Maika Etxekopar (1987, Gotaine-Irabarne, Xiberoa) antzerkilaria, kantaria eta musikaria da. Dantzan ere badaki. Amaren Alabak kantari taldean egin zen ezagun, eta, azken bi urteotan, Le Petit Théâtre de Pain tropan dabil, antzezle profesional bilakatzen. Dejabu eta Artedrama konpainiekin batera, Shakespearen obra ospetsuena eskaintzen dute azken hilabeteotan, Euskal Herriko txoko gehienetan: Hamlet, gaur eta hemen.
Ikusi behar zen antzerkilari gazte hura, igande arratsalde hartan, Ziburuko gela ilun batean, bere lana egin ondoan, publikoa agurtzen zuela: burua doi bat makurturik, baina begia pindarretan, inarrosiek inarrosirik, txaloz eta txaloz bazkatzen. Eta ikusi behar zen Maika Etxekopar, ondoko ostegun arratsalde hartan, Baionako karrika artean, burua xut eta begia ezti, ekialdeko haize hotzari xuxurlatzen geroa ez duela baitezpada antzerkian irudikatzen.
Neska xiberotar hori artista orojalea delako, behar bada. Ttipidanik, artegintzan murgildurik dabil: Mixel Etxekopar aita bardoarengandik, kantua jaso du, eta Nicole Lougarot ama buhamezaletik, dantza. Ez bide zuen eskapurik... “Ez zuten anbizio berezirik enetako. Ez idurian bezala transmititu dizkidate arte eta euskal mundua, goxoki. Aita denetan segitzen genuen, eta hura ikusiz ere elikatzen nintzen. Baina beste edozeinen gisako haurtzaroa iragan izanaren sentipena dut”. Bertzeak bertze, kirola tarteko, eta bereziki saskibaloia, “sakratua Gotainen”.
Hala ere, mundu berezi hura noizbait zama bilakatu zaiola aitortu du. Baina haustura hori ez da izan urruntzeko, baizik eta sakontzeko. “Banuen nihaurrek gozatzearen beharra. Nonbait, helduen mundua zitzaidan artea, eta nahi nuen maitatzen ikasi, praktikatuz. Orduan dut, adibidez, aitak egiten zuena kanpotik bezala ikusi lehen aldiz”. Eta Maikari hortxe jalgi zitzaizkion lehen Haur Kantu Txapelketak, oholtza-gaineko lehen zaporeak. Hor ere, “goxoan, presiorik gabe”, aitaren eskutik.
Zamarik aspergarriena, behar bada, eskola... “Arrunt ikasle prestua nintzen, ez batere errebelde! Baina enoatzen nintzen, bai, eta, urteak joanez bezala, armadaren gisa bizitzen nuen hori dena”. Arte-gosez, Orthezeko lizeora joateko hautua egin zuen, antzerkiak toki eta oren anitz baitzituen han, nahiz eta frantsesez izan. “Euskaldun bakarra nintzen, eta beste mundu bat deskubritu nuen. Biarnesek beren hizkuntza arrailerian baizik ez zuten erabiltzen, ez batere guk bezala. Geroztik, lagun batzuk ikusi ditut atxikimendu eta kezka gehiago erakusten, haien kulturarekiko”.
Bitartean, Xiberoan Amaren Alabak sortu zuten, Jean Mixel Bedaxagarrek galdeginik, 2004ko AndereGatik ikusgarrirako. Sei neska gazte-gazte haiek, beren probintziaz gain, Euskal Herri osoa zuten inarrosi. Beltzez jantzirik, ttottoen gainetik, arrakastaren eskutik, plazaz-plaza baitziren ibili. “Amaren Alabakekin handitu gara. Hastapenean, aita-amekin ibiltzen ginen denetan... Gero, gutarik batek gidabaimena ukan, eta bazterrak gure alde korritzen hasi ginen! Zinez, bertze gaztek bizi izan ez duten zerbait izan da”. Hainbat ikusgarri, bi disko eta Gartxot bat berantago, gauzak doi bat aldatu dira, bizitza dela medio: Xiberotik urruntzea, ikasketengatik lehenik, eta lanagatik gero. “Beste erritmo bat izan da guretako, baina elkarrekin jarraitzen dugu, elkarri atxikirik, kantua zementu zinez sendoa izanik”.
