zure izena". Nik ikusi nuen bertsu eskola eta izena eman nuen.

Aita bertsuzalea dut, amari ere gustatzen zaio. Oroitzen naiz ttikitan kazeta bat Andoni Egañaren bertsuekin entzuten ginuela autoan. Ez nituen ulertzen baina buruz banekizkien. Ene bi anaiak (Xumai eta Ortzi) bertsutan ari dira. Noiznahi, zerbait kantatzen dugularik, komentatzen dugu eta orai preziatzen dut etxean bertsuzaleak izaitea.

B.: Ene anaia Mattin bertsularia da ere. Ez gira etxean ari baina bai festetan, lagunekin. Bertsu eskolan hasi ginelarik, beharrik Mattin hor zela, biak betan hartu baitugu erabakia. Bi izanik, errexago da.

 

Iparraldeko Bertsulari Xapelketako Sarako kanporaketa

 

Zertako onartu duzue xapelketan parte hartzea?

B.: Adin bereko beste lagunekin hautatu genuen parte hartzea zeren 2008ko edizioan zaudenetarik anitzek utzi baizuten. Guti izanen ginen ez baginen ari izan, ez baitira mila bertsulari Iparraldean. Nahi genuen xapelketa izan zadin eta ikusi guretzat nola izango zen.

M.: Bertsularitza utzi nuen Bordalera ikastera joan nintzenean. Duela bi urte, Iparraldeko Bertsulari Xapelketan, ez nuen parte hartu baina urrun xamarretik segitu nuen. Egia da biziki polita dela xapelketa segitzea. Entzule gisa anitz gozatzen dut. Aurten justuki, ohartzea xapelketan parte hartuz zerbait ekartzen ahal niola, zergatik ez? Bertsutan berriz hasteko falta zitzaidan aitzakia zen. Aipatu zidatenean, ez nakien oraindik Donostira heldu nintzen edo ez. Jakin bezain laster, izena eman nuen.

Nola kudeatzen duzue lehiaketaren presioa?

M.: Nik ez dut kudeatzen. Ttikitatik bertsu txapelketan parte hartzeak anitz lagundu nau beste gauzentzat. Antzerkia egin izan dudalarik edo ikastolan mintzatu behar delarik, ez naiz gehiago beldurtzen.
Baina bertsutan, eszenara igo eta beti gaizki pasatzen dut. Uste dut ez dela urduritasun hori beste inon atxematen ahal.

B.: Bertsularitza definitzen baldin badugu, eszena gainera joan eta ez dakizu zer kantatuko duzun. Gai bat emana zauzu eta behar duzu zerbait asmatu. Estresa mailan, ez da parekorik. Hori baliagarri da beste arlotan. Edozein etsamina edo ahozkoa pasatzen duzularik, trankil zira, baitakizu zailagokoa gainditu duzula.

Sarako saioa

M.: Atxeman dut orokorki bertsularien artean giroa biziki ona dela. Bertsulari zaharragoak izaitea biziki atsegina da eta gazteen artean giro on bat badugu. Dena den, talde bat gira, elkarrekin kantatu behar dugu. Elkar lagundu behar dugu. Bertsu munduan giro biziki ona da.

B.: Ene aldetik, ez nintzen izigarri kontent ene lanaz. Zaharragoekin kantatzeak ez nau sobera trabatu zeren xapelketan ari izan direnekin jadanik kantatua nuen. Presio gutiago ukaiteko, entseiatu naiz beste saio bat bezala hartzea, xapelketa ez balitz bezala. Ez da beti errex.
Gehiago gozatzen dut eta aise nahiago dut festetan edo bertsu afari batean, epailerik gabe.

Xapelketa beharrezkoa ote da bertsulari ibilbidean?

B.: Nahi badu ofizioz bertsulari izan, segur beharrezkoa dela, izigarri mediatizatua baita, bere karrera bultzatzen ahal du. Pentsatzen dut hegoaldetik batzuk segitzen dutela. Hegoaldean lekua ukaiteko funtsezkoa da. Baina, ez baldin baduzu bertsulari izan nahi edo Iparraldean bakarrik, ez da beharrezkoa.

M.: Ados naiz Bixenterekin. Gero, ez da pentsatu behar bertsulari xapelketak zer ekartzen ahal digun pertsonalki bakarrik. Lapurdi, Baxe Nabarre eta Zuberoan xapelketa bat izaitea gauza ederra da, ikusteko zenbat giren. Elkartzeko aukera bat da. Xapelketaren aitzakiz zenbat bertsu eskola elkartzen diren eta mobilizatzen! Horrek sortzen duen mugimendua garrantzitsua da.

XXIgarren mende hastapenean, gazte eta bertsulari

M.: Nere ustez, bertsularitzak emana du pausua. Tradiziotik gaur egungo mundura biziki ongi egokitua da. Ahantzi gabe hala ere historian eta tradizioan diren ondasunak. Nik behintzat, ez dut lanik egin gaur egungo mundura bertsularitza egokitzen, jada egina dela iduritzen zait.

B.: Bertsutan entseiatzen gira heldu den bezala egiten. Horrek du ere bertsularitza gaurkotzen.

Pertsonalki zer ekartzen dizue bertsugintzak?

B.: Anitz preziatu dut bertsutan aritzea, beste arlotan estres guti baitut orai. Momentu goxoak pasatzen ditugu lagunekin. Kontent naiz bertsu eskolan ari izanik. Damutuko nintzen ez banu egin.
Ez dakit segituko dudan xapelketetan, baina lagunekin elkartzean bai segur. Saiatuko naiz Bordalen aritzea, han diren bertsulariekin.

M.: Bixentek zioen bezala, memento goxo anitz pasatzen ditut eta ezagutza bikainak Euskal Herri osoan zehar egin ditut bertsularitzari esker. Bestalde, sintetizatzen, gauzak labur erraten ikasi dit bertsularitzak.

Elkarrizketa gehiago

Sustrai Colina

Sustrai Colina

"Bertsolaritza bat-bateko lan bat da, baina atzetik elikatzea eskatzen dizu"

Maddi Ane Txoperena

Maddi Ane Txoperena

"Hedabideak ez dira komunikatzeko bakarrik, diskurtsoak, errealitate bat sortzeko gaitasuna ere badute"

Lierni Elortza

Lierni Elortza

"Txapelketan, perfekzio baten bila joanen dira bertsolariak"

J. Kurutxet, M. Goikoetxea, F. Bidaurreta

J. Kurutxet, M. Goikoetxea, F. Bidaurreta

"Euskal kultura hemen bizitzen genuen bezala dugu han proiektatu"

Elkarrizketa gehiago