Sei nesketatik, Maika da bakarra Xiberoan bizi, gaur egun. “Baina lanagatik, nihaur ere, usu naiz etxetik kanpo”. Toulouse eta Paris hirietatik pasaturik, ikasketetarako, Le Petit Théâtre de Pain (PTDP) konpainian antzerkilari gaur, sorterria gozatzeko aukerak urrituz joan zaizkio, bertako hainbat gazteei bezala. “Errealitate hori bada. Baina nik gustukoak ditut trankiltasun eta melankolia horiek. Eta, Xiberoan, lurra behar da gozatzeko: sosak eraiki ez duen zerbait eskaintzen du. Hirian bezala bizitzea han, nonbait hipokrisia zait. Ez dakit ez ote zaion makur gehiago egiten horrela, halako bizi artifiziala emanez”.
Zentzua eman egiten denari, horrek bai kezka iduri duela Maikarentzat. Iragan urtean muntatu Ederlezi pastoralak horretan du hunkitu, funtsean. “Pastorala klasikoaren ondoan, ez da alimaleko zerbait izan; ez du herri oso bat parte-harrarazi, baina buhameen gaia sakon aipatu du. Xiberoan ontsa hartu dute, gai horretaz zerbait zabaldu du. Eta, oroz gainetik, sorkuntza bat izan da. Hori funtsezkoa zait: formaz futitzen naiz”. Gisa bereko pastorala alternatibaren – nolazbait kalifikatzeko – prestatzen ari dira, Eleanor izenekoa. Pastorala klasikoa, berriz, “emazte xahar eta obesoa” zaio neska gazteari. “So egiten diot eta, anitz gauzaren azpian, maite dudan zerbait aurkitzen dut. Hori bai: arintzen ahal balitz...”. Pastorala, bizirik baino gehiago, indartsu ikusten du, eta baluke istorio bat, liburu jakin bat, egokitzeko asmoa. Emazte bat pastorala idazle. Egun batez, noizbait.
Ez orain, hasteko. Azken urte parean, Maika ez baita alfer egon, batez ere PTDP antzerki tropan. Taldeko gazteena, jin berria, bere zalantza eta konplexu guziekin. “Biziki fite iragan da dena, harrera bikaina ukan eta, berehala murgildua izan naiz. Oro taldelanean oinarritua da, aholkuak, oharrak; ausartzea, eta tronpatzen ikastea ere bai”. Hala ere, oraindik zerbait eskas hauteman du, bere baitan. “Anitz intuizioz ari naiz. Bertzeek duten tresna-kutxaren ondoan, enea hutsa sentitzen dut. Espazioa okupatzea, gorputza libreago izatea, pieza bera 80 aldiren buruan fresko jarraitzea... Arriskuak hartzeko urrats hori ematekoa dut, oraindik. Eskoletan ere, berehala hasi naiz tailerrak ematen, baina gehiena senaz egin dut, nahiz eta jantziago izan orain”.
Pentsatzen du kantuan trebe eta ikasia izatea gehigarri bat izan zaiola, konpainian hain fite sartu ahal izateko. Eta euskalduna izatea ere bai. Cabaret eta Le Siphon antzezlanen ondotik, Hamlet, gaur eta hemen obran dabil azken hilabeteotan. Bitxi bada ere, euskarazko lehen pieza du Maikak. Hor ere, konplizitate handiko taldea aurkitu du. “Errautsak halako déclic bat izan zen PTDP, Artedrama eta Dejabu konpainien artean: zubi hark bide berri bat zabaldu zien”. Ordura arte, bakoitza bere txokoan ari baitzen, Iparraldekoak iparrean, Hegoaldekoak hegoan, muga ederki zizelkaturik, buruetan lehenik. Elkar ez ulertzearen beldur hura. Azken hiru urteotan, haatik, trukaketak eta elkarlanak sistematizatu dira. Hiruen arteko ezkontza horren sortu berria, beraz, Hamlet izan da.
Shakespearen obra mitikoa gaur eta hemen egokitzeko apostua egin dute. Xabier Mendigurenen luma oparoa izan da hautatua, lana euskaratzeko. “Nahiz eta 1602ko obra izan, antzerki gazte eta bizigarria egitea lortu dugu. Etengabeko joan-jinak izan dira antzezleen artean, baita taldearen eta idazlearen artean. Gure Hamlet, oholtzatik ere sortu da. Inprobisazioek indar handia dute gure egiteko maneran, antzerkilari bakoitzak rol bakoitza entseatu du, eta gero, Ximun Fuchs zuzendariak ukan du azken hitza, gu den-denak ikusi eta aztertu ondoan”.
Sei oreneko jatorrizko obratik, oren bat eta erdi atxiki dute. “Indarra jokoan emanez, eta ideia filosofikoetan ardaztuz, zerbait lortu da”. Ekintzaren aitzinean, dudak eta zalantzak nola jalgitzen diren erakustea, aitaren mamuak gazte kementsuena ere nola jarrai dezakeen. “Azkenean, gure buruari gezurretan eta iruzur egitea saihestea zein zaila denaren fatalitatea”. Historian zehar, hainbat egokitzapen ukanik ere, izpiritu berdintsuko euskal antzerkilariek bat egin dute Hamlet monumentuari lotzeko tenorean. “Badira pasarte anitzak, aski estremistak: edo biziki dinamikoak, edo arrunt geldoak. Bortitzak, irringarriak bezain urratzaileak. Taula gainetik, publikoa inarrosirik sentitzen dugu. Eta harekin mintzatzean ere bai”. Nahiz eta batzuk zalantzak erakutsi, egin diren hautuekiko. To be, or not to be.
Ikuslearekiko konplizitatea ahal bezain urrun eraman nahi izan dute. “Antzerkiaren barne da, gure kide da. Horregatik ere, zaila izanen zitzaigun, sekula norbaitek galdegin baligu, erdarazko azpititularrak ematea. Pasarte dinamikoegiak badira horretarako. Eta, funtsean, euskaldunok ere behar ditugu horrelako mementoak gure hizkuntzan iragan, gure kodigo eta berezitasunekin. Guk, behintzat, sentitzen dugu behar hori, bai antzezle gisa, bai eta ikuslegoaren partetik ere”. Euskararen eta euskal kulturaren toki hegemonikoen behar gorria, gaur eta bihar, hemen. “Landu dugularik ere, biziki aberasgarri izan da, osoki euskaraz izan baita, eta laneko hizkuntza bat ere bilakatu baita, hitz tekniko berriak ezagutuz, adibidez. Nahiz eta euskara batua zinez arrotza izan enetako; behar bada frantsesa baino arraroago”.
Euskal antzerkian bide bat urratzen ari denaren sentipena. “Sare bat osatzen ari da euskal antzerki profesionalean. Funtsezkoa da. Elkarrekin aritzeko gogoa, elkarrengandik ikastekoa... Hori bai dela irauteko bidea”. Baita amateurrei gogoa pizteko xedea ere. Funtsean, PTDPk ere euskarazko lanak lehenesten ditu Euskal Herrian. “Egia da Le Siphon, adibidez, bospasei aldiz baizik ez dela emanen hemen. Eta ez da baitezpada Hamleten zirkuitu berdina, baina inportantea da bide desberdinak biziaraztea”. Hamletek ere gelak ikuslez beteak aurkitu ditu. Dena den, horra euskal kultura berriz ere sen kolektiboak hauspoturik.
Eta, talde horren erdian, Maika Etxekopar. Txori bakartia, eta doi bat lausotua, etorkizunari begira. “Antzerkiak toki anitz eskatzen du, hartzen du. Fisikoki, baita buruan ere. Bertze batzuen azalean izatea, hori barneratzea. Egonaldietan ere, beti taldean izatea. Hori guzia, higagarri zait, nahiz eta zinez maite dudan lan hori, eta pertsona zoragarriekin aritu. Baina zaila zait horretan bizi-oreka bat aurkitzea. Horregatik, ez dut PTDPren hurraneko sorkuntzan parte hartuko”. Kontrabaxua eskuetan agertu da kantari, bakarrik, interneten. Ondoko urteak zirtzil, bufoi, edo bardo ikusten ote ditu? “Ez dakit zer den ene bidea. Denetarik pixka bat? Non eta ez dudan isiltzeko gogoa”. Behar bada bere burua lasaitzeko erraten ditu horrelakoak. Non eta ez den zinez ari. Nork daki? Antzerkia ez dea dena gezur? Baina nork erran zuen bakoitzak Hamlet bat baduela kukuturik, han nonbait, bere baitan?